"Hori da bidea"

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Campos Sagaseta 2016ko mar. 15a, 15:51

"Planifikatzea, lehentasunak jartzea eta gauzatzea. Hori da bidea". Eta hori da Azpeitiko EAJk Azkoitiko udala bezala artaldera itzuli direnentzat aldarrikatzen duen errezeta. Azpeitiko EAJko hautagai zorigaitzeko eta, okerrago dena, botorik gabea, izan da Aitor Gorrotxategi azken bi hauteskunde kanpainetan. Orain zorionerako arrazoi iruditu zaio Azkoitian EAJko Udalak proiektu zaharrak eta azpiegitura nahiz bizi kalitate hobea berreskuratu izana. Eta horretarako, EAJko hautagaiak dioenez, nahikoa da udalaren kudeaketan hiru aditz erabiltzea: planifikatu, lehentasunak jarri eta gauzatu.

Proposamen horrekin ia bat dator Azkoitian Bilduko Pello Baztarrikak lehenengo hiru urteetan eta Urrategi Alberdik hurrengo urtean alkate bezala gidatutako kudeaketa distiratsu eta aratza. Eta ia idatzi dut, badagoelako kontuan hartzekoa den desberdintasun bat. Izan ere, Bilduren ustez hiru aditz horiei deklinabide-kasu bat falta zaie: norekin.

Parte hartzeari buruz ari naiz, bai, herriarekin batera planifikatu, herriarekin orpoz orpo lehentasunak jarri, eta, azken batean, herri-komunitateak berak eginkizunak gauzatzeaz.

Hogeita hamar urte baino gehiagoz aritu dira herria subjektu pasibo otzan bihurtzen, osoko bilkurak goizeko lehen orduan ezarrita, herritarrei haietara joateko aukera ere ukatuz, eta gainera hedabide handien bitartez informazioa manipulatzen. Ez da erraza herritarrak inertzia hori inarrosi eta udala kudeatzen hastea. Eta Bilduko udal gobernuarentzat ez zen erraza izan aipatutako hiru aditzei zinez mingarria den laugarren bat eranstea: ordaintzea. Hainbat urtez milioika euroko zorra pilatuz dirua xahutzen aritu ondoren, Azkoitia zorpean utzi zuten, eta zorra ordaindu beharra zegoen. Bilduko gobernuak erdira jaitsi zuen zorra, herri-biziaren funtsezko atalik ukitu gabe.

Gorrotxategik dioenez, udal berriaren ekimenak "proiektu asko lo sakonetik ateratzeko balio izan du". Eta oraintxe dio, justizia epaitegietan gauzatutako proiektuak dauzkagun garai honetan: plan-egile trebe batzuk milioidun bihurtu zituzten zabortegiak, orain beren onera datozenak, azkoitiar guztien poltsikotik euren gastu handiko kontuak ordaintzearekin mehatxu eginez; ez ditzagun aipa lurpean ezkutatutako are mehatxu okerragoak.

"Gauzak mugitzen hasi dira" erantsi du Gorrotxategik bere idatzian. Bai ba, egia da, denbora eta memoria horrelakoxe zailak dira aurreikusten, eta gobernaezinak ere bai. Okerrena pasa delakoan planifikatu, lehentasunak jarri eta gauzatuz jarrai dezakezula uste duzunean, ordea, justizia iritsi da, eta 54 urteko zigorra eskatu du Arabako EAJko bigarrena den Alfredo de Miguelentzat, dirua legez kanpo eskuratzea, eroskeria, legez kanpoko elkarteak sortzea, kapitala zuritzea, bortxaz jendea behartzea eta beste hainbat kontu zeramatzan taldeko kide izateagatik. Kontu hau beste 26 plan-egileri ere badagokio, sekula izan ez ziren ordainen truke nahi zituztenei kontratuak zuzenean esleitzen baitzizkieten.

Eta, dirudienez, denbora eta justizia iritsiko da Alonsotegira ere, han ez baitakite ba ote den zerbait azken urteetan planifikatu, lehentasunak jarri eta gauzatu ostean, orain kiratsa botatzen ez duenik.

(Euskal presoak-Euskal herrira)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide