Azkoitiko hileta ohitura zaharrak (2. zatia)

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2019ko mai. 12a, 12:00
Baldatxoko kanposantua.

Gaur egun, Azkoitian, hiletak herritar guztientzat berdinak edo behintzat oso antzekoak izaten badira ere, garai batean hiletetan ere mailak izaten ziren.

Hemengo hiletak, bere garaiko deiturek zioten moduan, «de primera», «de segunda» eta «de tercera» mailakoak izaten ziren: familiak zuen diruaren arabera, luxu handiagokoak edo apalagoak izaten ziren. Primerakoan, elizako aldare denetan ateratzen ziren mezak, eta apaiz bat baino gehiago aritzen ziren ospakizunean; segundakoan, aldare eta apaiz gutxiago egoten ziren, eta tercerakoan, aldare nagusitik apaiz bakar batek ematen zuen meza. Elizako kantuak ere, hileta mailaren arabera, gehiago edo gutxiago izaten ziren, eta hildakoaren etxekoek egiten zuten ofrenda ere desberdina izaten zen. Horrela, garai batean, lehenengo eta bigarrengo mailako hiletetan bi ahariren eskaintza egiten zen, eta haien erreskateagatik 12 dukat eskaintzen zaizkion elizari, ahari bakoitzagatik. Herriko aberatsen hiletek ospe handia zuten, eta, horren adibide modura, urte guztian haien hiletetan familia batzuek eskaintza moduan emandako 548 libra ogi aipa ditzakegu. Familia dirudunek beti izan dute aparteko trataera hileta inguruko zeremonietan, eta horien artean ezagunak dira Antonio Maria Zabala aberats azkoitiarrari XVIII. mendean egindako hiletaren gorabeherak. Haren familiak idi bat eskaini zuen ofrendan, eta parrokiako atearen ondoko zirgiloari lotuta utzi zuten jendeak ikusteko, elizari dirua ordaindu eta familiak berriro berreskuratzen zuen bitartean. Horrez gain, ondasun handia zuten etxeek izugarrizko dirutza gastatzen zuten kandelatan bakarrik, eta kandelak, hileta egunetik aparte, ondretan, bederatziurrenean, quintos deitutako egunetan, Ama Birjinaren zazpi festa nagusietan, igande eta aste osoko meza nagusietan, bezperetan eta Albako mezan, besteen hiletan eta beste hainbat zeremoniatan pizten ziren.

Parrokiko hilobia belaunikatzeko aulkiarekin eta argizaiolarekin.

Hiletak berarekin darama lutoa erabiltzeko ohitura ere. Dirudun familiek ez zuten arropa berriak erosteko arazorik, baina beste familia askok tindatzera eramaten zituzten arropak. Hiltzen zen senidearen hurbiltasun mailaren arabera, lutoa denbora gehiagoan edo gutxiagoan eramaten zen. Duela gutxi arte, osaba edo antzeko mailako tartekoa hildakoan, sei hilabeteko lutoa gordetzen zen, eta etxeko bat hildakoan, berriz, bi urtekoa. Horrela, ohikoa zen urtebete beltzez jantzita eta gero beste denbora bat zuri-beltzez jantzita ibiltzea.

Etxe barruan, hildakoari azken agurra emateko aspaldiko erritu batzuk egin izan dira, eta elizako hileta zeremoniak ere antzinatik datozen ohituretan oinarritu dira. Aurreko mendeko lehen hamarkadetan, esate baterako, ohikoa zen baserritarrek eta kaletarrek argizari horiak –gehienek oholik gabe eta beste batzuek oholetan bilduak– elizak erditik atzera duen zoruan erretzea. Horretarako, egun berezietan, zapi beltz bat zabaltzen zuten lurrean, eta haren gainean erretzen zituzten argizariak. Ohikoa zen, halaber, argizariak kanposantuko hilobi gainetan erretzea.
Sasoi batean, Elosuan ohitura zen ezkondu eta hurrengo igandean amenezaxua izeneko meza bat ematea, ezkonberrien zorte ona eskatzeko. Meza horretan, emakume ezkonberria bere gizonaren sendiak elizan zuen hilobiaren gainean kokatzen zen, eta, eskaintza moduan, etxean prestatutako ogizko opil bat eraman eta saskian uzten zuen; ondoren, apaiza harengana hurbildu, eta estola ematen zion, musukatzeko. Meza egiten zen bitartean, argizaiola piztuta edukitzen zen, eta apaizak etxeko hildakoengatik errezatzen zuen errespontsu edo hil otoitz bakoitzagatik hamar zentimoko txanpon bat ipintzen zen.

Elosuan, etxekoandre gaztea izaten zen elizako hilobian etxekoak ordezkatzen zituena. Alargundutakoa ezin zen urtebetean hilobiaren gainean belaunikatu, haren gainetik oihal beltza erretiratzen zen arte, alegia. Denbora horretan, eta elizako funtzio guztietan, eserlekuen azken ilaran belaunikatuta egoten zen, koruaren azpian, hiletan eginda bezala. Alabak, sendikoak edo auzoko lagunak arduratzen ziren urte horretan hilobi gainean belaunikatu eta kandelak pizteaz. Dena den, Elosuan, urtemuga horrek hamalau hilabete irauten zuen. Bestaldetik, hileta elizkizunetan ogiaren eskaintza egiten zen elizan. Olata izeneko ogi hura hiru muturrekoa izaten zen, eta hilobi gainean ipintzen zen otarre batean. Ohitura zen, era berean, hileta elizkizunetatik aparte bederatzigarrenean ere ogi eskaintza egitea, eta egunero hilobi gainean jartzen zen ogia hiletako berbera izaten zen. Izan ere, joan den mendeko hirurogeiko hamarkadara arte, ohitura zeukaten etxean doluak irauten zuen bitartean igande guztietan elizara ogia eramateko, eskaintza moduan. Urte batzuk lehenago, Elosuko baserri guztiek egiten zuten eskaintza hori igandero, baina, garia lantzeari eta baserriko ogia egiteari utzi zitzaion neurrian, ohitura hori ere galtzen joan zen.

Elosuko Korta baserrian lutoz jantzita ofrenda eramailea (ogidunak).

Gure herrian badira hildakoekin lotutako beste usadio batzuk ere. Duela gutxi arte eta antzinako legeei jarraituz, esate baterako, familiakoak ez ziren ohiko zereginaz arduratzen hildakoaren gorpua etxean zegoen bitartean, eta etxetik ere ez ziren ateratzen, hildakoak ez baitzuen inoiz bakarrik egon behar. Elosuan, adibidez, auzoko lehen etxekoak (etxekona) arduratzen ziren etxeko lanaz edo baserriko lurra lantzeaz. Hala, lehen etxeko kideak arduratzen ziren doluan zeuden etxekoentzat jatekoa erosteaz, ehorzketarako bazkaria prestatzeaz, lutozko arropaz, ukuiluko abereak zaintzeaz eta beste hainbat zereginetaz. Aldi berean, etxekoek eta auzokoek gau eta egunez zaintzen zuten hildakoa gaubeilan, eta, iluntzean, bertan bildutakoek, salbamenerako kristau misterioak gogora ekarriz, arrosario luzea errezatzen zuten, usadio zaharrak agintzen zuen moduan. Bestaldetik, mende bat atzera egiten badugu, oso zabaldua egon zen etxeko kide bat hiltzen zenean oheko koltxoia erretzeko ohitura, batez ere Elosua auzoan. Koltxoiak, normalean, artamalutaz eginak egoten ziren; beste herri batzuetan, osasun kontuagatik edo, espiritu gaiztoek bidalitako gaixotasunak uxatzeko erretzen ziren, baina gure herrian ohituragatik erretzen ziren. Beste usadio bat ere egon zen Elosua auzoan: garai batean, hilda jaiotako eta bataiatu gabeko umeak, ehun zuri batean bildu eta otarre batean sartu ondoren, sakristauari entregatzen zitzaizkion, ehortzi edo lurperatzeko. Halaber, duela hamarkada gutxi arte, Azkoitiko kaleetan, apaiza akolitoarekin kanpantxila joz joan ohi zen hilzorian zegoen batengana, eta kalean jendea belauniko jartzen zen haiek pasatzean.

Defuntuak gizaki moduan agertzen diren kontaketak hainbat kulturatan ezagunak diren moduan, gurean ere badugu halako pasadizo batzuen berri. Adibidez, Elosuko kontaera batzuen arabera, defuntua hil eta handik egun batzuetara haren irudia azaltzen da. Duela gutxi arte, era berean, etxeko umeei sukaldea garbi uzteko agindua eman ohi zitzaien, eta hori egin ezean purgatorioko arimak azalduko zirela esaten zitzaien. Bestalde, beste hainbat lekutan bezala, etxeko suaren hautsak jaso eta taloak prestatzeko palarekin tapatzen ziren, hau esanez: «Sua biltzeko, etxe onetan aingeruak sartzeko/ etxe honek lau kanto eta lau aingeru,/ etxe hau San Migel aingeruak zaitu behar digu». Halaber, arimen atsedena ez asaldatzeko, ezin zaizkio etxeari hiru buelta eman, eta gutxiago kanposantuari, bai ordea buelta bakoitzean kredo bat errezatzen bada.

Parrokiko kanpandorrea.

Ezin alde batera utzi kanpai edo ezkilek hiletako erritu edo zeremonietan izan duten garrantzia ere. Kanpaia beti izan da mezulari eta berriemaile herri txikietan. Dei desberdinez baliatuz, kanpai-joleak mezu mota asko emateko gauza ziren, eta, horien artean, hemen agonia-kanpaia esaten dioguna dago. Baina, horrela deitu arren, ez dira agonia-kanpaiak, hil-kanpaiak baizik. Kanpai zarataren eta horien denbora tartearen arabera, edonork jakin zezakeen, norbait hiltzen zenean, hildakoa emakumea, gizona edo umea zen. Pertsona helduena kanpai mota bat izaten zen, eta hildakoa ume txikia edo aingerua deitutakoa bazen, berriz, beste kanpai txiki batek bereizten zuen.

Egun, ohiturak asko aldatu dira, eta gure herrian adinekoek oraindik halako usadio zaharrak gogoan badituzte ere, atzera geratu dira ofrendak, segizioak, hileta kategoriak eta beste hainbat erritu. Duela gutxi arte hildakoak etxean edukitzen ziren, eta orain beilatokiek hartu dute funtzio hori; lehen, hilobi gainetan argizaiola eta ogia uzten ziren, eta orain loreek hartu dute sinboloz beteriko gai horien tokia; duela gutxi arte, etxetik elizarako bidea segizioan eta oinez egiten zen, eta orain hildakoa eta haren senideak autoetan etortzen dira beilatokitik; eta, horrela, beste hainbat erritu ezaguni eman zaie bukaera.

Apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako artikulua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide