Garai bateko kale garbitzaileak eta zabortegiak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2021ko aza. 28a, 08:30
Jauregi baserri ondoko errausketa labea.

Kepa Alberdi Egañak ekarpen berria egin du: 'Garai bateko kale garbitzaileak eta zabortegiak'.

Azkoitian udalaren gain egon da betidanik herriko kaleak garbi mantentzeko lanen ardura, eta horretarako, ordenantzak berritzen joan da mendeetan zehar. Duela mende batzuk horrela ez bazen ere, kale garbiketari gero eta garrantzia handiagoa eman zaio denborak aurrera egin ahala, eta horren ondorioz, aspalditik dator alkateak lan horietarako arduradun bezala zinegotzi bat izendatzeko ohitura.

Garai batean, ohikoa zen txerriak eta bestelako abereak herriko kaleetan libre uztea. Zikinkeria ugari sortzen zen kalean, baita lurrezkoak ziren kaleei kalte handiak eragin ere. Paper zaharretan agertzen denez, arazo horiek ekiditeko, Azkoitiko agintariek enparantzan eta kaleetan ibilitzen ziren txerriak biltzeko, eta horretarako propio prestatutako ukuilu batera sartzeko agindu zioten 1579. urtean Domingo Zabala sindikoari. Udalaren agindua garbia izan arren, herritar batzuk bere horretan jarraitu zuten, txerriak kalean libre utziz. Ondorioz, 1614an agintariek neurri zorrotzagoa hartu zuten, eta egunez zein gauez txerriak kalera edo errebalera ateratzen zituztenei isunak jarriko zizkietela esan zuen udalak.

Etxeetako ur zikinak eta zaborrak ere zuzenean kalera botatzen ziren kasu askotan. Karabeetan –eraikin artean egoten ziren tarteetan–, adibidez, ohikoa zen "badoa ura" oihu eginez gauean erabilitako pixontziak hustea. Etxetik kalera ur zikinak eta zaborra botatzen zituzten bizilagunei neurria hartzeko asmoz, udalbatzarrak 200 maraiko isuna ezartzea erabaki zuen 1628. urtean. Ur zikinek, hondakinek eta kalean pilatzen zen zikinkeriak sortzen zituzten arazoez gain, oso eragin kaltegarriak zekartzan herritarrentzat jendea hala-nolako etxebizitza osasungaitzetan pilatuta bizitzeak ere. Denborak aurrera egiten zuen heinean, gainera, arazoa areagotzen joan zen. Herriko higiene orokorrarentzat zuen garrantzia kontuan hartuta, agintariek neurri zorrotzak hartu zituzten; debeku berriak ezarri zituzten, eta ordenantza bidez komunak etxeko hormetatik kanpoaldera ateratzea eragotzi zuten. Era berean. osasun publikoarentzat kaltegarriak izan zitezkeen animaliak etxean haztea galarazi zuten.

Neurri bat edo beste hartzearen eraginez, herrian halako hobekuntza izan bazen ere, XX. mende hasieran ezarri zuten herriko garbitasunari eta higiene orokorrari zegokion funtsezko ordenantza. Azkoitiko Udalak, 1909an onartu zituen ordenantza berriak, eta honela zioten testuan agertzen ziren arau berrietako batzuk:

  • Harraskako ur zikinak eta komuneko gorotzak etxe azpian edo ukuiluan pilatuko dira, eta garoarekin tapatuko dira usain txarrak ekiditeko. Horiek tarteka erretiratu egingo dira. Ukuilurik ez duten etxeek, berriz, ur zikinak eta gorotzak estoldetara ebakuatzeko baliabide iraunkor bat ipiniko dute, ur korrontea etxera eramanaz eta komunetan depositua ipiniz.
  • Etxe barruan edo kanpoan eraberritze lana egin behar duen herritarrak, aurrez instantzia bat aurkeztu beharko du udalean, egin beharreko lanaren xehetasun guztiak ondo azalduz. Eraberritze lanik ezingo da egin udalak bere baimen lizentzia entregatu arte.
  • Eraikitzen diren gela berriak ezingo zaizkie alokatu osasun arauek onartzen dutena baino pertsona gehiagori.

Aurreko mende hasierako bigarren hamarkadan, Azkoitiko industriarekin eta lantokietan nahiz lanpostuetan izandako garapena kontuan hartuta, izugarri handitu zen biztanleria denbora gutxian, eta etxebizitza gabeziaren arazo larria nagusitu zen herrian. Orduko agintarien hitzetan, osasungaitza izateaz gain, onartezina eta inmorala zen sexu desberdineko pertsonak leku txikiko gela berdinetan bizitzea. Horrez gain, kontuan izan behar da, gela horietako askok ez zutela ez argirik ezta aireztapenik ere, eta horietan jendea pilatuta bizi zenez, foku ezin aproposagoa zela izurriteentzat. 1916an, Frantzisko Alberdi orduko alkateak etxebizitza berriak egiteko erabakia hartu zuen, eta lur bila hasi zen egoera hari konponbide duina emateko asmoz. Etxe beharrrak ekarri zuen handik urte gutxira San Martingo etxe merkeen eta beste etxebizitza batzuen eraikuntza.

Kale garbiketen udal ordenantzak gero eta zorrotzagoak izan arren, XIX. mende bukaeran, oraindik ere, etxeetatik ur zikinak kalera isurtzen jarraitzen zuten; biztanle askok normaltzat hartzen zuen. Praktika hura nolabait ekiditeko, udalak hamar eguneko epea eman zien harraskako eta bestelako ur zikinak biltzeko hoditeria ipintzeko. Horrez gain, 1883an, kaleak ekortzeko eta ureztatzeko gurdi bat erosteko baimena eman zuen udalak; izan ere, kale garbitzaileek beren erratzak besterik ez zituzten erabiltzen garai hartan bazterrak txukun mantentzeko. Langile horien lehen lana erratzak prestatzea izaten zen, eta horretarako, gure mendietan horren ugariak ziren txilar edo isats puskak mozten zituzten, metro bat baino luzeagoak guztiak. Ondoren soka batez adarraz edo kanaberaz egindako kirtenari lotzen zieten. Hura zen kale garbitzaileen lanerako tresnarik garrantzitsuena, palarekin eta eskuko orgarekin batera.

Matadei ondoko presa.

Kale garbiketek eta etxeetan bildutako hondakinek zabor pilaketa zekarten beraiekin, eta horiek ere arazo bat baino gehiago sortu zuten. Dena den, duela gutxi arte, Azkoitiko hondakin asko baserrietako nahiz etxeetako ekonomiketan eta errausteko gune txikietan erretzen zen. Herrian egunero jasotzen zen zaborra, mandoak tiraka eraman ohi zuen tapadun karro batekin. Karroa eramaten zuenak kanpantxila bat erabiltzen zuen herritarrei deitzeko, eta ondoren, bildutako zabor guztia Matadei ondoko presara botatzen zuen, hain zuzen ere, Urola ibaira. Bada lan horri buruzko pasadizo bat ere: behin karroa ibaira erori zen mando eta guzti, eta azken hori ito egin zen.

60ko hamarkadan, gero eta arazo gehiago ematen hasi zen hondakinen gaia, herriko edozein bazterretan gero eta ageriagokoak baitziren edozer eratara botatako eta pilatutako zaborrak. Jarduera horiengatik, salaketa bat baino gehiago jaso zuek herriak, eta hori horrela, 1969an guztiz beharrezkoa ikusi zuen udalak errausketa labe bat eraikitzea, "herriko higienea eta estetika" tarteko. Horrela, "herriko hondakinak uzteko beste gune egokiagorik ez zegoela eta", udalak 1.500 metro karratuko lursaila erosi zion Izarraitz auzoko Jauregi baserriko familiari, han erraustegi-labea eraikitzeko. Lehen labea 1969an eraiki zuten, eta orduan hasi zen Jauregi baserriko eizagirretarren kalbarioa; erraustegi-labea baserri ondoan izan zuten urte haiek oso gogorrak izan ziren familiarentzat. Labe hark arazo asko izan zituen hasiera hasieratik, eta beroak eragindako arrailak tarteko eta hondatu egin zelako, bigarren labea eraiki zuten 1977an aurretik zegoen labearen ondoan. Azken hori ere hondatu egin zen, eta 80ko hamarkadan itxi egin zuten. Jauregi baserriko aita aritu zen urte haietan guztietan labe haiek elikatzen, husten eta bestelako zaintza lanak egiten. Hondakin guztia batera botatzen zuten labera, eta beirazko botilekin goraino betetzen zenean, kolapsatu egiten zen. Hura husteko, labeak hotza egon behar zuen, eta horretarako, hiru hilabetez geldirik eduki behar izaten zuten. Martxan egon zen aldi hartan, lau bat kamioik husten zituzten egunero beraien hondakinak Jauregi baserri ondoko beheko eremuan, ondoren su emateko. Usain higuingarriaz gain, milaka arratoiren bizilekua ere izan zen eremu hura, Jauregi baserria barne. Hainbat arratoi-pozoi motarekin aritu ondoren, azkenean arratoiak immunizatu egin ziren. Hala eta guztiz ere, Jauregi baserriko aita izan zen oinazerik latzenak jasan zituena. Lan arriskutsu hark eraginda noiznahi izaten zituen erredurak, baina labean erretako hondakinek sortutako gas kutsakorrak ere une oro eta urte luzez arnastu zituen. Azkenean, esofagoko minbiziak jota hil zen.

Lapatxeko zabortegia, Azpeitian.

1988an, Lapatx zabortegi kontrolatua jarri zuten martxan Azpeitian. Zabortegi hark jaso zituen inguruko herrietako zaborrak, horien artean baita Azkoitikoak ere. Zabortegi hura martxan egonagatik ere, zenbait kamioik Jauregi baserriaren ondoko lursailean jarraitu zuten herriko zaborra botatzen, hura Lapatxekoa baino hurbilago zegoelako. Bi urtez aritu ziren horrela. Baserrikoek ondo gogoratzen dute ama hainbatetan etzan zela baserriaren ondoko errepidean, kamioiak ez zitezen handik pasatu. Bigarren errauste-labea itxita ere ez zen bukatu Jauregi baserriko familiaren amesgaiztoa.

Oñederko zabortegia kokatzen zen gunea, 2012an.

Gaur egun, dimentsio handiko arazoa bilakatu da zaborraren gaia, hondakinen tratamenduak, birziklatzeak eta horien kudeaketak eztabaida asko sortzen baitu. Gure herriak, Jauregi baserriko errauste-labeen kontuaz aparte, baditu zaborraren gaiari buruzko beste pasarte ilun batzuk ere, eta horien artean, Oñederko zabortegia aipa daiteke. Hango kudeaketa eta kontrol ezak kalte handia eragin dio Azkoitiko herriari. Nahiz eta tartean gertaera ilunak eta haserregarriak ere izan ziren, aurrerapauso handiak eman dira mendeetan zehar hondakinak jasotzeko eta herria garbi mantentzeko lanetan. Orain, azkoitiarroi egokitzen zaigu arlo horretan urrats eraginkorrak ematen jarraitzea, gure herria XXI. mendeak eskatzen duten mailan kokatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide