Herriko mugak, mugarriak eta bidegurutzeak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2023ko api. 23a, 08:57
Azkoitia eta Azpeitia arteko mugarria, Txalintxo atzeko zelaian.

Kepa Alberdik herriko mugei, mugarriei eta bidegurutzeei buruzko ekarpena egin du komunitatean. Azkoitiak dituen herri mugakideak zein diren azaldu du Alberdik, baita mugarrien izenak zein diren adierazi ere.

Herria eta bertako biztanleria egituratzeko eta antolatzeko orduan, elementu askok parte hartzen dute, eta horietako bat da, herriaren mugaketa. Era desberdinetako muga motak ezagutu izan ditugu euskaldunok gure historian zehar, eta horien artean bada Euskal Herria zatitzen duenik ere. Hain zuzen ere, euskaldunen iritzia kontutan hartu gabe, Pirinioetan jarritakoa da mugarik gorrotatuena. 1858. urtean, Frantziako eta Espainiako agintariek hala adostuta, euskal lurretan bakoitzak bere estatuaren mugak ezartzeko 272 mugarri jartzeko lanak bukatu zituzten, Euskal Herriko lurrak bi estatuen artean banatuz. Baina, euskaldunen borondatearen kontra indarrez ezarritako mugak alde batera utzita, Azkoitiarekin mugakide diren udalerriekin gure udalerriko lurrak mugatzeko gure arbasoek ipinitako mugarrien kokalekuak ezagutzeko ordua da, baita herriaren antzinako gunea mugatzen zuten lau gurutzeen kokagunea ere.

Iraurgi harana bi zatitan egitean, 1458tik aurrera aritu ziren gaur egun Azpeitiko eta Azkoitiko bi herrien arteko lurraldeak mugatzen. Bide batez, gure udalerriarekin muga egiten zuten beste herriekiko mugak ere marrazten hasi ziren. Gerora, probintziako agintariek emandako agindua betetzeko, herriko autoritateak urtero muga horietara bisitaldia egiten hasi ziren; udalerriko mugak ikusi eta bertako mugarriak bere lekuan zeudela egiaztatzen zuten orduan. Lanketa horien burua alkatea bera izaten zen, eta herriko beste zenbait laguntzaile nahiz eskribau izaten zituen hark inguruan.

Jausoroko edo Amorketako zubiaren ondoan zegoen Bergara eta Goierri bideko gurutzea.

Azkoitiko lurrek beste zazpi herritako lurrekin egiten dute muga: Mendaro, Itziar-Deba, Azpeitia, Zumarraga, Antzuola, Bergara eta Elgoibar. Azkoitia eta Mendaroko herrien arteko muga, Urnobieta-Potzualdea parajetik Larraskandako baserri artekoa da (bederatzi mugarri). Itziar-Debarekin duen muga Larraskanda baserritik Goltzibar errekaraino doana da (zazpi mugarri). Azpeitiko lurrekin egiten duen muga, Goltzibar errekatik Irumugarrieta punturaino doa (63 mugarri). Zumarraga herriarekin, Irumugarrietatik Osinbeltza ibarrerainoko muga du (72 mugarri). Antzuolarekin duen muga, Osinbeltza ibarretik Etxeberri-Txara barreneraino luzatzen da (bi mugarri). Bergararekin duen muga, Etxeberri-Txaratik Irukurutzetarainokoa da (hamabi mugarri). Eta azkenik, Elgoibarrekin egiten duen muga, Irukurutzetatik Urnobieta-Potzualdea parajerainokoa da (hemezortzi mugarri).

Aipatutako mugarrietatik zazpik, hiru udalerrien banaketa markatzen dute. Urnobieta-Potzualdea mugarriak, esaterako, Azkoitia, Elgoibar eta Mendaroko muga markatzen du; Larraskandako mugarriak, Azkoitia, Mendaro eta Debakoa; Irukurutzetakoak, Azkoitia, Bergara eta Elgoibarkoa, Etxeberri-Txara gainekoak, Azkoitia, Antzuola eta Bergarakoa; Osinbeltza mugarriak, Azkoitia, Antzuola eta Zumarragakoa; Irumugarrietakoak, Azkoitia, Azpeitia eta Zumarragakoa; eta Goitzibarko mugarriak, Azkoitia, Azpeitia eta Debako lurrak.

Larraskandan dago Azkoitia, Deba eta Mendaro banatzen dituen mugarria.

Bere garaian jarritako mugarri guztiak izendatzen dituzten dokumentu zaharrek 183 mugarri aipatzen badituzte ere, horietako batzuk ezin dira aurkitu gaur egun. Aurkitutako mugarri gehienak lurrean sartutako harriak edo hormigoi armatuz egindako mugarri berriagoak dira. Dena den, bada Azkoitiko eta inguruko herrien arteko muga markatzen dute beste mota batzuetako mugarri edo muga-adierazlerik ere. Hala, harri edo haitz naturalen punturik altuenak, hormetan sartutako plaka karratuak, forma konikoa osatzen duten harri pilak edo erreka baten uren ardatzak markatutako mugak daude, besteak beste.

Mugarrien kokalekuek hamaika pasadizo sorrarazi dituzte, horietako batzuk, barregarriak eta bitxiak dira, haserre bideak ekarri dituztenak, besteak. Esate baterako, Larraskandako etxekoandreari nongoa zen galdetuta, horrela erantzun zuen: "Lehen azkoitiarra, baina orain…. duela dozena bat urte abioiak ibili ziren zerutik neurtzen. Orain arte genituen mugarriak ez zutela balio esan ziguten, eta gure baserria Mendarokoa zela. Beraz, orain nongoa naizen? Ni beti azkoitiarra izango naiz". Beste kontu batek dio, Madariagatik gorako paraje horietan, Azkoitia eta Deba arteko muga gordetzen duen Mugarri Gaina mendi lepotik gertu dagoen Urkiri baserriaren barruan mugarri bat zegoela lurrean sartuta, aipatutako bi herrien arteko banalerroa markatzen zuena, hain zuzen ere. 1628. urtekoa da muga batzuen eskriturak zirela eta, Jesuitek garaiko agintariei sortutako buruhaustea ere. Izan ere, Jesuitek, Azkoitiko Aranaga baserria maiztertzan zuten, eta Azkoitia zein Azpeitia arteko muga gaindituz, azken horren lurraldearen zati bat ere beraiek erabiltzen zuten.

Jesuitek maiztertzan zuten Aranaga baserria.

Iskanbila askoren ondoren, agintariek hurrengo urtean erabaki zuten bi herrien arteko mugaren kokalekua. Duela hamarkada batzuk, bestalde, Azkoitia eta bueltako herrien arteko mugen banalerroen inguruetan ere gorabehera asko izan zen, bertan ospatzen ziren erromeriak tarteko. Liskar haietako protagonistak, alde batetik, garaiko herriko agintariak eta Eliza ziren, eta bestetik, inguruko herriarekiko muga-lerroaz dantza heldua edo "baltseue" dantzatzeko baliatzen ziren herriko gazteak, Azkoitian debekatuta baitzegoen orduan dantza mota hori.

Gure herriak lurralde jabetzaren inguruko auziei dagokienez, Azpeitiarekin izan zuen iskanbilarik handiena. Txalintxo mendia eta inguruko mugak izan zituzten eztabaidagai, 1930. urtearen bueltan. Hasiera batean, Azpeitiko herriaren izenean zeuden lur horiek Azkoitiaren parte zirela erabaki zuten (1928. urtea), bertako udaletxean gordeta zegoen 1458ko agiri batek zehaztu zuen hori, Munategira jaisten den Arrupe errekak banatzen baitzituen bi herriak. Azpeitiarrek ez zuten aurkitu agiri horrek zioena ezeztatuko zuen beste dokumenturik. Halere, azpeitiarrek helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, eta beraien aldeko epaia lortu zuten (1930 urtea). Mugarriak berriro lehen zeuden tokian ezartzeko erabakiak haserre handia piztu zuen azkoitiarren artean, eta ondorioz, azkoitiarrek inguru horretako mugarri batzuk atera zituzten, azpeitiarren aurkako beste ekintza batzuen artean. Esaten da, garai hartako politika egoerak zerikusi handia izan zuela Txalintxo eta inguruko lur eremua azpeitiarren esku uzteko erabakian. Izan ere, Txalintxo eta bere ingurua azkoitiarrena izan zen Primo de Riveraren diktadura garaian (1923-1930); azkoitiarrek indar handia izan zuten haren aginte garaian. Baina, ondoren errepublika jarri zen agintean, eta dirudienez, egoera horrek azpeitiarren aldeko epaia erraztu zuen.

Txalintxoko gurutzea, eta ezkerrean, Azkoitiarekin muga egiten duen mugarria.

Azkoitiko lurraldearen muga marrazten duten mugarriez gain, ezin ditugu ahaztu, hiribildua harresiz hornitzen ari zen garaian, gure bideetan hirigune historikoa mugatzeko altxatu ziren lau gurutzeak edo kruzeroak ere. Gurutze horiek honako hauek ziren: Bastarrika-Munoako gurutzea, Iparkale ertzean Elgoibar aldera doan bidean kokatuta zegoena (Mendikote izenez ezagutzen den lekuan); Kurutzeagako gurutzea, Guardia kaletik hasi eta Martirieta eta Aginagatik pasatuz herria Zumarragarekin zein Urretxurekin lotzen zuen bidean "Kurutzeaga baserriaren inguruan kokatuta zegoen, eta hortik datorkio izena baserriari); Ubayar edo Uxerko gurutzea, Azpeitirako bidean, Ubaiarko zelaietan kokatzen zena eta "Iruetxeta" izeneko etxetik hurbil zegoena; Jausoroko edo "Amorketako" gurutzea, Jausoroko zubiaren inguruan eta Amorketa etxetik hurbil zegoen gurutzea, Bergarara eta Goierri aldera zihoan bidean kokatua.

Kurutzeaga baserriaren inguruan zegoen Urretxurako bidea markatzen zuen gurutzea.

Lau gurutze horiek egurrezkoak ziren hasiera batean. Antzinako lau bide garrantzitsuen muga lerroa markatzerakoan, herriko bizimodua ere gurutze horiek mugatutako esparrura mugatzen zen erabat. Esate baterako, garai bateko gauzainek gurutzetik gurutzera egiten zuten gaueko guardiako zainketa lana, herria gaizkileengandik eta lapurrengandik babestuz. Bestalde, 'Gorputz bide' edo baserrietako hileta-segizioek igarotzen zituzten bideek ere bat egiten zuten gurutze horietan. Kasu horietan, sakristauak zegokion gurutzean itxaroten zuen, bere gurutzearekin, oihal beltzekin, andekin eta gainerako apaindura erlijiosoekin segizioari parrokiaraino laguntzeko. Garaiko zirujauak herritarrak artatzera ateratzen zirenean ere mugaren arabera kobratzen zuten. Biztanleen eguneroko bizitza arautzen zuten udal ordenantza askok ere, hala nola elikadura-produktuen merkataritzak edo askatasunean hazitako abereen hazkuntzak, lau gurutzeek ezarritako mugak zituzten erreferentziatzat.

Esan gabe doa, herri ororen memoriaren elementu garrantzitsuenetako bat direla bere mugarriak, bere udal-mugak. Herriaren jatorrira lotzen gaituzte, bere ondarea seinalatzen digute. Harri zahar horiek adierazten digute zein diren inguruko herriekiko lotuneak; izan ere, batzuetan, beraien ondotik pasatu eta ez gara konturatzen zein garrantzi duten, ez baitzaie ematen berez duten balioa. Nolanahi ere, mugarriei euskal herrien arteko izaera bereizlea kendu behar zaie neurri batean, eta horien arteko zentzu bateratzailea eman.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide