Zarata

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2022ko ots. 20a, 09:20

Karmen Irizarrek Maxixatzenen otsaileko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Zarata'.

Badakit soinu ozen eta desatsegina dela berez zarata, baina niri ez dit beti belarririk mintzen.

Nik maite dut umeek jolasean ari direla egiten duten zarata, baita ikasleek, milurtekoan behin, eskolako gairen baten inguruan bihotz eta arima ari direnean sortzen den zalaparta. Musika jotzen ikasteko flautari fu eta fu, nahi eta ezinean dabilen horrek lotzen duen nota kate desafinatu horri poetikoa deritzot nolabait, eta pianoaren teklak zokor mazoarekin zanpatzen ari balira bezala jotzen duten ikasleen ahaleginak badu alde gozo bat. Gehienoi bezalaxe asko gustatzen zait udan jartzen diren terrazetan jendeak hitz-aspertu luzeetan sortzen duen ahots zurrunbiloa.

Ez dakit zehatz-mehatz zergatik ditudan gustuko. Zarata horien atzean dagoenagatik izango da agian. Jolasaren bidez munduan egoten ikasteko lehenengo pausoak direlako edo ikasketa prozesuan nahi eta ezinak, eta erori eta berriro jaikitzeko erakutsi ohi den grina bizigarri horrengatik. Sekulako poza eta harrotasuna ematen du ikasleek proiektu bat garatu, osatu eta jendaurrean azaltzeko gai direla ikusteak. Eta lagunartea berez da ederra.

Baina bai, badira niri ere traba egiten didaten zaratak, aspertu, gogaitu eta lozorroan geratzeko gogoa pizten didatenak.

Belarriko hazkura egiten didate irratietako eta telebistetako tertulia, mahainguru eta programa askok. Gaia edozein dela ere, iritzia emateko beti solaskide berak eta horiek gehienetan iritzia franko, edukia eskas eta gogoetarik ez. Hitz egiteko tartea ere elkarri harrapatu ezinda askotan eta zein alderdiren adiskide diren ezkutatzeko beharrik gabe.

Belarriko mina egiten didate prentsan etengabe dauden gaiek; 2018ko greba feministaren berri askoz lehenagotik genuen. Medio guztiek egin zioten tartea hilabete luzez. Euria franko egin du ordutik, eta zer geratu zaigu egun hartatik gogoan? Niri argazki eta oihu asko, feminismoak modan jarri dituen hamar bat hitzekin osatutako paragrafoak, kantak eta testuak eta 140 karaktereko sasi-gogoeta ugari etengabe medioetan eta sare sozialetan. Mugarria izan omen zen. Zertan? Argazki kopuruan, medioetako minutu kopuruan... Eta edukietan? Noiz hasiko da edukien gaineko zalaparta?

Gauza bera beste hamaika kontu garrantzitsurekin. Behar luketen garrantzirik eman ez, eta gainera, banalizatu egiten direla uste dut, eta momentuko komenientziara egokitu: umeenganako sexu abusuak Elizan gertatu ote dira bada, bakarrik? Euskalgintzan, kulturgintzan, kirol taldeetan, musika bandetan ez ote da horrelakorik izan? Horien inguruko ikerketa abiatzeko adineko amorrurik sentituko al dugu inoiz?

Guztion ahotan dauden zaintza kontuak langile kopurua igota bakarrik konponduko al dira? Ez al du zaintzak berez, beste dimentsio bat ere? Humanoa, egoteko denbora eskatzen duena, ezinean dagoenak maite dituen horiekin egoteko bideak eta moduak erraztea eskatzen duena... Ba ote dago inoizko denboran horretaz ere hitz egiteko asmorik?

Pandemiak mundua hankaz gora jarri duen honetan, zertaz ari gara pandemia aurreko bizimodura itzultzea nahi dugula diogunean? Ingurumena etengabe ustiatzen genuen hartara itzultzeaz ari al gara edo kostuak merkatzeko lantegiak leku-aldatzeaz? Sare sozialetan zabaltzen ari den biziera faltsu eta friboloa indartzeaz? Hori ez da zarata ordea, zerbait gaizki doala erakusten duen kirrinka hotsa baizik.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide