Zer behar duzu? Zer egin dezaket nik?

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2021ko abu. 4a, 08:52

Karmen Irizarrek uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Zer behar duzu? Zer egin dezaket nik?'.

Oraintsu arte ez dugu izan etxean udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo beharrik. Beharra etorri zaigunean, ordea, oso erosoa izan da dena. Txanda uste baino lehenago eman ziguten, eta jasotako tratua eta informazioa oso egokia izan ziren.

Beren eskuetan dagoen guztia egin dute. Beren eskuetan dagoena da, ziurrenik, herren geratzen dena. Ez asko edo gutxi delako, eskaintza bakarra delako baizik. Dependentzia maila bakoitzari zerbitzu jakin batzuk egokitzen zaizkio, maila horretan dagoen norbanako bakoitzaren inguruko egoera edo berak nahiko lukeenari erreparatu gabe.

Eguneko zentro bat eta bakarra dago herrian, eta hara doanak parean egokitzen zaion jendearekin eman behar du eguna, besteak ezagutu edo ez. Beranduxio arte egongo litzateke beharbada ohean gustura, baina ordu berean etortzen zaizkio bila, oker ez banago. Erokeria handia al litzateke eguneko zentro horretara joan beharrean, bere auzoan bertan lokalen bat egokitzea eguna auzokoekin, urte luzez bere eguneroko erreferente eta lagun izan dituen horiekin, pasatzeko? Guraso edadetuak, seme-alaba txikiak edo gaixoaldi luzea bizi duen etxeko norbait zaindu nahi duenari erraztasunak ematea ez al litzateke gizarte humanoagoa eraikitzeko bidea? Etxekoak zaintzeko lana utzi edo lanaldia murriztu behar izateak ez al du erakusten zaintza bera gutxietsita dagoela, nahiz eta, lehenxio edo geroxio, denok behar izaten dugun ondoan zainduko gaituen norbait. Begi bistakoa da Azkoitiko zaharren egoitza kalera ekartzea ona izango litzatekeela, baina kokalekua ote arazo nagusia? Egoitzan dauden guztiak ote daude han beraiek hala aukeratu dutelako? Egoitzako aukera etxean ezina etorri delako egin baldin bada, ez al litzaioke jendeari galdetu beharko, zer behar duzu orain arte bezala jarraitzeko, hala nahi izanez gero behintzat? Eta etxean zaintzen jarraitu nahi badute, horretarako behar duten guztia eskura jarri.

 

Ez ote genuke guk geuk ere zaintzaren inguruan autokritika pixka bat egin beharko?

 

Erakundeei berei dagokien ardura har dezatela eskatzen diegun bezala, ez ote genuke guk geuk ere zaintzaren inguruan autokritika pixka bat egin beharko? Zergatik da hain erraza elikagaien bankurako boluntarioak bilatzea, baina ez arratsaldeetan pertsona edadetu bati pasierara laguntzeko norbait topatzea? Zergatik esaten du jende guztiak, hurkoari laguntzea gustatzen zaiola, baina maiz ezinezkoa da dependentzia handia duen etxeko baten zaintza antolatzeko nahikoa jende biltzea? Zergatik da pertsona bakarraren ardura bere bikotekidea, emaztea edo senarra zaintzea? Ez al luke haren inguruko denen ardura izan beharko? Ez al genuke denok gure ingurukoak zaintzea lehenetsi beharko, izan seme- alaba, laguna, etxepekoa, senidea.

Demagun, hemendik aurrera une eta egoera bakoitzean beharra duen horri "honakoa tokatzen zaizu" esan beharrean, "zer behar duzu?" galdetzen diotela, eta horren araberako baliabideak ematen dizkigutela Gizarte Zerbitzuek. Jo dezagun, goizean esnatu eta hortzak gar- bitzen ditugun bitartean, Egunean Behin egin aurretik, geure buruan inguruan ditugunen errepasoa egiten dugula, eta haietako bakoitzaren egoera kontuan izanda, "zer egin dezaket nik?" galdetzen diogula geure buruari. Ez al luke horrek dena aldatuko? Ez al gintuzke horrek gu hoberako aldatuko?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide