Marea Urdina

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2018ko eka. 29a, 18:45

Gure koinata zenak gaixotasun arraro horietako bat zuen: zortzi urte zituenerako gurpil aulkian ibili behar izaten zuen, eta muskuluak ahultzen joan zitzaizkion urteek aurrera egin ahala. Baina euskalduna zen, euskaldun peto-petoa, eta horrek sekulako balioa ematen zion prentsaren begietara. Medio euskaldun zein gaztelaniadunetan aritzeko egokia zen, eta emakumea gainera.

Gogoan dut Euskal Telebistan pare bat programatan elkarrizketatu zutela eta baita Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere. Gogoan dut «kitto!» esan zuela halako batean. Lehendik ere sumatzen zuen, baina eutsi egin zion kokoteraino egin zen arte, eta Gabonetako telemaratoi horietako baterako elkarrizketa eske deitu zion neskari honela esan zion: «Baiezkoan nengoen, baina ez dut elkarrizketa hori egingo. Badakit ez dela zure kulpa, zuk agindutakoa baino ez duzula egiten, baina esan norbaiti nik esango dizudana eta agian norbait konturatuko da. Nik gaur elkarrizketa egiten badut, bizpahiru eguneko kontua izango da telebistan, eta ondoren garrantzizkotzat jotzen diren betiko gaiei helduko diezue atzera. Lehen ere erantzun izan ditut telebista eta irratikoen galderak, eta gerora ez dute inoiz deitu zer moduz nagoen galdetzeko edo telebistak edo irratiak beste zerbaitetan laguntzerik ba ote duten jakiteko. Zeuen burua zuritzeko elkarrizketa da hau, eta gaixotasunak hori baino kontu serioagoak dira». Koinatak garbi aitortzen zuen bazekiela bere posturak ez zuela ezer aldaraziko, denak betiko moduan segituko zuela, baina bere buruari hainbeste zor ziola uste zuen.

Litekeena da ni zeharo nahastuta ibiltzea, baina telebistakoen eta irratikoen jarrera horren antzekoa ikusten dut Marea Urdinaren kontu honetan guztian. Jende ugari argazkietarako, uztailaren 7-8an laguntzaileak sobran izango dira ziurrenik, kamiseta urdinak barra-barra ibiliko dira egunotan eta autismoa duen pertsonaren batekin argazkian aterako da jende asko. Baina uztailaren 9an ere argituko du egunak, eta ikustekoa izango da zenbat lagunek jarraituko duten autismoaz irakurtzen edota zer egin dezaketen galdetzen. Autismoa duten pertsonek izan ditzaketen beharrak aldarrikatzen hasi beharko balitz, zenbatek emango lukete babesa? Zenbat gurasok ez du nahi izaten ikasketetan motel xamar dabilen edo zailtasunen bat duen ikaslerik bere seme edo alabaren taldean?

Gure ikastetxean ere egin zuten argazkia, baina harrezkero ez du inork autismoaren kontua aipatu. Izan daiteke beste kontu batzuekin lanpetuta gabiltzalako, baina esango nuke, behin argazkia eginda, gure konpromisoa bukatutzat jo dugula. Bide batez esanda, argazkietan azaldu diren beste ikastetxe, erakunde eta norbanako gehienek bezala.

Duela aste batzuk Uztarrian Marea Urdinekoei egin zieten elkarrizketan irakurri nuen autismoa duen haur baten aitak bere semea bigarren mailako herritarra dela sentitu duela. Ni ez naiz Marea Urdineko argazkietan azalduko eta zeharkaldian ere ez dut parte hartuko; batetik igerian ez dakidalako, baina batez ere, koinatarekin ados nagoelako, eta nik ere zor diot hainbeste hari.

Baina agintzen dizuet uztailaren 9an ez naizela autismoa duten lagunez ahaztuko, zuek diozuenari arretaz entzungo diodala eta eskari zehatzik baldin baduzue nire babesa izango duzuela, sekulako pena emango bailidake nire herrikide bati entzutea bigarren mailako herritar sentiarazi genuela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide