Akordatzen?

Azkoitiko azken ferratzailea

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2021ko mar. 28a, 08:30
Ucin ferratzaile lanetan Martin Deuna kaleko ferratokian.

Kepa Alberdik Azkoitiko azken ferratzaileari buruz egindako ekarpena.

Beste leku askotan bezala, garai batean gure herrian herritarrak animalia desberdinez baliatzen ziren nekazaritza lanetarako, gauzak garraiatzeko edota gizakiak alde batetik bestera mugitzeko. Zaldien, mandoen, idien edota astoen hanketako apatxak babestu eta zaindu egin behar izaten ziren, eta horretarako, abereak ferratzea izan da mendeetan zehar prozedurarik erabiliena eta eraginkorrena.

XVII. mendetik XIX. mendera bitartean, ferratzaile ofizioak garrantzia handia izan zuen, baina geroztik gainbehera handia izan du. Duela hamarkada batzuetatik hona, nekazaritza lana mekanizatzen joan den heinean, desagertzen joan dira geratzen ziren ferratoki apurrak.

Azkenaldian, garai batean funtsezkoak ziren beste zenbait lanbide ere desagertuz joan dira Azkoitian, eta horiekin batera, orduko jakituria eta milaka istorio. Horien artean daude gure herriaren bilakaeran eragin handia izan duen burdin industriaren bueltako lanbideak, eta hor kokatu behar dira gure burdinolak eta errementaritza lanak. Azken langintza horren barnean kokatzen da ferratzailearen lana.

Denboraren poderioz, iraganaren oroitzak ahaztu eta haustu egiten badira ere, Azkoitian badugu ferratzailearen langintza gogorra oroimenean ondo gordea duen herritar bat. Jose Mari Ucin Garate Kurutzia da bera, Azkoitiko azken ferratzailea. Bere istorio txikiz osatutako historia kontatzera oso era atseginean prestatu denez, 1998. urtera arte jardunean egon zen eskarmentu handiko ferratzailearen azalpenak aletzeko unea da. Kurutzia Azkoitiko Kale Nagusiko 90. bebarruan jaio zen 1935. urtean. Familiatik datorkio Ucini errementaritza lanbidearekin duen lotura. Bere aita eta osaba ere ofizio berean aritu ziren; izan ere, berekin jardun zuten errementari eta ferratzaile lanetan Martin Deuna kalean, Xapatero taberna ondoko etxartea pasatu, eta Urola ibaiaren alboan eskuinetara zegoen ferratokian. 1927. urtean sartu zen ferratzailearen lanbidean Ucinen aita, Jose Ucin Balenciaga Kurutzia albaitariaren eskutik. Albaitari hura oso ezaguna eta estimatua zen Azkoitian, eta albaitarien ikuskatzaile izendatu zuten udalean.

Ucinen ferratokia zegoen gunea.

Jose Mari Ucinek gaztetatik ezagutu zuen errementaritza lanbidea. 14 urterekin utzi zuen eskola, eta handik hilabete gutxira hasi zen aita eta osaba ferratzen aritzen ziren ferratokian laguntzen. 18 urte zituela, Osintxura (Gipuzkoa) joan zen ferraketan ikastera; urte eta erdi eman zuen han prestatzen. Osintxutik bueltan, aitaren eta osabaren ferratokiko ordutegirik gabeko lan neketsuari ekin zion. Geroztik, beste lan mota asko tarteko, mailuarekin edo borrarekin makina bat dinbi-danba kolpe emandakoa da ingude gainean ipinitako hainbat ferrari.

Ferratokiko lana beti egon da lotuta errementaritzarekin, eta Ucinek ere jardun zuen errementari lanetan. Ferrak prestatu eta horiek abereei jartzeaz gain, baserriko erremintak, goldeak zein gurdiak konpondu, baserri laborantzarako lanabes desberdinak egin eta gurdientzako burdinezko ardatzak nahiz gurpilak egiten zituen. Goldeak konpondu bai, baina berririk ez zuen egiten, horiek atzerritik ekartzen baitzituen, ondoren baserritarrei zuzenean saltzeko. Kaletarrentzat ere egiten zituen lantxo batzuk, eta udaletik ere tarteka burdin sareak, hesiak eta antzeko lanak egiteko eskatzen zioten. Lan horiez gain, metro bateko diametroa zuen zorroztarri galanta ere bazuen Ucinek, eta zorrozte lanetan ere izaten zuen denbora pasarako lana baino ugariagorik. Besteak beste, herriko harakinen labanak eta baserritarren erremintak zorrozten zituen. Elgoibartik (Gipuzkoa) ere etortzen zitzaizkion baserritarrak.

Irudikatu dezakegu Xapatero taberna atzeko ferratoki hura bere sutegi, hauspo handi, enbor gainean kokatutako ingude, lan mahai eta animaliak altxatzeko tornu birakaria zuen potro edo ferratzeko lekuarekin.

Puxamanta erreminta.

Ikatzarentzat ere aparteko lekua zuen. Sutegirako behar zuen egur-ikatza hasiera batean inguruko baserritarrek beren txondorretan prestatzen zioten. Gerora, ordea, baserritarrek ikatza egiteari utzi zioten, eta Kurutzia harri-ikatza erabiltzen hasi zen. Behi narruz egindako mantala jantzita han ibiltzen zen abereei puxamantarekin apatxak garbitzen eta leuntzen. Era berean, sutegian berotutako ferrei mailuaren kolpez ematen zien itxura, eta iltzeen bitartez animaliaren apatxera josten zuen gero. Ferrak lotzeko erabiltzen ziren iltzeek zenbaki desberdinak zituzten, zerotik hirura, hain zuzen ere. Ferrek ere bere zenbakia zuten, neurriaren arabera. Aberea ferratu aurretik, tornu birakari baten bitartez eta katez zein uhalez ondo lotuta jartzen zuen aberea potroan esekita. Abereek aparteko lanik ere ematen zuten. Askotan behiari edo idiari adarrak moztu behar izaten zizkion. Gainera, gaizki sartutako iltzeek edo desegoki jarritako ferrek hanketako zauriak eragiten zizkien abereei, eta ferratzaileei zegokien sendatzeko lana. Horretarako, sendagai-kutxa bat zuen Ucinek, eta leku bat baino gehiagotan desinfektatzaile moduan zotala erabiltzen bazuten ere, Veteril izeneko espraiaz baliatzen zen Ucin. Segidan, zauriaren parean kartoi bat ipintzen zuen ferraren azpitik, zauria hobeto babesteko.

Ucinek erabiltzen zituen erreminta desberdinak.

Ferratokiko lanaz aparte, asteburu askotan baserriz baserri ibili behar izaten zuen, herren zeuden behiak sendatzen zein ferratzen eta antzeko beste zenbait lanetan. Ucinek gogoan du, igande horietako batean egin zituen ibilerak: "06:00etan meza entzun eta baserri batzuk eskatutako lanak egitera joan nintzen. Lehenik, Urrategitik gora dagoen azken baserrira joan nintzen, Kortatxora, eta handik Azkarate aldean dagoen Olaran baserrira jaitsi. Han lanean ari nintzela, Zigorraga baserrikoa etorri zen, han nengoela jakin zuela eta. Beraien baserrian behi bat herren zegoela esan zidan, eta Olaran baserrian bukatutakoan hara joateko eskatu. Hara joan ondoren, jarraian Madarixara joan behar izan nuen. Horrela, Zigorragatik jaitsi, Koroategi baserritik zehar erreka zulora joan, eta handik, lehenik Katain baserrira eta gero Madarixara joan nintzen. 15:00etan ailegatu nintzen Madarixara. Oinez egin nuen bidea, eta gainera, bizkarrean neraman zakuan sartu nituen erremintak eta neurri desberdinetako ferrak, pisu handiarekin".

Albaitaria ere baserriz baserri ibiltzen zen, eta ondo ezagutzen zuten elkar biek. Beste herrietan bezala, bien arteko tratua zuten; ferratzaileak urtero diru ordainketa bat egiten zion herriko albaitariari ferratze lanetan jardutearen ordain zerga moduan. Ucinen aita arduratzen zen urtean behin egiten zen zeharkako ordainketaz.

60. hamarkadara arte lan asko izan zuen Ucinek. Aldi hartan, laborantza lan handia zegoen baserrietan, eta baziren, besteak beste, hiru uztarrialdi zituzten baserriak ere. Gerora, traktoreak eta bestelako makinariek baserriko lanaren mekanizazioa ekarri zuten, eta denbora gutxian asko murriztu ziren aurretik baserriko lanetarako nahitaezkoak ziren idia, astoa edota mandoa. Horregatik, ferratzaileen irudia desagertzen joan da, eta horrekin batera, suaren eta esku trebe horien laguntzaz burdina bezain gogorra den zerbait menderatzeko gaitasuna izan duen pertsona. Kurutzia izan da, hain zuzen ere, Azkoitiko azken errementari-ferratzailea, herriak izan duen tradizio handiko ofizioaren azken artisaua eta lekukoa.

Ucinek egindako hainbat eratako ferrak.

Piezaz pieza ondo pilatuta, Ucinek gordea du hainbeste urtetan ferratzeko erabili zuen tramankulua; baita erremintak ere. Bere balio apalean, baina, era berean preziatuan, gorde eta zaindu beharreko herriko kultura ondarearen zati bat da.

Azkoitiko ondare gaiarekin jarraituz, egokia eta bidezkoa litzateke herrian izan den txapel, abarketa, burdinola, errota eta beste jarduera industrialen memoria aberatsa zaintzea. Besteak beste, bere makinak, tresnak, erremintak, argazkiak eta dokumentuak bizirik mantenduko lituzkeen museo etnografiko baten bitartez. Baina hori aurrera begira landu beharreko ideia bat besterik ez bada ere, bidezkoa litzateke, gutxienez, herriko ferratzaile langintzaren memoria gordetzea eta zabaltzea. Hemendik aurrerakoa gure agintari eta herritar interesatuen eskuetan geratzen da.

Adiskide onekin, orduak labur dio atsotitz batek, eta ez nuke idatzi hau bukatu nahi, Jose Mari Ucin Kurutziarekin, hitz-aspertuan pasatutako une atseginak aipatu gabe. Bere iraganaren oroitzez solte mintzatu zait une guztian, eta bere lanbidean bezala, bere bizitzari ere su txikiaz forma nola eman dion kontatu dit, lezio umilez gainera.

Joxe Mari, zuri esker amaigabea.

Ucin, ingudeari itxura ematen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide