San Juan bainuetxea

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2020ko uzt. 18a, 10:01
San Juan bainuetxearen eraikin berria.)

Kepa Alberdi Egañak egindako ekarpen berria: 'San Juan bainuetxea'.

Gipuzkoako bainuetxeek eman zituzten lehen urratsak eta gerora izan zuten loraldia Azkoitian sortutako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari zor zaio hein handi batean. Izan ere, "Ilustratuen" pentsaeraren ikuspegitik osasuna eta natura uztartzea ezinbestekoa zen horiei baliabide sendatzailearen balioa ematerakoan. Zestoakoa izan zen Gipuzkoan eraiki zen lehen bainuetxea, 1804an hain zuzen ere, eta mende berean beste hamar izan ziren ur sendagarriak eskainiz ateak ireki zituzten bainuetxeak.

Aipatutako bainuetxe horien artean, dagoeneko desagertua den Azkoitiko San Juan bainuetxea ekarri behar da gogora. Azkoitiko bainuetxea eraiki aurretik, leku berean, San Juan ermita zegoen, Erdi Aroko Larramendi dorretxea, egun desagertuta dauden Bazterretxe eta Larramendi-Goena baserrietatik gertu. Inguru horretan zen iturriko ura ermitaren aldare azpitik igarotzen zen. Garai hartako sinesmenek ziotenez, San Juan bezperan eta egunean hara hurbildu eta bertako ura edaten zutenei zenbait gaitz sendatzen zizkiela, bozioa eta herpesa, besteak beste. Inguruko herrietako jendea biltzeaz gain, Oñati (Gipuzkoa), Durango (Bizkaia) eta beste zenbait herritatik etorritako jende andana biltzen zen San Juan inguruan.

San Juan bainuetxearen eraikin zaharra.

Azkoitiko medikua zen Juan Antonio Carasa izan zen Larramendiko uren azterketa egin ondoren, 1768an Peñafloridako kondeari Larramendiko ur sendagarrien berri eman ziona. Harrezkero, ur horien ezaugarri eta propietate bereziak sona handiagoa joan ziren hartzen. Urte batzuk geroago, 1840ko hamarkadan hain zuzen, Azkoitiko medikua zen Bonifacio Gil y Rojasek bultzatuta gaixo batzuei ur hori eman eta gero egindako proba batzuen ondoren ateratako emaitza onak zirela ikusi zuten. Hori horrela, Azkoitiko Udalak lur horiek erosi zituen bertako uraren propietate sendagarriez baliatzeko. Segidan, herriko Miserikordiari lur horiek esleitu, eta 1846an altxatu zuten San Juan izenez ezagutuko zen bainuetxea. Garai hartako bainuetxe gehienetan bezala, ura bainuetarako, edateko eta zurrusta gisa erabili zituzten. Arrautza ustelaren zaporea eta usaina duen urak 13 eta 16 gradu bitarteko tenperatura du, eta garai hartan ur mineral-sendagarri sufretsua bezala sailkatua izan zen.

Lehen eraikinak 185 metro karratuko azalera zuen, eta beheko guneaz gain, solairu bat zuen. Bainuetxeak hamabi gela eta justuko instalazioak zituen bainu-hartzaileentzat, horien artean sukaldea, despentsa, eta zalditegia zituelarik. Bainuetxe txikia eta xumea izateaz gain, denbora gutxian bezero eskasia ere nabarmendu zuten bertan. Modu horretan ezinezkoa zen herrialdeko beste bainuetxeekin lehiatzea. 1865. urtean, establezimenduko mediku-zuzendaria zen Jose Luis Otañok txosten bat aurkeztu zuen San Juango uren ezaugarri eta propietate bereziak zehaztuz. Txostenean hango urak gomendatu zituen, txiza jario ugaria eragitearekin batera, azaleko gaitzetarako, urdail eta digestio-hodikoetarako eta elikagaiak erraz digeritzen laguntzeko balio zuelako. Mediku berak, horrez gain, instalazioetan hobekuntza batzuk egiteko beharra adierazi zuen, bainuetxeak aurrera jarraituko bazuen. Hobekuntza horien artean, era desberdineko hidroterapia tresnak gehitzea, ur lainoztatua arnasteko kabineteak jartzea eta eraikina handitzearen beharra adierazi zituen, besteak beste, inguruko bainuetxeekin lehiatzeko modua izateko. 

Pixka bat geroago, 1866. urtean, Francisco Lersundi eta Manuel Iraola egin ziren bainuetxearen jabe. Lersundi, oso pertsonaia ospetsua zen. Bainuetxea erosi zuen unean Kubako kapitain jenerala zen, baina baita Alderdi Moderatuko figura garrantzitsua; halaber, 1953. urtean Ministro Kontseiluaren presidentetza okupatzera heldu zen. Baionan hil zen Lersundi 1874an, Alfonso XII.a errege borboitarra Espainiako monarkia berreskuratzeko lanetan buru belarri ari zen bitartean. Manuel Iraolak, bestalde, arazo ekonomiko handiak zituen, eta azkenean, Francisco Lersundi militarraren alarguna –Felisa Blanco izenekoa– geratu zen bainuetxearekin. Manuel Iraolari bere bazkide zatia erosi zion. 

Erromeria San Juan bainuetxearen ondoan.

Felisa Blancok bainuetxearen aro berri bati eman zion hasiera. Inbertsio handia egin, eta, 1881. urtean, eraikin berri bat altxatu zuen bainuetxe zaharraren gainean. Eraikin berri horrek, ur sufretsuaren iturburuaz gain, hidroterapia-instalazio modernoak, dutxa eta bainuetarako lau kabinete zein ostatu hartzen zituztenentzako zortzi gela zituen, besteak beste. Aurreko bainuetxearekin alderatuta hobekuntza nabarmenak ziren. Eraikinaren formak ere arreta pizten zuen, suitzar estiloko etxe baten itxura baitzuen, bere gurutze formarekin.

Bainuetxearen denboraldi ofiziala ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean bukatzen zen. Bertako zerbitzuen eskaintzan, bainuaz gain, ostatua, jatorduak eta ibilaldiak zein txangoak egiteko aukera ere bazegoen. Ostatuak, Isabel II.a izeneko jatetxea zuen, eta otorduei dagokienez, gosaria, ura edo esne basokada batez lagundutako txokolatea eta bizkotxoak osatzen zuten normalean, nahiz eta kafea edo tea hartzeko aukera ere bazen. Bazkaria, berriz, 12:30etik 13:00etara ematen zen. Era askotako zizka-mizkak, bi zopa eta lapikokoa, lau bigaren plater, hiru postre eta ardo beltz aukeratua eskaintzen zituzten. Bukatzeko, gainera, jereza edo moskatela egoten zen. Arratsaldean txokolatea edo gozokiak ateratzen zituzten, eta afaritarako, berriz, zopa, barazkiak, arrautzak edo tortilla, bi plater sendo eta hiru postre izaten ziren. Dirudienez, bainuetxea ez zen jateko generoaren kalitateagatik bereizten. Manglano medikuak zioenez, ordea, jatekoa hain ona ez izan arren, ugaria zen, eta askotan kantitatez gehiegizkoa.

Aisialdi eskaintzak ere bazituen San Juan bainuetxeak, eta estimu handiena, Azpeitiko eta Azkoitiko inguruetan eskaintzen ziren oinezko ibilaldiez gain, zalgurdiaz egiten ziren paseoak zuten. Horiez gain, ekitaldi erlijiosoak ikustea, herriko txapel eta abarketa lantokiak ezagutzea, eta nola ez, Loiolako santutegia bisitatzea zuten helburu ibilaldiek. Ohikoa zen, era berean, mendian edo bertako baserrietan meriendatzea, arrantzara irtetea edota pilota partidak ikustera ateratzea. Bestalde, bainuetxe bertan azkoitiar musikari batzuk uda sasoian kontzertuak ematen zituzten. Musika emanaldi haiek, gehien bat, Espainiatik etorritako nobleziari eskaintzen zizkieten, eta protagonista moduan aipa ditzakegu, besteak beste, Juan Narbaiza, Antonio Balda, Txusterra, Antonio Cuende eta Jose Izurrategi musikari azkoitiarrak. Bestalde, bainuetxeko instalazioetan tenisean jokatzeko zelaia ere bazegoen, eta eguraldiak lagunduz gero zerbitzu horri etekina ateratzen zioten batzuek.

San Juan bainuetxearen eraikin berria.

Azkoitiko Udalak aspalditik zuen hazteria edo sarna zuten gaixoentzat ospitale bat egiteko gogoa. Udalak, San Juan bainuetxea begiaz jota zuen bertan ospitalea egiteko, eta hango jabea zen Iraolari proposamen bat egin zion hura errentan hartzeko. Berehala heldu zuten akordioa, eta 1873. urtean ohe batzuk ipini eta lehen gaixoak artatzen hasi ziren. Gerra garaia zen, II. Karlistada hain zuzen ere, eta gerra garaian oso ohikoa zen goi kargua zuten militarrek bainuetxea beren kuartel-etxe bezala hartzea eta ospitale lanetarako berregituratzea. Karlisten bi gauzak egin zituzten Azkoitiko bainuetxearekin, lehenik ospitale bezala eta gero kuartel bezala erabili baitzuten. Esan beharra dago, gainera, handik alde egiterakoan, karlistek oso egoera txarrean utzi zutela bainuetxea. Hamarkada batzuk geroago, Francoren armadako gudalburuek ere San Juango bainuetxea aukeratu zuten guda etxe moduan. 

San Juango bainuetxeak, ordea, badu gerra kontuekin lotutako beste pasadizo bat ere. II. Mundu Gerra bukatzear zela, itsaspeko alemaniar batek hondoa jo zuen Gipuzkoako kostaldean. Batzuek diote, Zumaia eta Getaria (Gipuzkoa) arteko kostan gertatu zela hondartze hura. Erreskatatutako tripulatzaile alemaniarrei, San Juan bainuetxean eman zieten ostatu gerra amaitu arte. Azkoitiko adinduek, hamarkada batzuk geroago ere, edukazio handiko soldadu prestu, dotore eta atsegin moduan oroitzen zuten militar hura. Agurra ere takoiaren kolpez ematen omen zuten. Edonola ere, soldadu horiek gerraontziak urperatzen ibiliak ziren, baina baita merkantzia-ontzi eta bidaiari-ontziak urperatzen ere; guztia Adolf Hitlerren zuzeneko zerbitzaria izatera heldu zen Alfred Dönitzen agindupean egin zuten.

San Juan bainuetxeak ez zuen inoiz inguruko beste bainuetxe batzuen izena eta ospea izan, baina bertan, izen handiko pertsonaiak hartu zuten ostatu. Isabel II.a erreginak, adibidez, oso harreman estua izana zuen Felisa Blancoren gizona izandako Francisco Lersundi militarrarekin; bainuetxean izan zen 1883. urtean.  Erreginak, normalean, orduan Guaquiko kondeena zen Juingo Dorrean pasatzen zituen egun batzuk, eta Zestoako bainuetxera (Gipuzkoa) joaten zen ura hartzera. Isabel II.a erreginak San Juan bainuetxean egindako egonaldiak hauspo handia eman zion bi urte lehenago Felisa Blancoren agindupean eraikitako bainuetxe berriari. 1924. urtean, berriz, bertan izan ziren garai hartan Lekeition (Bizkaia) erbesteratuta zeuden Austria-Hungaria Inperioko Zita Borboi-Parmakoa enperatriz ohia eta bere seme-alabak. Urte batzuk geroago, 1935ean, II. Errepublikako Gil Robles Gerra ministroa ere bainuetxean izan zen, eta 1942an Santiago Alba ministro monarkikoa.

Pertsonaia ospetsu horiez aparte, euskal kulturari zuzenean lotutako beste pertsonai batzuk ere elkartu ziren San Juan bainuetxean 1959. urteko urrian. Euskal kulturan hain ospe handia zuten kideek Academia Errante edo Akademia Ibiltaria izeneko entitate kulturala sortu zuten 1950eko hamarkadaren hasieran, eta tarteka egiten zuten bilkuretako bat, San Juango bainuetxean egin zuten. Entitate kulturala osatzen zuten intelektualen artean, Luis Peña Basurto, Jorge Oteiza, Jose Maria Busca Isusi, Julio Caro Baroja, Koldo Mitxelena, Jose Aranzadi, Martin Irizar, Trino Uria eta Juan Ignacio Uria aipa daitezke, besteak beste. Kontuan hartu behar da, garai hartan gure kulturak oso momentu kaskarrak bizi zituela, Francoren diktadurak euskal kutsua zuen guztiari ezarritako murrizketa eta errepresio basatiak zirela eta. Hori horrela, entitate intelektual hark egoera hartan euskal kulturan eragindako susperraldiak balio izugarria du, baina diktadurako zentsuragatik, lantalde bikain hura 1965ean desagertu zen.

San Juan bainuetxeak 1950ean itxi zituen ateak. Harrezkero, bertako eraikina pixkanaka desagertzen joan bada ere, oraindik ere ikus ditzakegu San Juan futbol zelaiaren ondoan bainuetxe haren ur sufretsuzko iturria, bertarako sarbidea eta eraikin zaharraren zutabeetako batzuk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide