Herriko iturriak, iturburuak eta garbitegiak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko aza. 12a, 09:26
Trenbide azpiko iturria, gasolindegi ondoan zegoena.

Kepa Alberdik iturriei, iturburuei eta garbitegiei buruzko ekarpena egin du webgunean. Azkoitiko iturrien inguruko historia jaso du Alberdik, baita haien izenak bildu ere.

Azkoitiko lehen biztanleek Urolako ibaiertza aukeratu zuten beraien etxebizitzak egiteko, orduan ere ura eskura izatea behar beharrezkoa baitzen bizitzan aurrera egiteko. Ibaiaz aparte, errekak zein iturburuak ere han eta hemen dira gure herrian, leku askotan sortzen baita ura lurraren azpitik, nahiz eta ur horien emaria beti berdina ez izan. Belaunaldiz belaunaldi jaso den jakintzari esker, iturburuak eta iturriak izan dira herritarrentzako eta abereentzako ura ziurtatzeko baliabide nagusiak.

Aurreko mende hasiera arte ez zen iturririk Azkoitiko etxeetan, eta kaleko iturrietako ura edateko erabiltzeaz gain, ezinbestekoa zen ontzi, arropa eta gorputz garbiketak egiteko, janaria prestatzeko, komuneko lanak egiten zirenerako eta beste zenbait gauzatarako. Hori horrela, Azkoitiko erdiguneko plazetan edo txokoetan nahiz bide alboetan kokatzen ziren txorrotadun iturriak garaiko paisaiaren parte ziren, horiek beharrezkoak baitziren biztanleak urez hornitzeko eta animalien egarria asetzeko.

Plaza nagusiko iturria.

Azkoitiko iturriei buruzko lehen albistea 1551koa da, hain zuzen ere, Iturmendi deituriko iturria egiteagatik Andres Leturiondo maisuari ordaindu zitzaizkion hamar dukaten berri ematen duena. Bestalde, 1605eko dokumentu batek, Larramendiko dorrearen lurretan zegoen iturriak zein ur on eta osasungarria isurtzen zuen azaltzen zuen. Herritarrak ez ezik, kanpotarrak ere bertara asko hurbiltzen ziren, eta agintariek iturri haren konponketa egitea erabaki zuten. Mende horren bukaeran, 1696an, lehen urratsak eman zituen udalbatzarrak, ura parrokiko sakristiara eramateko, eta bide batez, aurrean zegoen Idiakez plazatxora ubidea egin eta han iturri bat jartzeko. Hasiera batean, ura Perdelaritik eramateko asmoa zuten, baina azkenean, proiektu osoa bertan behera geratu zen. Hiru urte geroago, herri barruan Iturmendi iturria besterik ez zegoela eta, beste iturri bat jartzeko ametsarekin jarraitzen zuten herritarrek. Iturri bakar hura ez zegoen oso toki egokian eta erosoan. Gainera, honelako azalpenak egiten zituzten orduko herriko agintariek: "… por no haber otra que la que llaman de Iturmendi en paraje muy descomodado, retirado y expuesto a licencias que el concurso de mozos y mozas a todas horas suele ocasionar en mucho desagrado de Diós Nuestro Señor…". Horrela eraiki zuten, gaur egun Hiru-iturri izenarekin ezagutzen dugun iturria. Iturri hartako ura Arangoitiko parajetik ekarri zuten, eta beheko portalaren edo sarreraren inguruan egin zioten ubidea. Dena den, garai hartan bazen Amorketa izeneko beste iturri bat ere herriko errebalean.

Ordura arte zeuden iturrietan ur zikina ateratzen zen, neguan batik bat, eta herritarren nahia zen ur garbia isuriko zuen iturri egoki bat eraikitzea. Hori horrela, 1783an, Idiakez plazatxoan iturri bat egitea erabaki zuten, Otakor deituriko iturritik ubidea luzatuz. Tamalez, ordea, iturri hartako ura ere zikindu egiten zen negua iristean, eta azkenean, ura Perdelari iturritik hartzea erabaki zuten. Horrela jaio zen, 1831n, Azkoitiko ikurra bihurtu den Barriken iturria. Urte batzuk geroago, gainera, aska bat atera zioten bere atzealdean. Udalak Barriken iturria finantzatzeko baliabide ekonomikorik ez zuenez, beste baliabide batzuez gain, kontzejuaren jabetzakoa zen Telleritxuko garo saila saldu zuen.

Barriken iturria Plazaberrin zegoenean.

Hala eta guztiz ere, herriak uraren behar handia zuen artean, bai iturrietarako, bai garbitokietarako. Hori dela eta, udalak azterketa bat egin zuen eta ondorioztatu zuen herrian iturburu txiki asko zegoela; bide batez, Olazabalgo iturburua jo zuen egokiena, handik ur garbia eta ezaugarri onekoa herrira ekartzeko. Orduan, Azkoitia eta Elgoibar arteko bidetik 400 metrora zegoen Olazabalgo iturburua erosi zuen, eta hango ura erabili zuten herrian beste iturri batzuk eraikitzeko. Horrela, gerora oso ezagunak egin diren iturriak jartzen hasi ziren herriko txoko desberdinetan. Besteak beste, enparantza nagusikoa, Iparkalekoa, Txurruka etxearen ondoan dagoen iturria, Santa Klarakoa eta Errukietxearen ondokoa. Dena den, horietako bat edo beste desagertuta daude gure kaleetatik.

Iturriekin batera, garbitokiak edo uraskak ere behar beharrezkoak ziren garai hartan. 1890ean, proposamen bat egin zuten garbitoki bat eraikitzeko. Garbitokia egin zen, baina antza denez, ur gutxi iristen zen hara, eta hori arazo larria bihurtu zen. Erantzun bat emateko asmoz, Otakor errekatxoaren eta Iparragirre baserriaren lurretan sortzen zen uraren emaria aztertu zuten, eta bigarrena hautatu. Garbitokia urez asetzeaz gain, altuera batean eraikitzeko asmoa zuten ur depositua ere bete ahal izango zuten hala. Azkenean, depositu hartako ura Atano azpian zegoen errekatxo batetik hartu zuten, eta hoditeria batzuen bitartez, ura garbitokira eta herriko kaleetara bideratu zuten. Ur harekin egin zituzten, besteak beste, kaleak garbitzeko eta suak itzaltzeko lehen probak.

Hiruiturri, Balda plazara lekualdatu aurretik.

Herri barruan, jadanik, iturri batzuk bazeuden arren, ez zen behar beste ur iristen haietara. Horregatik, 1898an, Aingeru kaleko eta Goiko tabernaren aurrean zegoen Barbako iturriei ur pixka bat kentzea erabaki zuen udalak proba moduan, herriko gainontzeko iturriak uraz hobeto hornitzeko. Erabaki hori hartu eta egun gutxira jakin zuten, Elgoibarko bidean zegoen Baliarasko lantokiaren ondoan ura galtzen hasi zela. Izan ere, lantoki hartarako ura behar zenean, herrira ez zen urik heltzen, eta alderantziz, lantokiak ura behar ez zuenean Aizkibel kaleko iturriak gainezka egiten zuen.

Urte batzuk geroxeago, 1904an, Otakor errekako urarekin batera, Iparragirre baserriko lurretan sortzen zen ura jasotzea erabaki zuen udalak herriaren beharretarako. Baina, arazo bati aurre egin eta beste bat sortzen zen segidan. Esate baterako, 1917ko txosten baten bitartez jakin zen Olazabalgo iturburutik ekartzen zen ura ez zela edateko modukoa. Horren ondorioz, agintarien lehentasuna bilakatu zen edateko moduko ura aurkitzea, eta 1921ean aurkitu zuten Atano baserriko lurretan edateko ur egokia zuen iturburua. Orduan, udalak erosi zuen hura.

Barbako iturria.

Udalak ura herriko etxeetaraino eramateko asmoa zuen 1905. urterako; hasita zegoen hoditeria eta kontadore katalogoak eskuratzen. Edozein modutara ere, Azkoitiko auzoetarako eta etxebizitzetarako uraren kanalizazioa 1919. urtearen ostean hasi zen orokortzen. Ura etxean bertan izanda, edateko eta janaria prestatzeko erabiltzeaz aparte, oso baliagarria bihurtu zen gorputza eta arropa garbitzeko. Osasunarentzako hain oinarrizkoa izanik, gorputza garbitzeko erabiltzen ziren xaboiek ere bazuten bere garrantzia; batik bat, Txinbo eta Lagarto izeneko xaboiak erabiltzen ziren Azkoitian XX. mende hasieran, horiek oso onak baitziren azaleko arazoak saihesteko eta piztien zenbait gaitz osatzeko. Aldi hartan, suteko hautsa ere erabiltzen zen gorputza garbitzeko, baita arropa eta ontziak garbitzeko ere.

Azkoitiko etxeetan ura izan aurretik, herritarrak kaleetan eta mendietan zeuden garbitokiez baliatzen ziren, arropa, izarak eta bestelakoak garbitzeko. Garai bateko garbitoki batzuen berri badugu: San Martingo etxeetan gaur egun elkartea dagoen eraikinekoa eta etxe horien azpialdeko biragune ondoan zegoena; parrokia atzekoa; Txakurzulokoa; Iparkalekoa —Forcada sendien baratzaren paretaren kontra zegoena—; Intxausti inguruan zena; Izarraitz kalearen atzealdekoa; eta Aingeru kalean zegoena. Ibai eta erreka bazterrak ere erabiltzen zituzten garai hartako herritarrek garbiketa lanak egiteko. Esate baterako, Urola ibaiak presa bat zuen parrokia atarian, eta zubia gurutzatu aurretik, aldapatxo bat jaitsieran. Han elkartzen ziren inguruko emakumeak, etxeko garbiketak egiteko. Baserrietan urik ez zegoenean, berriz, arropak etxean xaboitzen zituzten, eta ondoren inguruko erreka batera joaten ziren, haiek garbitu eta harriaren kontra astinduz. Baserrian ura baldin bazegoen, ostera, baserri ondoko askan egiten zuten baserritarrek lan hori, ondoren arropa bertako latsarriaren kontra astinduz.

Santa Klara konbentuko garbitokia.

Azkoitiko bizitza sozialean, herri barruko iturriek oinarrizko funtzio publikoa izan dute duela gutxi arte. 1970. urterako, herriko kaleetan hamahiru iturri zeuden ura jariatuz; dena den, ura urri izaten zen orduan ere uda sasoian. Herrian iturriek ezaugarri bereziak izan dituzte, eta zutik daudenek hala dituzte orain ere. Batek edo bestek, Ibaiondo kaletik Martirietarako bidegurutzearen parean zegoen iturriak adibidez, bere arrasto gorriarekin ondo asko adierazten zuen isurtzen zuena metal ura zela. Beste batzuk aska bat zuten ondoan, animaliek bertatik edan ahal izateko. Esan izan denez, bazeuden herrian San Juan bainuetxeko ura baino ur osasungarriagoa isurtzen zuten iturriak ere. Herriko iturri askoren izenak inoiz entzun gabeak izango dira askorentzat, baina ziurrenik ezagunagoak izango dira herriko adineko pertsonentzat. Hona hemen, dagoeneko desagertuta dauden iturri izen batzuekin nahasirik, oraindik herriko txoko desberdinetan ikus daitezkeen iturrien izen edo kokapen batzuk:

  • Metala iturria (Urtuko zubiaren ondokoa)
  • Txakurzulokoa
  • Parrokia atzeko Etxetxoko iturria
  • Atraskuko iturria
  • Iparkaleko iturria
  • Balda plazan dagoen Hiru-Iturri
  • Barriken iturria
  • Baztarrikaldeko bidegurutzean dagoen Barbako iturria
  • Iturmendi
  • Larramendiko iturria
  • Intsaustikoa
  • Enparantza nagusiko iturria
  • Txurruka-Etxe ondoko iturria
  • Goiko Kale hasieran dagoen Kokorroneko iturria
  • Errebaleko Amorketa iturria
  • Otakor
  • Perdeladi
  • San Jose basilikaren ondoan dagoena
  • Santa Klarako komentu aurrekoa
  • Errukietxekoa
  • Aingeru kaleko iturria
  • Presalde
  • San Juango iturria
  • Ubaiarko iturria

Herrigunetik kanpo gelditzen diren mendi-auzoetan ere iturri ugari daude, eta hona hemen horietako batzuk:

  • Elosu errepideko Aitzbeltz
  • Korteta eta Goenagatxo iturriak
  • Zumarraga bideko Olatzagako iturria
  • Urrategi auzoko Iturritxepela
  • Telleriturri eta Urdaiko iturriak
  • Madarixa auzoko Marakoleta
  • Kataolatza
  • Lizartxo
  • Arumearrate
  • Iturriaundia
  • Torreko eta Loiako iturriak
  • Olaso auzoko Zuatzola eta Etxeberriko iturriak
  • Izarraitz auzoko Izkitturri
  • Sorginiturri, Lizardi eta Larregiko iturriak
  • Martirietako Antzarriturri, Adaburu, Barretxoiturri, Ameztikoa eta Aitzuriturri iturriak (azken hori Otsolarreko iturria bezala ezagutzen dena)
  • Kukuerri bideko hiru iturriak
  • Santakutz auzoko Etxeziko iturria
  • Azpikoiturri, Urritzondo Polpoliturri...

Sorginiturri.

Aipatutakoak baino askoz iturri eta iturburu gehiago dago Azkoitian, baina etxe bakoitzari atxikiak eta izen komunik gabekoak dira horietako asko. Garbi geratu dena da, gurea ur askoko herria dela, eta ia historiaurreko jatorria zuten putzu tradizionalak bertako iturriek ordezkatu zituztela, osasun arrazoiak medio. Edonola ere, iturri horiek beraien protagonismoa galtzen joan ziren herriko etxe guztietan ur-korrontearen instalakuntza normalizatu zenean. Lan horien ostean, herriko eguneroko bizitza erabat aldatu zen, gainera. Zer poz suposatuko ote zuen orduko azkoitiarrentzat, etxean bertan eskura ur nahikoa izateak eta baldeekin nahiz marmitekin egiten zituzten ur garraio nekezak atzean uzteak?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide