Azkoitiko erlojuak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko mai. 8a, 09:30
San Martingo erlojua.

Kepa Alberdik idatzitako testua da honakoa. Bertan, Azkoitiko eguzki-erlojuen inguruan hitz egiten du, eta horien historiaren nondik norakoak azaltzen ditu testuan.

Mendeetan zehar, San Martingo elizan eta parrokian jarritako erlojuetan jarri zituzten azkoitiarrek beren begiak, eta beraiek emandako orduak entzun zain egoten ziren, eguneko zein une zen jakiteko. Dena den, garai batean, herrietako ordutegia eguzki-erlojuek markatzen zuten, eta elizetatik egiten ziren kanpai hotsek iragartzen zituzten orduak. Kanpaiek eguneko une jakin batzuetan jotzen zuten, elizako fatxadan jarritako eguzki-erlojuak markatutako ordua erreferentziatzat hartuta, eta kanpai ukitu haiek izan ziren herriko bizimoduaren denbora erreferentzia, bai fededun otoitzentzat, baita gizarte-lanetarako eta beste funtzioetarako ere.

Nahiz eta eguzki-erlojuak ez izan oso ezagunak herritarren artean, Azkoitian ere izan dira halakoak, eta oraindik ere agerian dira hegoaldera begira jartzen ziren hauetako bat edo beste. Erloju horietako bat parrokiako fatxadan ikus dezakegu, eguzkiak bere itzala harrian islatzeko behar duen hagaxka txikiarekin. Balda dorretxean ere bazen eguzki-erloju bat, eta haren kokagune zantzua, fatxadan, erdiko eta ezkerreko balkoi artean dagoen zuri-gune borobilak ematen digu. Azkoitiko Kale Nagusiko 91. zenbakian, Txurruka etxearen fatxadako goiko partean hain zuzen ere, bada erloju dekoragarri bat, eta aurreko biak baino berriagoa bada ere, ia berrehun urte ditu erloju honek. Bestalde, Donostiako Elizbarrutiaren Ondare zerrendan agertzen denez, bada beste eguzki-erloju bat gure herrian, baina honen kokapena ezezaguna dela diote. Bere argazki bat badute artxibategian, eta bertan agertzen denez, laukizuzena da, eta orduak eta ordu erdiak kolore beltzeko harrizko plaka mehe batean grabatutako erromatar zenbakitan ditu, goizeko 06:00etatik arratsaldeko 18:00etara. Bertan agertzen da, baita ere, nola burdinazko gnomo triangeluarra duen, eguzkiak bere itzala markatutako harrian islatzeko.

Balda dorretxea.

Erloju mekanikoek eguzki-erlojuak ordezkatu zituzten arte, hori izan zen garai bateko denborak erregulatzeko prozedura. Azkoitian, erloju mekanikoei dagokienez, San Martingo erlojuari buruzkoa dugu lehen albistea. 1518ko paper zaharretan azaltzen da nola herriaren aldetik elizan serora lanetan aritzen zenari dirua ordaintzen zitzaion bertako erlojua zaintzeagatik. San Martingo muinoa eta bertan kokatzen den eliza beti izan dira erreferente azkoitiarren eguneroko bizitzan, eta bertako erlojuak ere Azkoitiko erlojurik garrantzitsuenak izan dira betidanik. Esan daiteke erloju horiek oso historia gorabeheratsua izan dutela, matxuren kontuengatik nahiko katramila sortzeaz gain, leku aldaketa bat baino gehiago izan baitzuen horietako erloju batek. Izan ere, garai batean San Martingo erlojua parrokiara eraman zuten, eta alderantziz, parrokiako dorrean denbora bat egon ostean berriro ere bere jatorrizko lekura itzuli zuten.

Aldi hartan, maisu-erlojeroak izaten ziren erlojuaren konponketa eta mantentze lanetarako ardura zutenak, baina askotan, ezinezkoa zitzaien erloju konplikatu haien matxurak konpontzea, horiek zituzten desorekak etengabeak baitziren. Arrazoi horregatik, 1612an herriko agintariek handik denbora gutxira San Martingo dorrean muntatu zen erloju berria enkargatu zioten Elgoibarko Pedro de Marigortari. Baina erloju berria jarri ondoren, hark matxura etengabeak izan zituen, 1638an, 1641ean, 1654an, 1661an, 1667an, 1681ean, 1692an eta 1694an, besteak beste, eta konponketa lanetan diru asko gastatu zuen herriak. Hori horrela, udalak erloju hura San Martinetik parrokiako dorrera aldatzea pentsatu zuen 1695ean, eta aldaketa horren gastu erdia udalak eta beste erdia elizak ordaintzeko erabakia hartu zuten bide batez. Baina, antza denez, parrokian ere erlojua sarri xamar gelditu edo atzeratzen zen, dorrea jotzen zuten tximista ugarien ondorioak jasaten baitzituen; gauzak horrela, agintariek berriro ere erlojua San Martinera aldatzea erabaki zuten 1709an. Dirudienez, erloju hura leku bakarrean ez egoteko egina izan zen, eta funtzionamendu txarra zela eta, 1724an, parrokiako dorrera eraman zuten berriro. Han, 1743an, Domingo Alberdi zurgin maisuak teilatu txiki bat jarri zion erlojuari, euritik babesteko. Bitxikeria moduan esan behar da 1744an Joseph Villegas frantziskotarrak egin zituela erlojuaren egokitze lanak eta haren ordainik jasotzerik nahi ez zuenez, udalak sei libera txokolate entregatu zizkiola.

Txurruka etxeko eguzki-erlojua.

Garai hartan udalak Esteban Badiola kanpai-jotzailea izendatu zuen parrokiako erlojuaren zaintza lanak egiteko, eta horretarako, bertako dorrean bizitzen jarri zen eta kanpaien eta erlojuaren ardura hartu zuen. Esteban Badiola eta parrokiako sakristauaren artean arazoak sortu ziren, kanpandorrera igotzeko eliza barrutik igaro behar zela eta, lehenak bigarrenaren baimena behar zuenez. Liskar haiei amaiera emateko, elizaren barrualdetik dorrera joateko zeuden bi ateak itxi zituzten, eta oraindik, Atraskua tabernako sarreratik ikus daitekeen kanpoko atea ireki zuten kanpandorrearen behean, bertatik zuzenean dorrera igotzeko. Ateko sarrailarentzat bi giltza egin zituzten, sakristauari eta erloju zaintzaileari emateko, hain zuzen ere.

Dirudienez, azken erloju horrek ere nahiko buruko min eman zuen, eta horren ondorioz, 1767an, beste erloju bat erosi zitzaion Karlos Olaskoagari. Denborak aurrera egin ahala, erloju hark ere bere propietate batzuk galdu zituen, eta horren ondorioz, nahastuta ibiltzen zenez, 1820an beste erloju berri bat erostea erabaki zuten herriko agintariek, lehendik zegoena salduz. Erloju berri hura San Martingo elizan ipintzea erabaki zen, Azkoitiko txoko gehienetatik hobeto ikusiko zela eta. 1860an parrokiako dorrean jarraitzen zuen erloju zaharrak, handik gutxira erretiratuko bazuten ere. San Martingo elizako erloju berri hura 1859an ipini zuten Faustino Zugastik eta semeak, eta altzairuzko lau zutabe ere ekarri zituzten bertako kanpaia sostengatzeko. Herriko bazter guztietatik ikusi ahal izateko, duela ehun urte inguru ipini zitzaizkion erlojuak gaur egun dituen lau esfera, ordura arte iparraldera begira zegoen esfera bakarra baitzuen. Bide batez, dorreari beste pisu bat gehitu zitzaion, eta lehen zuen teilatua kendu ondoren, orain duen almenadun dorre-burua ipini zitzaion. Oraindik ere erloju hark segitzen du ordua ematen San Martingo dorrean, eta gaur egun, tarteka, 160 urteetako funtzionamenduaren ajeak agerian izaten baditu ere, Pello Alkorta ondo baino hobeto arduratu da 2001etik erloju hori begiratu eta mimatzen, bera baita erlojua garbitu, koipeztatu, konpondu eta herritarrei ordua zuzen emateko zaintzen duena. Erloju honek bi kontrapisu ditu, bata ehun kilokoa eta bestea 300 kilo ingurukoa, hurrenez hurren. Garai batean, kontrapisu horien azpiko lurra gaur egun baino beherago zegoen, eta hori horrela, korda eman gabe ere astebete irauten omen zuen. Baina gero, lurra altxatu egin zuten, eta orain, Pello Alkorta astean bi aldiz joaten da korda ematera, bestela kontrapisuek lurra joko bailukete. Azkenaldian erlojuak ez du matxura larririk izan, baina 2005ean, San Martin egunean, orratzetako bat hautsi ondoren, pisuaren aldeak makineria desorekatu eta gelditu egiten zuenez, 2006ko uztailean lau esferetako orratzak aldatu eta altzairu herdoilgaitzezkoak jarri zituzten.

Parrokiako fatxadan dagoen eguzki-erlojua.

Azkoitiko erloju mekanikoen historia ia osorik San Martingo elizan eta parrokian ipinitako erlojuek osatzen baldin badute ere, aurreko mende hasieran izan zen herri erdian beste erloju bat ipintzeko halako proiektu bat. Azoka Plaza eraiki zutenean, Albizturren bizi zen Inazio Zubillagari deitzea erabaki zuen udalbatzarrak, hark ikus zezan non jarri zezakeen erloju bat Azoka Plaza berriaren aurrealdean. Alkateak Inazio Zubillagari adierazi zion elizaren ingurutik ez ezik Artzubi aldetik ere, hau da, Porrukale bukaeratik ere ikusi behar zela erloju berria, eta eskaera hura betetzeak bere zailtasunak zituen, horretarako erlojua Azoka Plazaren aurrealdetik nahiko aparte ipini behar zelako. Inazio Zubillagak bi erlojuen aurrekontua prestatu zuen, bata orduak eta erdiak ez ezik laurdenak ere jotzen zituena eta bestea laurdenak jotzen ez zituena. Azkenean, udalak beste aurrekontu batzuk ere eskatu zituen, baina tamalez, Azoka Plazan erlojua ipintzeko gogoa asmotan geratu zen, erlojua ipintzerik ez baitzegoen udalak nahi zuen baldintzetan. Dena den, gaur egun ikus dezakegu erloju bat fatxada horretan, nahiz eta hura plazatik bertatik bakarrik ikus daitekeen.

Erlojuek markatu dute denboran Azkoitiko historia, eta mende batzuk atzera egiten badugu, ikusiko dugu herritarrek bazekitela eguzkiaren itzalen bidez gutxi gorabehera zer ordu zen, eguzkiaren itzala aldatzen zen heinean, honen luzerak eta norabideak adierazten baitzuten egunaren unea. Geroztik, eguzki-erlojuek eta ondoren erloju mekanikoek ohartarazi diete azkoitiarrei denborak aurrera egiten duela. San Martingo erloju mekanikoa ipini bitartean, antzinako herritarrek ez zuten orduaren zehaztasuna ezagutu, are gehiago, ez zen beharrezkoa, erlojuaren menpe bizi garen garaiotan, ulertezina iruditu arren, garai hartako erlojuak oso malguak ez izateaz aparte, beste sosegu batekin bizi baitzen bertako jendea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide