Eliztarren alde

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2021ko aza. 26a, 10:35
Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokia.

Karmen Irizarrek azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eliztarren alde'.

Bai, badakit sekulakoak eta bi egin dituela Elizak, badakit emakumeekin duen zorra kitatzetik urrun dagoela oso, badakit sarriegi lerratu dela botere politikoaren eta ekonomikoaren alde, baita zaila dela prentsak atera ohi duen zarata hutsalaren atzean ezer onik topatzea Elizan.

Eta hala ere, nik Elizarekin izan dudan harremana ona izan da beti. Egin dituen astakeria guztiak mahai gainean jarri eta zuzendu beharko lituzkeela argi dudan arren, bestelako ideiak eta bizipenak datozkit gogora Elizari buruz aritu naizen orotan.

Izan daiteke ikuspegi kritikoa landu gabe dudalako, izan daiteke, neuk hala uste ez arren, nahi dudanari bakarrik erreparatzea erabaki dudalako edo komeni zaidan ertzetik bakarrik begiratzen diodalako Elizaren inguruko edozeri.

Ezetz esango nuke, ez dela horrelakorik. Eliza ulertzeko moduan dago gakoa, nire ustez. Horregatik idatzi dut izenburuan eliztarrak eta ez Eliza. Erakundea bera baino erakunde horretako pertsonei esker izan dut nik esperientzia ona Elizarekin. Oso jende interesgarria ezagutzeko modua izan dut; jende zuzena, jatorra, eta hain zuzenak eta hain jatorrak ez direnak ere bai, tarteka.

"Erakundea bera baino hango pertsonei esker izan dut esperientzia ona Elizarekin"

Alde iluna ahaztu gabe, Elizaren barruan besteen bizimodua gozatu eta erraztu duen jendearen ekarpena azpimarratu nahiko nuke. Batzuekin harreman zuzena izan dut, besteei buruz irakurri egin dut edo beste norbaitek eman dit haien berri. Maxux Rekalde ezagutu eta harekin bazkari batzuk egiteko suertea izan dut, Joseba Rekalderen hitzaldi batzuk entzun izan ditut, Villa Betaniako mojek kontatuta dakit HIESaren aurreneko urteetan, beste inoren babesik ez zuten gaixoak hartzen zituztela etxean, nora joanik ez zutelako. Artean ez genekien nola kutsatzen zen eta ez genien gizarteko bazterrik bazterrenean ere tokirik uzten, baina moja haiek etxeko ateak ireki zizkieten, galderarik egin gabe, trukean ezer eskatu gabe. Elkartasun sareak antolatzen hasi aurretik, jende mordoxka aritu da urte luzez Caritasen han eta hemen dauden arazoak leuntzeko lanean eta urteak dira gaitasun funtzional desberdina duen jendea Frater-en elkartzen dela.

Alde makurrena eta morbosoena bakarrik erakusteko joera hain modan dagoen honetan, nekez ikusiko duzu horiei buruzko artikulu, erreportaje edo ikerketarik. Lastima da, munduko mina gozatzeko ahaleginek munduko miseriek bezain besteko tokia beharko lukete prentsan zein gure eguneroko hitz jardunetan. Horrek eliztarrei buruzko ikuspegi errealagoa emango luke batetik, eta urte luzez, jende askorentzako makulu izan direla ikusiko genuke bestetik.

Elizaren jarduna zuritzeko modua izan daitekeela irudituko zaio baten bati, baina ikuspegi bakarra azaltzeak ikuspegi interesatua dela erakusten duela irizten diot, eta erakunde edo norbanakoa ertz bakarretik epaitzeko bidea errazten du. Elizak berak egin du hori maiz eta ikusi dugu zenbaterainoko jarrera bidegabeak sortu dituen. Hortik zerbait ikasi beharko genuke eta hanka-sartze bera ez egiten saiatu. Horretarako, ordea, Elizak sortzen digun espantutik haratago begiratu eta Elizaren inguruan dabilen jende interesgarri horri erreparatu beharko genioke.

Ez dakit, ordea, zenbateraino trebatuta gauden begirada kaleidoskopiko horretan, ezta gizarte bezala saiatu ere egin nahi dugun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide