Azkoitiko haurrek kalean jolasten zutenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2020ko aza. 22a, 09:14
Haurrak kaniketan jolasten.

Gauza jakina da azken hamarkada hauetan gure bizimodua eta ohiturak aldatzen doazen heinean, antzinako jolas ohiturak ere galtzen doazela. Hori horrela, sekulako altxorra galtzearekin batera, jolas berriak, edo hobeto esanda, denbora-pasa berriak sortu dira, eta orain, ez da ikusten haurrik kalean jolasten. Garai batean, jolasa haurtzaroko jarduera nagusia zen; gaur egun, baina, haurrek gero eta gutxiago jolasten dute kalean. Kasu askotan gainera, ez dakite edo ez dute jolasten asmatzen.

Azkoitiko aita-amek edo aiton-amonek bestelako haurtzaroa bizi izan zuten jolas kontuetan. Orain, helduak direnak esaten dute lehen umeak zoriontsuagoak zirela, eta jolasak, denbora pasatzeko era atsegina izateaz gain, poztasuna ematen ziela. Horrekin batera diote jostailu gutxi edo batere ez izan arren, haien faltan, irudimena asko lantzen zutela eta beti kalean ibiltzen zirela, jolasteko aparteko lekurik ez zutelako. Garai hartan, ez zen teorizatzen jolasaren inguruan; umeek kalean ordu asko pasatzen zituzten jolasean, besterik gabe.

Duela hamarkada batzuk, edozein etxe atari edo kale bihurtzen zen jolasleku. Gure aurrekoek diote, udara partean, San Martin kalea, San Martin-Txarie, Txalon-Erreka eta Altzibarko zein Landakandako presak zirela jolasteko lekurik onenak. Negu partean, berriz, gogokoagoak omen zituzten Berdura Plaza, Enparantza Nagusia eta San Martin kaleko zubia. Gauza bat argi dago, udaberria, udazkena, uda nahiz negua izan, herriko haur taldeek eratzen zituzten jolasen alaitasunak eta zaratak barreiatzen eta nagusitzen zirela Azkoitiko kaleetan eta enparantzetan.

Aldi hartan, hemen ere, inguruko herrietan ezagunak ziren jolas tradizionalak ziren nagusi, nahiz eta haietako jolas batzuetan beste era batera jostatu eta izen desberdinez deitu. Askotariko jolasak zeuden orduan: jarduera fisiko gehiago eskatzen zutenak, trebetasuna exijitzen zutenak eta haurraren irudimena lantzen zutenak. Dena den, jolas guztiek laguntzen zieten haurrei esperimentatzen, ikasten, gorputza lantzen, tentsioak askatzen, eta lagunekin zituzten harremanen bitartez, baita sozializatzen ere.

Askotariko jolasak

Herrian ezagutzen eta praktikan jartzen ziren jolasen artean sailkapen moduko bat egin dezakegu, jolasen ezaugarriak kontuan hartuta. Jarduera fisiko gehiago eskatzen duten jolasetan honako hauek aipa ditzakegu beste batzuen artean: harrapaketan, polizia eta lapurrak, txakur-zuloka, karabeka, silla-dantza, aideketan edo alturitazka, poteketan, zapoka, soka-saltoa, goma-jolasa, txorro-morroka, txintxirriña, galderonka eta abar. Talde horrekin lotu behar dira baita ere aldi hartan hain ohikoak ziren kirolak: pilota, futbola, bola-jokoa...

Txorro-morro jolasa.

Trebezia gehiago eskatzen zuten jolasak ere baziren: kaniketan, yo-yo jolasa, diaboloa, erremota, goitibehera, kometa, poxpolinak, tortoloxketa, txirringola...

Baziren, baita ere, objektuak zehaztasun handiz jaurtitzeko jolasak: txanpon, kromo, harriak eta intxaurrak jaurtitzeko jolasak, zapoari ahora fitxa sartzeko jokoa, koloretako orratzen jolasa, aroak jaurti eta konoan sartzeko jolasa...

Jostailu eskasia zela eta, irudimena lantzeko balio zuten jolas aproposak ere baziren: dendazka, amazketan, etxetxoka, medikutara eta abar.

Ingurunearekin zerikusi zuzena zuten jolasak ere ohikoak ziren, eta haien artean nagusienak animaliak harrapatzearekin zuten zerikusia, hala nola kilkerrak, ezkailuak, zapaburuak, kakalardoak, saguzarrak eta beste.

Arrisku gehiagoko jolasetan ere ibiltzen ziren garai batean haurrak, tiragoma eta karburuarekin egiten zen pote-jolasa, adibidez. Jolas izen ilara asko luza daiteke, benetan aberatsa baita gure herrian ezagutu izan diren jolasen zerrenda, horietako batzuk gaur egun ezezagunak izan arren. Azken horien artean, ambo-ato, kiñ-kiñ, kalela, altreska, kortabanaka eta poxpolo kaxa azalen jokoa aipa ditzakegu.

Txintxirriña eta soka-saltoa, nesken jolasak bezala ezagutzen baditugu ere, garai batean mutil askok hartzen zuten parte olgeta hauetan. Txintxirrinean edo harriketan deitzen den jolasean ibiltzeko lurrean egin behar ziren marrak egiteko klarionik ez zen izaten, eta marka-harrixekin edo paretetako buztin gogorraz baliatzen ziren lurrak marrazteko. Lurreko marra horiek, guk ezagutu ditugun lauki formako horiez aparte, karakol edo espiral formakoak ere izaten ziren. Soka-saltoak, berriz, bazuen bere berezitasuna, soka-dantzan ibiltzerakoan beti kantatzen baitzen. Garai batean, haurrek, euskaraz abesten zuten, baina denborak aurrera egin ahala, soka-salto eta beste jolas batzuetako kantak gaztelania hutsean abesten hasi ziren. Duela gutxi arte, ohikoa zen herriko txoko guztietan "Avila, Segovia, Burgos, Santander…" , "Donde vas Alfonso XII, donde vas triste de ti…",  "A la guindilla picante, al que le pique que se aguante" eta antzeko abestiak entzutea, bertako gazteak "Bera-beraka", "Dos a zapato mondanguillo" edo soka-saltoko beste modalitate batean aritzen ziren bitartean.

Ohikoa zen, baita ere, gazteak herriko kaleetan zehar kakodun alanbre baten laguntzarekin burdinazko aro bati bueltak eman bitartean, alde batetik bestera atxintxika ikustea. Jolas horri txirringola deitzen zaio, eta gazteak maiz joaten ziren Loiolaraino, nor lehenago ailegatuko. Jolas hori eta antzekoen irabazleentzako, kartoian marraztutako kopak prestatzen zituzten garaikur moduan. Jolasak jolas, gure aiton-amonek oraindik ere gogoratzen dira On Domingo abadea mahaspasak edo zatitutako mamuxak (pikupasak) kaxatxo batean hartu eta banatzera ateratzen zenekoa, jolas guztiei utzita ume denak bere atzetik ibiltzen baitziren "mamuxa-mamuxa" deiadar eginez.

Ume eta gazteak Porru kalean.

Garai hartako jolasetan aritzeko, kasurik gehienetan, ez zen aparteko jostailurik behar. Orduan garbi zeukaten jolasteko ez zirela nahitaez jostailuak behar; zer erremedio, sasoi hartan kontatutako jostailuak baitziren. Haietako batzuk aipatzeagatik, partxisa, panpina, pilota, baloia eta beste gutxi batzuk izendatzea edukiko genuke. Izan ere, garai hartan, jostailuak behar baziren, etxean bertan prestatzen ziren. Horietako ezagunenetakoa, eta aldi hartan ume guztiek jolasten zutena, "tortoloxketa" zen, eta horretarako bildotsaren "tortoloxak" izeneko hezurrak erabiltzen ziren, haiek garbitu eta lehortu ondoren. Panpinak eta haientzako soinekoak eta arropak egiteko, berriz, etxean ziren trapu eta tela soberakinak erabiltzen ziren. Tiragomak, goitibeherak, txirringolak, kanikak, kometak eta erremotak ere eskuz egindakoak ziren gehienetan. Kanikak, adibidez, buztinarekin egiten zituzten, eta tiragomak, berriz, horiek egiteko forma egokia zuten zuhaitz adar zatiekin. Jostailuak egiteko aparteko esku ona zuenik ere bazen, eta San Martingo Mutrikuk egindako tiragomek, esate baterako, fama handia zuten.

Futbola eta pilota

Futbola eta pilota ere jolas moduan hartzen ziren haurren artean, eta mutilek zein neskek oso gustukoa zuten kalean jolas horietan aritzea. Orduan ez zen baloirik, eta lokarriz estututako, borobildutako eta lotutako trapu zaharrez baloi antzeko bat prestatu eta kotxerik gabeko kale haietan baloiari ostikoka aritzen ziren, belaunak urratu eta odoldu arte. Aldi hartan, baloiek estimazio handia zuten. Orain, baina, baloi bat ibaian doala ikusita, "hor doa" esan eta galdutzat ematen da: garai hartan ez zen baloirik ibaian ikusiko, eta hala bazen, gazteak nola edo hala baloia eskuratu eta harekin bueltatuko ziren etxera.

Pilotan helduek afizio handia zuten, baina baita gaztetxoek ere. Azkoitian hamalau frontoi ziren, auzoetakoak kontuan hartuta. Hala eta guztiz ere, pilotaleku denak okupatuta egoten ziren, eta gazteak txandarik ezin hartuta ibiltzen ziren pilotan jolasteko. Eguneko ordu guztietan aritzen ziren pilotan, eta frontoi faltan, herriko edozein pareta zen balekoa pilota astintzeko. Orduan ere, orain bezala, udaletxe azpiko Kontzejupekoa zen azkoitiarren artean frontoirik preziatuena eta maitatuena. Dena den, bertan ez zen noiznahi pilotan jokatzeko aukerarik, igandeetako meza nagusia ospatu behar zenean Kontzejupeko lurra busti egiten zuten, meza ari zen bitartean bertan pilotan inor ez aritzeko.

Kontzejupean pilotan.

Denbora haietan, Elizak esandakoari errespetua, eta are gehiago, beldurra zitzaion. Beraz, orduko jolas batzuen nondik norakoak ere ikuspuntu horretatik aztertu behar dira. Adibide bat ipintzeagatik, Aste Santuaren aurreko 40 egunetan, hau da, Garizuma egunetan, ez zen ez musikarik ez erromeriarik izaten, eta beraz, neska-mutilek ezin izaten zuten elkarrekin ibili. Hori horrela, urteko garai horretan ohikoa zuten txakur zuloka jolasean ibiltzea. Jolas horretan neska-mutilak korruan jartzen ziren elkarri eskutik helduta, eta neska edo mutil bat korruaren atzetik bueltaka hasi eta korruan zegoen bati ukitzen zion, neska bazen mutilari eta alderantziz. Azken honek, bera jo zuen hura harrapatu behar zuen, eta ondoren korrura bidaltzen zuen, batak bestearen lekua betez eta jolasean jarraituz. Harrapaketa jolas horretan izango ziren zalaparta bat baino gehiago neska-mutilen artean, eta jolasa bekatuzkoa zela aditzera emanaz, azkenean jolas hori ere debekatu egin zuten, moralitatea kontuan hartuz arriskutsua zela eta.

Gauzak asko aldatu dira harrezkero, baina jolasak, bere funtsean ere, asko galdu du, jolas tradizionalen transmisio-katea oso kalteturik dagoelako. Gaur egun, jolasaren onurak teorian aitortuak dira, haurraren garapen integralerako ezinbestekoak bezala onartzen dira, baina gizarte ustez aurrerakoi honek askotan eman gaitu pentsatzera jolasa denbora galtze bat besterik ez dela. Izan ere, haurren heziketan eta formakuntzan, ikasketa formalari eta instrukzioari ematen diogu garrantzia osoa, eta asteko egun guztiak okupatuta ditugu, eskolaz kanpoko ikasketekin, halako aparatu sofistikatuekin eta abarrekin. Bestalde, kaleko jolasak haur-parkeetara mugatu ditugu, bertako txirrista, kulunka, etxe txiki eta bestelako jolas monotonoetara eta errepikakorretara mugatuz. Azken batean, haurrei aisialdirako denbora eta espazioak murrizten ari gara, etengabe, eta horrela uste ez badugu ere, guztion kalterako.

Horrenbestez, Azkoitiko aiton-amonei galdetu beharko diegu, ea nola egiten zuten jostailurik gabe eta justu-justuko baliabideekin, hainbeste jolas egiteko eta horren zoriontsuak izateko. Oraindik asko dugu haiengandik ikasteko. Inoiz ez da berandu!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide