Atzera begira

Azkoitiko futbolariei begira, oroitzapen batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2023ko mar. 17a, 09:13
Anaitasuna, F.C. taldea izan zen herriko hirugarren taldea, 1934an sortuta.

Kepa Alberdik Azkoitiko futbolari eta futbolariei buruzko ekarpena egin du oraingoan: 'Azkoitiko futbolariei begira, oroitzapen batzuk' izenarekin argitaratu du honako artikulu hau:

Kirolaren munduan, gure herria, pilotari famatuen sorlekua izateagatik egin da hain ezaguna, baina esan daiteke, futbolarien sorleku bezala ere oso harrobi emankorra izan dela. Interesgarria litzateke, Azkoitiko herriak, eta bereziki, gazteek, Anaitasuna futbol taldearen eta talde horrekin batera hain ezagunak ez diren herriko beste futbol talde batzuen historia ezagutzea. Lerro gutxitan zaila da hainbeste gertaera bitxi dituen historia zabala laburbiltzea. Dena den, merezi du Azkoitiko herria futbolaren erakargarritasunaren bueltan biltzen ahalegindu diren talde eta horien inguruan mugitu diren pertsona adoretsuengatik saiakera bat egitea. Historia hori pixka bat laburbilduz, aurreko mendeko kontuetara mugatuta dago idatzi hau.

Aurreko mende hasieran, inguruko bazter guztietan bezala, futbola indar handiz sartu zen gure herrian ere. Azkoitiko futbolaren lehen ostikadak, kirol antolatu bezala, 1914-1915 kirol sasoietakoak dira. Herriko futbol jokoaren lehen eragileak eta bultzatzaileak izan ziren Manuel Larrañaga Fabrike, Modesto Etxaniz Bernabe, Rafael Etxaniz Aldakaitz eta Faustino Aranbarri Bastarrika. Horien jardunari esker, herrian bi futbol talde handi osatu zituzten: 'Jugadores voluntarios del Bando A' eta 'Jugadores voluntarios del Bando B' izeneko taldeak. Garai hartako futbol taldeetan jokatzea nahi zuena behartuta zegoen aurrez saio gogorrak egitera, eta jokoaren gogortasunari aurre egiteaz gain, futbolari izan nahi zutenek ez zuten inolako dirurik kobratzen; are gehiago, norberak ordaindu behar izaten zituen bere oinetakoak, kirol-jantziak, jan-edariak eta bidaiak. Futbola gauza berria zen inguruan, baina pixkanaka barneratzen joan zen hemengo gazteen kirol jardunetan. Hasierako afizio eta futbol-giro haren bueltan, Azkoitiko lehen ekipo ofiziala izango zen Club Deportivo Izarraitz jaio zen, 1914-15 denboraldian. Futbol talde hura honako jokalariek osatzen zuten: Manuel Larrañaga Fabrike, Bittor Elorza Txanbolin, Eusebio San Martin Xamartin, Pepe Aranbarri Olaberri, Julian Aranbarri Martinzar, Rafael Etxaniz Aldakaitz, Faustino Aranbarri Bastarrika, Juan Zubizarreta Xague, Esteban Zubizarreta Pertxune, Luis Uria Burue eta Fidel Arregi Txorrotxa. Taldearen jantzien koloreak kamiseta txuri-urdina eta galtza beltzak ziren, eta San Juan bainuetxearen alboko futbol zelaian jokatzen zuten. Talde hori Gipuzkoako onenetakotzat jotzen zuten garai hartan, baina ez zuen bizi luzea izan, lau edo bost urte iraun baitzuen.

Club Deportivo Izarraitz Azkoitiko lehenengo taldea, 1914-1915 denboraldian.

Herriko bigarren taldea 1923-24 denboraldian sortu zuten, eta Iraurgi F.C. izena hartu zuen. Talde horrek kamiseta gorria eta belaunetarainoko galtza zuriak janzten zituen. Herrian futbola hartzen ari zen indarra ikusita, eta bertako zaletasuna urtez urte handiagoa zenez, 1923ko irailean Altzibar auzoan futbol zelaia zabaldu zuten Iraurgi F.C taldearentzat. Altzibarko elizaren, mojategiaren eta apaiz etxearen aurrealdean zegoen kokatuta zelai hura. Ekipo horrek ere urte batzuk iraun zituen soilik bizirik.

1923-1924 Azkoitiko bigarren taldea, Iraurgi F.C.

Futbolak gero eta zale gehiago zuen herrian, izan ikusi edota kirolari bezala. Giro hartan, 1934. urtean herriko hirugarren futbol taldea izango zena sortu zuten: Anaitasuna F.C kirol elkartea. Hasiera gorabeheratsuak izan zituen ekipo horrek. Esaterako, lehen partidak jokatzera Debaraino joan behar izaten zuten, Altzibarko zelaia ez baitzegoen jokorako behar bezala prestatua. Anaitasunak, hasieran, kamiseta gorria eta galtza beltzak aukeratu zituen taldeko jantzi bezala, hortik datorkio gorritxoak edo Los rojillos gaitzizena. Gerrate aurreko taldea (1934-1936) oso ona zen, eta garaiko egunkariek zioten Atotxa futbol zelaitik igarotako Gipuzkoako talde onena Anaitasuna F.C. izen zela. Gerra garaian, nola ez, nahitaezko geldialdia izan zuen futbolak ere, eta gerra amaitzean, jokalari berriekin osatu zuten taldea; dena den, jokalarien erdiak baino gehiago kanpotarrak ziren.

Azkoitiko hirugarren taldea, Anaitasuna, F.C., 1934-1935 denboraldian.

Gerra aurreko urteetara itzulita, herriko auzo eta kale guztietan gazteez osatutako futbol ekipo berriak sortu ziren,futbol giro haren berotasunak bultzatuta: Tximista, Goiko Kale, Guitarra, Beti Gogor, Beti Fresko eta Sobrepenados izeneko taldeak, besteak beste. Horien artean, 1934-35 denboraldian sortu zen Tximista futbol taldea nabarmendu behar da beste guztien gainetik. Talde hura San Martin auzoan jaio zen, eta beraz, sanmartindarrek osatzen zuten; jokalari gehienak abarketagileak edo txorteroak ziren. Honako jokalari hauek osatzen duten Tximista taldea: Mikel Plazaola Panplonatarra, Tomas Ardixe, Juanito Txanpaina, Iñaki Ardixe, Pio Txanton, Arrantzale potola, Jesus Altza, Juan Luis Ganborena, Justo Txanpaina eta Patxi Pattakie. Pixka bat geroago, taldea osatzeko eta indartzeko, futbolean oso itxura ona zuten bi gazte hartu zituzten: Julen Txiki eta Mikel Martzala. Garai hartan, Tximista ekipoak inguruko talde gehienak astindu zituen, eta guztien buruan zebilen talde hartako mutilekin Anaitasuna bezalako beste talde bat sortzeko ideia. Kukuerriko Agarre-Portilles baserrian zegoen ikastetxeko maisua izan zen asmo horren eragilerik sutsuena. Tximista taldearen janzkera guztiz zuria zen, hortik datorkio Azkoitiko merengeak deitzeko ohitura. Lehen futbol partidak, Artxamendi eta Metal aldean jokatu ohi zituzten, nahiz eta gerora Txerloiko zelaira igaro ziren. Talde hori horren ona izanda, herritarrek nahi zuten Anaitasunaren aurka jokatzen ikustea. Teorian Anaitasuna hobea izan arren, Tximista taldeak 2 eta 0 irabazi zuen. Partida horren ondoren, Anaitasunaren buru batzarra krisi handi batean murgildu zen. Egoera hark, gainera, jokalariekin zuen harremanean ere haserrea eta atsekabea sortu zituen. Hika-mika hartan zebiltzala, gerra iritsi eta San Martingo Tximista talde bikain hura betirako desagertu zen.

Azkoitiko Beti Poz taldea, 1958-1959 denboraldian.

Anaitasunren kirol historiari dagokionez, besteak beste, Gipuzkoako Txapeldunen Kopa txapelketa lehiaketa irabazi zuen 1941-42 denboraldian; 1952-53 denboraldian igo zen lehen aldiz Hirugarren Mailara; eta, 1972-73 denboraldian, afizionatuen Espainiako Txapelketa irabazi zuen. Garaipen eta titulu aldetik urte zoriontsuak ezagutu izan baditu ere, urte tristeak eta goibelak bizitzea ere egokitu zaio. Bi aipatzeagatik, 1943-44 eta 1988-89 denboraldietan Anaitasunak bizi izan zituen krisialdiak gogoratu ditzakegu. Herrira etorri berria zen Anastasio Albisu apaizak atera zuen Anaitasuna 1943-44 denboraldiko krisialditik. Dena den, inbidia nagusitu zen klubaren aurreko batzordekideen aldetik, eta horiek apaiz gaztearen intentzio eta jardun ona baztertu zituzten. Gertaera horren ondoren, Manolo Atano izendatu zuten klubeko presidente.

1972-1973 denboraldian afizionatuen Espainiako Txapelketa irabazi zuen Anaitasunaren taldea.

Hamarkadetan futbolean hamaika zelai, enparantza, eskolako atari eta kale bazterretan jokatu izan bada ere, herrian hiru futbol zelai izan dira nagusienak. Horien artean, aurrenekoa, San Juango bainuetxe ondokoa izan zen; bigarrena, Altzibarkoa, 1923an zabaldu zena; eta azkena, 1976an inauguratu zuten Txerloiko zelaia. Zelai bakoitzka mila gertakari eta kontu bitxi izango ditu ezkutuan. Gertaera bat edo beste kontatzearren, hona hemen Altzibar zelaikoak: 1940-41 denboraldian, Anaitasunak Eibar F.C taldeari 9 eta 0 irabazi zion; garai hartan ere Eibarko taldea oso ona eta ospetsua zen. Bestalde, 1948. urtean, Gipuzkoako Futbol Federazioak probintziako zelaiak ikuskatuko zituela iragarri zuen, bereziki aldagelen egokitzapena ikusteko. Anaitasunak zelai ona zuen, baina ez zuen aldagela egokirik, eta horregatik, normala zen jokalariak Urola ibaian bainatzea, desagertutako Altzibarko presaren ondoan. Hori dela eta, Altzibartxo baserriaren ondoko biltegi batean aldagelak inprobisatu behar izan zituen taldeak, eta federazioaren ikuskapena gainditzeko moduan izan zen. Altzibarko zelaian ikusmin handia piztu zuten partidak jokatu ziren. Horietako bat da, Azkoitiko bi kuadrilla ezagunen artekoa: Aizpe eta Zakarrak. Jokalari bakoitzak mila duroko kopuru estimagarria jokatu zuen. Altzibarko zelaia erabat bete zen partida egun hartan, eta Aizpe taldeak 2 eta 1 irabazi zuen. Ongintzazko bilketa guztia, 200.000 pezeta baino gehiago, ikastolari eta eskualdean adimen-urritasuna zuten pertsonen alde lan egiten duten elkarteei bideratu zieten.

Altzibarko futbol zelaia.

Gizonen futbol taldeak poz handiak eman dizkie Azkoitiko zaleei, baina Anaitasunaren emakumeen taldea ez da gutxiago izan, alderantziz. 1993-94 denboraldian, Anaitasuna Espainiako estatuko futbolaren lehen mailara igo zen, emakumeen futbolaren elitera iritsi eta Azkoitiak futbol mailan izan duen lorpenik handiena eskuratu zuten. Talde horrek egindako lehen urratsak oso gogorrak izan ziren. Emakumeen taldeari bidea eman nahi zioten Sorkunde Garatek eta haren bikotekide Miguel Barquerok Anaitasunako arduradunengana jo zuten, baina arduradunek emakumeen talderik ezin zela sortu erantzun zieten bi lagunei. Ezusteko erantzun hura jaso ondoren, futbol federaziokoekin elkartu eta kirol desberdinak egiten zituzten neska azkoitiarrekin hitz egiten hasi ziren, horiek emakumeen futbol talde bat osatzeko helburuarekin. Gutxi ziren aurrez futbolean aritutakoak, baina 1985-86 denboraldirako talde bikaina osatu zuten. Talde horrek Iraurgi Kirolak babeslearen izena hartu zuen, eta Gipuzkoa mailan jokatuta, egundoko denboraldia osatu zuten. Gogoa eta kemen miresgarria ziren emakume talde haren arnasa, eta haientzat ez zen oztopo gaindiezinik. Esaterako, beste zeregin batzuen artean, emakumeek beraiek markatzen zuten jokatu aurretik San Juango harri txintxorrezko zelaia, eta epailea ere beraiek ordaintzen zioten partida ofizialetan. Iraurgi Kirolak lehen talde hura honako neskek osatu zuten, besteak beste: Amaia Zubizarreta, Ainhoa Garate, Arzalluz, Alazne Mujika, Marian Uzin, Mari Carmen Arenas, Agurtzane Odriozola, Garbiñe, Maje Zubizarreta, Ainhoa Peña, Eli Castillo, Maite Lizarralde, Amaia Perea, Sorkunde Garate, Jaione Lizarazu, Anari, Dorleta Aranbarri, Amaia Zubizarreta, Mikele Oruesagasti, Mari Carmen Zendoia eta Sara Andueza. Entrenatzaile lanak Miguel Barquerok egin zituen, eta Claudio aritu zen hari laguntzen. Bigarrengo denboraldirako sartu zen emakumeen talde hura Anaitasuna kirol elkartearen barruan, eta oso emaitza onak lortu zituen. Gipuzkoako Kopa irabazteaz gain, ligan hirugarren gelditu ziren.

Anaitasunaren emakume taldearen lehen urtea, 1987-1988 denboraldian.

Aurreko mende bukaera arteko kirol historiari begira jarriz gero, emakumeek osatzen zuten Anaitasuna taldeak sekulakoak egin zituen. Espainiako estatuko Emakumeen Ohorezko Liga Nazionalean jokatu eta seigarren geratzeaz gain, Gipuzkoako Kopako garaikurra eta Emakumeen Euskadiko Kopa behin baino gehiagotan irabazi zituen. Denboraldi askotan lortu izan ditu izugarrizko markak, eta bat aipatzeagatik, 1992-93 denboraldia ekar daiteke gogora. Sasoi hartan, partida bakoitzeko zazpi goleko batez bestekoa atera zuen taldeak. Intxaurrondoko nesken kontrako partidan, berriz, 22 eta 0 irabazi zuen.

Baloiarekin trebetasun desberdinak egin daitezke, eta bada baloiarekin aparteko abilezia zuen azkoitiar bat: Julio Elorza. 1996an, Kortezubiko (Bizkaia) udal pilotalekuan desafio bat jokatu zuen gizon hark Laudioko Gutiren kontra. Jokoan zera zegoen: ahalik eta denbora gutxienean, arauzko baloi bati bietako nork eman lehenago mila ukitu. Azkoitiarrak irabazi zituen jokoan zeuden 100.000 pezeta, bere lana sei minutu, sei segundo eta sei hamarrenean markatu ondoren; Gutik baino 38 segundo gutxiago behar izan zituen Elorzak. Hala eta guztiz ere, haren errekor homologatua baloiari buruz 1.355 aldiz jarraian ukitu zionekoa da.

Julio Elorza Kortezubin, buruarekin baloia jotzen zuen trebezia erakusten, 1996an.

Azkoitiko herriak futbol jokalari oso onak eman ditu, eta guztiak gogora ekartzea zaila bada ere, hemen horietako batzuk: Periko San Juan, Gorka Mendizabal, Julen Sagarzazu, Ina Sagarzazu, Ina Juaristi, Felipe Zabala Ali I.a eta Alejandro Zabala Ali II.a, Joakin Isuskiza, Xabier Sagarzazu, Jesus Maria Quintela, Jose Luis Ribera, Sorkunde Garate, Maria Paz Azagra, Iñaki Aldalur, Agustin Exposito, Jon Irureta, Juan Jose Garate II.a Camacho, etab. Saga edo futbol jokalari bikainak eman dituen familiak ere izan dira. Horietako batzuk aipatzeagatik, hor daude mokoluatarrak. Hainbeste anaia jokalari on izateaz aparte, horien arreba den Sorkunde Garate nazioarteko jokalaria izatera ailegatu zen. Altzapraka anaiek ere ospe handia izan zuten bere garaian, eta zer esanik ez sagarzazutarrek; Julen aita, bere bi seme Ina eta Xabier. Guztiak aipatzea ezinezkoa denez, ezin ahaztu Anaitasunaren 80ko hamarkadako bukaeran nabarmendu ziren Miriam, Izaskun eta Ainhoa Peña ahizpak ere.

Lerro gutxi hauetan ezinezkoa da Anaitasuna taldean jokatu duten ehunka eta ehunka jokalariak izendatzea. Ezinekoa da, era berean, klubaren zuzendari, prestatzaile, begirale, eragile, bultzatzaile, antolatzaile eta beste mila modutan taldeari hainbeste lagundu diotenak zerrendatzea. Azken horien artean lan izugarria egin dute zenbait kidek, eta ezin utzi aipatu gabe: Luis Segurola Burutzu eta Ibon Orbea, nesken taldeei laguntza paregabea eman zietenak; taldearen unerik txarrenetan beti arnasa ematen asmatu zuen On Anastasio apaiza; 40 urtez botilero lanetan aritu zen eta materialaren nahiz aldagelaren arduraduna izan zen Pablo Olalde Paulito; hainbeste eta hainbeste urtetan lan eredugarria eskaini duen Jose Maria Uria Txanboie; eta izen zerrenda luzea osatuko luketen beste hainbeste lagun.

Horien guztien eta beste ehunka pertsonen lan etengabeari esker iritsi da Anaitasuna bere futbol taldearen izen handia bazter guztietan ezagutzera ematera. Horrekin batera, lortu da kirolak dituen balio preziatuenak gure herriko neska-mutilei barneratzea, eta bide batez, horien lagunartea, elkartasuna eta ahalegin izpiritua suspertzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide