Atzera begira

1953. urteko urriko uholdeak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2021ko urr. 14a, 08:45
Goiko Kaleko irudia, 1953an.

Duela 68 urte, gaurko egunez, uholdeak izan ziren Azkoitian nahiz eskualdean, eta gertakari haren inguruan idatzi du Kepa Alberdi Egañak. Uholde haiek ezbehar handiak eragin zituzten. 

Azkoitiko herriak gertakari latz eta samingarri ugari pairatu izan ditu historian zehar, eta uholdeek eragindakoak izan dira gordinenetakoak. 1593koa, 1926koa eta 1983koa latzenetakoak bezala gogoratzen badira ere, 1953ko urriko uholdea izan zen Azkoitian eta ondoko herrietan ondoriorik tamalgarrienak eragin zituena. Etengabeko euri jasa izugarriek inguru guztiak lohiaz estaltzeaz gain, hildako asko utzi zituen.

1953ko udaberria eta uda lehorrak izan ziren, eta orokorrean, metereologikoki oso nahasia izan zen. Ipar itsasoaren inguruko herrietan ere Europako haize ekaitz batek sortutako uholdeak milaka pertsona hil zituen. Urriaren 14an, fronte handi batek sortutako euri zaparrada ikaragarriak tarteko, ordu gutxitan litro asko pilatu zen metro karratuko Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Hori horrela, Urola ibaiak gainezka egin zuen oso modu larrian. Uholdeak galera handiak eragin zituen Azkoitian, baina lau herritar ere hil ziren Zestoa parean, Urola ibaiaren ur korronte izugarri batek autobus eta kotxe bana aurretik eraman baitzituen.

Zestoan ezbeharra izan zuen La Guipuzcoanako autobusa 28 bidaiarirekin abiatu zen Donostiako Gipuzkoa plazatik, 18:00etan, euri denborale baten erdian. Iraetatik atera eta Osinbeltzeko harrobiaren amaierara heltzean hasi ziren lehen arazoak; izan ere, autobusa ez aurrera ez atzera geratu zen urak geratutako auto bati laguntzen ari zirela. Handik gutxira, 19:30ak aldera, autobusaren motorra ere urez bete zen, Urola ibaiko urak hartu zuen altueragatik. Hori ikusita, erremolke edo atoi baten bila joan ziren Juan Zubizarreta, autobuseko gidari azkoitiarra, Jose Manuel Iraeta, autoaren jabea –Azkoitiko txatar biltzailea–, eta Juan Zuzuerregi zein Jose Olaizola zestoarrak. Itzuli zirenerako, autobusa metro eta erdiko altuera zuen urez inguratuta zegoen. Egoera larri hari, gainera, ilunpea gehitu zitzaion. Ezinezkoa egin zitzaien ibilgailura iristea, eta atoia erabiltzea ere alferrikakoa zela ohartu ziren, nahiz eta taxi baten argiarekin saiakerak egin zituzten. Hondatuta zegoen autobusaren seinaleak ikusitakoan, bertako zerbitzukoa zen bigarren autobus bat gelditu zen alboan. Atzera egin baino lehen, aurrean zituen autoak arrastaka eramaten saiatu zen autobusa, baina ibilgailu haietako gidariek ez zuten jaurtitako soka hartzerik lortu.

Batzuek, autobusaren barrutik irtetea lortu zuten, baina barruan geratu ziren ateratzera ausartu ez ziren hamasei pertsona. Zestoako bizilagunen artean berehala zabaldu zen albistea, eta mutil talde bat segituan prestatu zen erreskate lanak egiteko. Haiek, Emeterio Isasti parrokiako apaizarekin batera, mendiz heldu ziren autobusaren parera, eta kable bat jaurti zuten behera, hura autobusari lotu eta zuhaitz bati eusteko asmoz. Autobusa hamabi metroko distantziatik lotu eta bi metro eta erdira eduki zuten. Gainera, lortu zuten bertan zeudenekin hitz egitea. Mendian zeuden mutilek bidaiariei eskatu zieten soka gorputzari lotzeko eta uretara salto egiteko, hala sokari tiraka mendi aldera aterako zituztela esanda; hala eta guztiz ere, inork ez zuen horrelakorik egin. Autobusa lotuta egon zen denbora batez, baina ur korronte oldartsu batek amarra hautsi zuen lehenik, eta ibilgailua horma baten kontra zokoratu zuen gero. 02:00etan, berriz, beste ur kolpe batek autobusa desagerrarazi zuen, eta barruan zeuden hamasei pertsona bertan hil ziren.

Bizirik atera zirenei ura belaunetaraino iristen zitzaien autobusa utzi zutenean. Guztiek autobusa une berean utzi izan balute, ziurrenik bidaiari asko onik aterako ziren. Ez ziren ibilgailutik atera, ordea, seguru asko gehiegizko konfiantza zutelako. Juan Arozenak, esaterako, kristala apurtuta egin zuen salto autobusetik. Lehorrera iritsi eta salbatzea lortu zuen hark, eta esan zuenaren arabera, une hartan bularretarainoko ura zuten autobus barruan. Gainera, adierazi zuen eszenak zein baino zein samingarriagoak zirela han. Muturreko ezintasun egoera haren aurrean, Arozenak esan zuen, batzuk oihu mingarriak egiten zituzten bitartean, besteek arrosarioa errezatu eta elkar besarkatuz bizitza Jainkoaren eskuetan utzi zutela errealitate gordin hura etsipenez onartuz. Autobus barruan jazotako beste bi gertakarien berri ere zabaldu zen ondorengo egunetan. Lehenak zioen, Juan Antonio Agirre Amuek, tragediaren larritasunaren aurrean, hitzezko testamentua egin ziola semeari, eta ondoren, autobusa uztera behartu zuela. Beste batek zioen, Maria Asuncion Arrue de Pablo 17 urteko donostiarra Loiolako Jesus eta Mariaren ikastetxera zihoala ikasle uniformea jantzita, eta hark arrosarioa eskaini ziela larrituta zeuden bidaiariei, musua eman ziezaioten.

Miguel Unanue Odriozola eta Jose Odriozola Arriaran Iraetako gazteak, autobusarekin batera harrapatuta geratu zen autoko bidaiariak salbatzera abiatu ziren. M-49.963 matrikula zuen Chreysler markako autoan harrapatuta zeuden Antonio Altuna eta Agueda Berasategi senar-emazte azkoitiarrak. Emakumea autotik atera bazen ere, senarrak ibilgailura itzultzera behartu zuen. Iraetako gazteek sokak eta linternak lortu zituzten, eta ondoren, uretan sartu ziren autoa lotu ahal izateko. Ibilgailura gerturatu zirenerako, ordea, senar-emazteak autoarekin batera desagertu ziren urak eramanda. Iraetako bi gazte heroiek lortu zuten menditik botatako sokei lotzea, baina autoetan harrapatuta zeuden lagunak salbatzen egindako ahaleginagatik leher eginda zeudelako, haiek ere urak eraman zituen azkenean. Ezin izan zuten gehiago egin urak harrapatutako pertsonak salbatzeko, nahiz eta Zestoako eta Iraetako bizilagunek gau osoan akitu arte jardun zuten salbamendu lanetan. Autobusa eta autoa uholdeak eraman zituela jakin zenean, tristezia gailendu zen berehala Zestoan. Kanpaiek gauaren erdian ordara jo ondoren, berriz, Zestoako herri osoa balkoietara atera zen, eta kalera ondoren.

Autobuseko hamasei bidaiarik galdu zuten bizia ezbeharrean. Salbatu zirenen artean, Manuel Azpiazu autobuseko kobratzailea zegoen. Azpiazu, beste hiru bidaiari bezala, 23:00etatik 06:30era arte harkaitz bati helduta egon zen salbatu zuten arte. Bizirik atera zirenen artean zeuden Azkoitian bizi zen Teofilo Polo obretako kontratista, Isidro Landa, Juan Arozena, Angel Agirre frontoietako korredorea, Urrestillako harakin bat eta Romualdo Larrañaga. Zoritxarrez, tragediaren biktimen zerrenda luzeagoa da. Hildakoen artean zeuden, ostera, beraien anaia baten hiletatik zetozen lau ahizpa eta horien koinata bat eta ezkontza bidaia Azpeitian amaitzear zeuden senar-emazteak. Iraetatik 200 metrora azaldu ziren La Guipuzcoana autobusaren hondakinak. 11:30 aldera baretu ziren uraren indarra eta emaria. Zestoako errepidearen ondoko bihurgune batean zazpi gorpu aurkitu zituzten; Iraeta parean, Beduan, Getarian eta Arroan beste batzuk agertu ziren. Horien artean zegoen, besteak beste, Jose Maria Ybieta Azkoitiko botikaria. Ekaitz beldurgarri hark 22 hildako utzi zituen inguruotan. Horietako hiru Zestoako Errotazar baserria erori ondoren geratu ziren azpian harrapatuta. Hamazazpi gorpu Zestoako udaletxean jarri zuten hil-kaperara eraman zituzten.

Urriaren 16ko arratsaldean kalera atera zen Azkoitiko herria, Zestoatik ekarritako biktimei azken agurra emateko. Miserikordia Etxearen aurrean egin zieten harrera gorpuei herriko agintariek, parrokiako elizjendeak eta bertan bildu ziren herritarek. Segizioa eratu zuten handik udaletxean jarri zuten hil kaperara joateko; ondoren, udaletxeko balkoitik Arrosario Santua abestu zuten. Hurrengo egunean, 09:00etan, herriko hilerrira eraman zituzten lau gorpuak, eta jarraian, horien aldeko hileta elizkizunak egin zituzten.

Gertaera samingarri hark elkartasun ekimen bat baino gehiagoren antolaketa ekarri zuen. Azaroaren 25ean, esaterako, San Mames zelaian uholdeengatik kaltetuak izan ziren herrien aldeko futbol partida jokatu zuten. Alde batean, Carmelok, Maguregik eta Gaintzak jokatzen zuten Athletic aritu zen, eta bestean, Muñozek, Di Stefanok eta Gentok jokatzen zuten Real Madril; bilbotarrek 4 eta 1 irabazi zuten.

Doluz betetako egunen ostean, hondamendiaren ondorio latzei neurria hartzen hasi zen herria. Kaleetan zegoen tonaka lohi jaso, eta lantokietara, dendetara eta etxeetara urak eman zituen hondakinak eta lokatza garbitu zituzten. Denbora igaro zen uholdearen aurretik herriak zuen irudia berreskuratu arte, baina beste egoera latz askotan bezala, Azkoitiko herria ohiko jardueretara itzuli zen herritarren auzolan arduratsuari esker.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide