Hanka zulo beretsuan sartuta

Erabiltzailearen aurpegia
(Argazkia: Pixabay)

Karmen Irizarrek urriko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Hanka zulo beretsuan sartuta'.

Kalean goitik behera noala ikusi ditut nire aurrean, hogei bat metrora, elkarren pare samarrean baina esker-eskuin hiru bat metroko tartearekin. Oinez doaz biak, geldo, ni bezalaxe. Burutik oinetarainoko soineko loratu batez estalita doa bat, praka motz-motzak jantzita bestea. Ipur-masailen hasiera bistan du, eta gerriaren eta bularren arteko zatia ere agerian uzten dion kamiseta tirantedun estu-estua du soinean. Prakei beheraka tiraka doa, ez dira erosoak nonbait, freskoak bai, baina erosoak ez.

Bitxia da zer antzekoak diren biak. Biei ala biei, gorputza jarrarazi diete erdigunean, izan estaltzeko, edo ohikoa dena baino azal gehiago bistan uzteko; beste norbaitek, beste nonbaiten erabaki duena bete baino ez dute egin. Jantzi bataren zein bestearen funtzioa emakumeen gorputzari berez ez duen esanahia eranstea baino ez da. Batek, gizonen balizko begirada lizunei tentaziorik ez jartzea du helburu; besteak, mende luzeetan, norbaitek hala erabakita, bekatu bide izan omen den emakumeen gorputza aldarrikatzea, eta argi uztea emakumeak nahi duena egin dezakeela bere gorputzarekin eta nahi duen beste erakutsi.

Ez du berak aukeratzen, ordea. Modak ez dio beste aukerarik ematen. Ipur masailen hasiera bistan uztearena, praka motz hauek modan jarri eta hiru bat urtera etorri zen. Handik beste urte pare batera, praka horien aurrealdean, bistan ezer uzten ez zuten ebaki estrategikoak azaldu dira. Kirola egiteko mallei ere transparentziak josten dizkiete duela dozena erdi urtetik hona. Badago besteko praka motak erosterik, jakina, baina ez daude hain eskuragarri, ez dira hain modako. Eta arazoa ez da politak diren, egokiak diren, erosoak diren… Kontua da emakumezkoen arropetan bakarrik dagoela erakusteko joera hori. Mutilentzako praka motzek luzera bera dute azken 25 urteetan, ez dira estuagoak bilakatu, ez dute mutilen gorputzaren atalik ezkutuena ere agerian uzteko diseinurik. Kirola egiteko ez dute transparentziarik behar, malla soil batzuk jantzi eta aurrera. Zergatik ote dute emakumeek gorputza erakutsi behar hori? Zergatik ez zaie gauza bera gertatzen mutilei?

Kezkagarria dela irizten diot. Kezkagarria da, ustez behintzat, feminismo eta ahalduntze kontuetan, inoiz baino prestatuago dagoen emakume belaunaldia, men egiten ari zaiolako euren gorputzak, aurreko mendeetan bezalaxe, objektu bihurtzeari. Ohikoa baino gehiago erakustea ez da emakumeon izateak duen joera naturala, gehiegi estaltzea ez den bezalaxe.

Sexismoak argi jokatu du oraingoan, ordea. Eliza, debekuak, arauak… ziren lehen errudun. Bazekien sexismoak beste estrategiaren bat beharko zuela XXI. mendeko emakumeekin. Aukeratzeko askatasuna aitzakia hartuta, emakumeei beraien aukera dela sinestarazi die, eta inoiz kexatzen hasiko balira ere, euren burua jarri beharko dute agerian, kontu hau mahai gainera eztabaidatzeko ateratzen denero, emakume hauek gustatzen zaiela eta eurek aukeratu dutelako janzten dituztela esaten baitute. Eta mutilei zergatik ez ote duten horrelakorik aukeratzen galdetuta, isilune deseroso baten ondoren, "bueno, nik badakit zergatik egiten dudan, eta utzi bakean" esaten dizute.

Honetaz ari ote gara ba ahalduntzeaz ari garenean?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide