Azkoitiko kontu mitologikoak eta kondaira zaharrak (II)

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2021ko ira. 26a, 08:45
Zendoia baserria.

Kepa Alberdik herriko mitologia eta sinesmen kontuei buruz egindako bigarren ekarpena: 'Azkoitiko kontu mitologikoak eta kondaira zaharrak (II)'. Aurreko astean argitaratutako lehen zatiari jarraipena emanez, hona hemen irakurgai:

Jose Migel Barandiaranek zioen, antzinako euskal erlijioaren iraupenaren arrazoia izan zitekeela Euskal Herriko zenbait eskualderen kristautze berantiarra. Barandiaranen eta beste zenbait adituren lan eskerga dela eta, gaur egun badakigu mota askotako pertsonaiek osatzen dutela Euskal Herriko mitologia.

Pertsonaia horien artean aurki ditzakegu, esaterako, jentilak. Azkoitian ere, baditugu jentilekin eta jentil-harriekin lotutako kondairak, Aitzakoak eta Oletakoak, besteak beste. Esan izan da, jentilek Oletatik bota zituztela jentil-harri horietako batzuk, eta horiek erortzen ziren guneak izango zirela Azkoitiko mugak. Zumarragara bidean dagoen Aginaga auzo aldera, Bergarako Irunberri mendira eta beste leku batzuetara bota omen zituzten harriak. Horietako jentil-harri bat Oleta gainaren ondoan ikus daiteke, bertan zizelkatutako gurutze batekin. Azkoitian ezaguna da, era berean, Elosua aldeko baserri baten izena duen jentil bat, 'Añei' izenekoa, hain zuzen. Esan ohi da, inguru hartan daudela gordetan idi-narruzko hainbat zaku. Gainera, elezaharrek diote, han bezala, leizeetan edo jenderik bizi ez den eremuetan urrez betetako zakuak edo kutxak daudela lurperatuta. Irukurutzeta eta Elgoibar artean hainbat trikuharri daude, eta horietako bakoitzaren azpian urrez betetako kaxa bana lurperatuta dagoela esan izan da. Sineskera hori dela eta, XIX. mendearen amaieran hainbat lagun ibili omen zen Irukurutzetako trikuharria arakatzen, baina ez omen zuten ezer aurkitu. Trikuharri horren azpian urrezko kanpai bat dagoela esaten duen kondaira ere bada; gizon batzuk tumulu horren lurrak eta harriak iraultzen ibili zirela kontantu izan da, kanpai hori lurpetik atera nahian. Asmo haiek, antza, bertan behera utzi zituzten, lurpetik, buruan adarrak eta ahuntzaren hankak zituen giza itxurako gorputza zuen munstro bat agertu zitzaienean.

Herriko istorio desberdinei begira jarraituz, ez omen da gure herrian lur azpitik atera izan den naturaz gaindiko izaki bakarra izan munstroa. Azkoitiko erdigunetik ez hain urruti dago Txintxillo izeneko lur eremua, eta ezaguna da han inguruko beste elezahar bat ere. Kondaira horrek dio, Zezengorri izeneko jeinu gaiztoa Txintxillo leizean egoten zela. Zezen gorri baten itxura hartzen zuela diote, eta mehatxuak eginez, ahotik eta sudurretatik sua botatzen zuela, leize hartan zegoen Mariren etxea zaintzeko.

Txintxillo eremua.

Bazter guztietan bezala, gure herrian ere badira sorgin istorio batzuk. Elosuan, adibidez, bertako Iri-Jaun etxe oneko alaba larri gaixotuta zegoen egun batean, artzain batek sua ikusi omen zuen basoan. Hurbildu zenean, antza, sorginak ikusi zituen suaren inguruan. Sorgin horiek honela omen zioten barrez ari ziren bitartean: "Iri-Jaungo gaztea ez da inoiz sendatuko, jaiko mezan erori zitzaion ogi puska jaten ez duen bitartean". Ogi hori, Paxtcumean eman ohi zen, eta Iri-Jaungoek elizan zuten hilobiaren barruan zegoen sakela batek zuen ahoan ezkutatuta. Dirudienez, ogi zatia jasotzeko makurtu beharraz lotsatu egin zen gaztea, eta hara hor bere gaiztakeria. Artzainak neskatxaren gurasoei berehala eman omen zien ikusitakoaren eta entzundakoaren berri. Gertaeraren ondoren, elizako hilobiaren barruan zegoen sakelaren ahotik ogi zatia berreskuratu zuten alabari emateko, eta hura berehala sendatu omen zen.

Aittola aldeko baserritarrek ere badute sorginei buruzko beste kondaira bat. Han kontatzen zutenaren arabera, sorginak libre ibiltzen omen ziren eguerdiko eta arratsaldeko Angelus kanpai jotzearen tartean. Egun batean, ordea, arratsaldeko Angelus kanpai hotsak sorgin horietako bat leizetik kanpo harrapatu omen zuen. Orduan, bera bizi zen leize zulorako bidea aurkitzen laguntzeko eskatu omen zion Kimuku baserriko gizon bati. Hark lagundu, eta agurtzerakoan sorginak honela esan omen zion: "Bihar goizean esnatzen zarenean, begiratu burko azpian, eta lihozko alkandora bat aurkituko duzu nire eskerronez". Baserrira bueltatu eta gertatutakoa azaldu zuenean, guztiek barre egin omen zioten. Hurrengo goizean esnatu zenean, baina, han omen zegoen alkandora burko azpian.

Uitti Goena baserria.

Bestalde, badakigu San Martingo muinoan bataiatu gabeko haur hil berriak lurperatzen zituztela. Dokumentu batean agertzen da, 1751an Olotzaga baserrian bizi izan zen emakume batek muino horretan hilobiratutako umeen fetuak lapurtzen zituela, horien hezurrak txikitu eta lapikora botatzeko. Eltzekoa probatzen zutenak bere mendean izango zituela pentsatzen omen zuen emakumeak. Azkenean, emakumearen jardunak ezagutarazi eta epaitu ondoren, Ukarretako gurutzera bidali omen zuten sasi-sorgin moduan.

Arima istorioak ere ezagutarazi dira gure herrian. Horietako batek dio, han inguruko bati arima bat azaltzen zitzaiola Uitti Goena baserritik Ormola baserrirako bidean, eta halako batean ea zer nahi zuen galdetu ziola. Antza, arimak meza bat ateratzeko eskatu zion; nahi hura bete ondoren, ez omen zitzaion gehiago agertu arima.

Ormola baserria.

Mitologiari zuzenean lotutako kondairak ez badira ere, kristau sinesmenarekin lotutako beste bi elezahar ere ezagutzen dira Martitte auzoan. Horietako batek dio, Martitteko eliza Azkoitia aldera dagoen lurralde lau batean eraiki nahi zutela auzotarrek, baina han utzitako materiala, egun eliza dagoen muinoan azaltzen zela goizetan. Hori horrela, Zendoia baserriko bizilagun bat zelatan geratu omen zen gau batean, ea zer arraio gertatzen zen jakiteko. Gauean, ahots bat entzun omen zuen: "Aida zuriya ta gorriya, xe zelatan dagonari galdu begi begiye". Hori entzun ondoren, begi bakarrarekin geratu omen zen Zendoia baserriko bizilaguna. Ondorengo gizaldietan, baserri horretan begibakar bat baino gehiago jaio dela ere esan izan da. Batzuek zioten, aingeruak zirela materiala tokiz aldatzen zutenak, baina, beste batzuk zioten Ama Birjina bera zela, idien laguntzarekin harriz betetako lera leku batetik bestera eramaten zuena. Azkenean, Oletaoñazmendiko goiko mendi-hegalean altxatu zen eliza.

Beste elezaharrak dio, Martitteko Txibilter baserriko mutil bat Afrikan soldadutza egiten zegoela, kartzelan sartu eta oso gaizki egonik, arrosarioa errezatzen hasi zela Martitteko egunaren bezpera zela oroituta. Horrela, arrosarioa bukatzear zegoela, lo geratu eta Martitteko elizaren horma ondoan esnatu omen zen, oraindik oinak girgiluz lotuak zituela. Ustezko girgilu horiek, gainera, elizako paretan egon dira zintzilikatuta duela gutxi arte.

Txibilter baserria.

Martitteko elezahar horiekin batera, Olaso, Madariaga, Txintxillo, Oleta, Elosu, San Martin eta Azkoitiko beste leku batzuetako kondaira zaharrak azaldu ditut lerro hauetan. Alegiazko kontakizunetan, antzinako balizko jainko edo heroien ekintzetan eta egiazko gertaeretan oinarritzen da Azkoitiko mitologia. Gaur egun, Jose Migel Barandiaran, Juan Ignazio Hartsuaga, Olivier de Marliave eta beste pertsonaia jakintsu batzuei zor diegu hemengo mitologiaren ezagutza. Euskal mitologia zaharra jasotzeko, mantentzeko eta zabaltzeko egin duten ekarpena izugarria da. Goraipamen eta gorazarrerik beroena beraientzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide