Izurriteak, gaixotasunetik haratago

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2018ko urt. 8a, 11:05

Azkoitiko herriak pasarte gogorrak pairatu izan ditu bere historian, eta horietako goibelenetakoak hainbat izurritek eragindakoak izan dira. Gure herriak jasandako izurrite baten baino gehiagoren berri dugu, eta horien artean ezagunenak XVI, XVII eta XIX. mendeetakoak dira.

 

Nahiz eta 1599koa izan zen epidemiarik krudel eta eraginkorrena, ezin dugu alde batera utzi 1820koa. Bigarren hura baserrietan zabaldu zen; antza denez, kaleko biztanleek, horren berri jakitean, gaixoak herritik ateratzeko neurria hartu zuten, eta, zein baserritan kutsatu ziren, berriro ere hara eraman zituzten. Izurrite haren gordintasunaz ohartarazteko, Aranaga baserrian gertatutakoa aipa dezakegu: han, etxeko nagusia izan ezik, beste guztiak gaixotu ziren. Larria izan zen 1855ean zabaldu zen kolera morboaren izurritea ere: gure herrian, uztailaren 27tik urriaren 21era bitartean eguneko 20 herritar egon ziren gaixorik batez beste, eta, horren eraginez, eguneko lau hildako ere izan ziren, beste askoren artean Valentin de Olano politikari ospetsuaren ama.

Baina, aipatu bezala, 1599ko izurriteak eragin zuen gure herriak inoiz ezagutu dituen pasarterik gogorrenetakoa: arratoi eta arkakusoen bitartez hedatutako gaixotasun kutsakorrak astindu eta larriagotu egin zuen lehendik egoera jasangaitza zuten herritarren bizimodua. Bizi baldintza ezegonkorrak eta garai hartako garbitasunik ezak oraindik eta gehiago erraztu zuten gaixotasuna zabaltzea, eta aldi hartako bizi itxaropena oraindik eta gehiago murriztu. Ez hori bakarrik: gaixotu zirenen artean gutxik iraun zuten bizirik zazpi egun baino gehiago, eta guztiek ere min eta oinaze ikaragarriak pairatu ondoren.

Izurritea herri baten sartzen zenean, ondoko herriek beren neurriak hartzen zituzten, kanpoko jendearekiko herria guztiz isolatuz. Horrela gertatu zen 1599ko zorigaiztoko izurrite denboran, berehala zabaldu baitzen gaixotasun madarikatuak Oñatiko herria gogor jo zuela zioen berria. Gerora jakin zen herri horretako biztanleen laurdenak hil zirela izurrite haren eraginagatik. Azkoitian, gaixotasun hori bertan zabaltzen ari zela eta, entzute handikoak izan ziren Errebaleko etxeak, gaixo asko agertu baitzen haietan, eta zer esanik ez Macaloeta etxea, denbora motzean hango bizilagun asko hil baitziren. Egun gutxian, 15 edo 16 azkoitiar hil ziren gaixotasun haren ondorioz, eta agintariek berehala hartu zituzten jakineko neurriak. Besteak beste, kanpotik zetorren jende susmagarria ez herriratzeko, sarreretan txandakako guardiak ipini zituzten, eta zorrotz betearazi zuten herriko etxe edo baserrietan kanpoko inor ez hartzeko ordena ere. Horrela, izurritea bera nahikoa ez, eta herriaren isolamenduak oraindik eta gehiago areagotu zuen herritarren sufrimena. Horrek ondorio gogorrak zekartzan; izan ere, lehendik karitateari esker miserian bizi ziren herritarren artean janaria falta zen, eta, kasu askotan, goseak berak izurriteak baino zorigaitz gehiago eragin zuen.

Azkoitiko jende xumeak izurritea oso modu latz eta ankerrean bizi izan zuen, eta familia aberats eta boteretsuak ere ez ziren libratu izurritearen atzaparretatik. Dena den, orduan ere, gizarte klaseen arteko desberdintasuna nabaria zen, eta bertako familia boteretsu bat baino gehiago atera zen herritik, gaixotasunaz kutsatu gabeko herri edo baserriren batera joateko. Herriko behartsuen egoera oso bestelakoa izan zen, gosetearen eta errukirik ez zuen gaitzaren menpe inolako babesik gabe geratu baitziren. Baina gauzak oraindik eta gehiago okertu ziren kutsatutako gaixoak zeuden etxeetan: haiek zaintze hutsa edo haiei jaten ematea bera ausardia handiko ekintza bihurtu zen, eta gaixoarekin kontaktua zuten guztiak isolamendura kondenatzen zituzten beste herritarrek. Azken batean, familiako kide guztiak etxe barruan sartu, eta zaintzailea ipintzen zitzaien; sarrera-irteerak guztiz debekatzen zitzaizkien, eta gaixo bakarrak familia osoa konfinamendura behartzen zuen, badaezpada, nahiz eta kutsatuta ez egon. Horren ondorioz, komunitatetik bakandurik, eta gosea eta kutsatzeko arriskua zirela tarteko, haiek ere heriotzaren atarian geratzen ziren.

Batzuek koarentena etxean giltzapetuta betetzen zuten, beste batzuk aurrez izendatutako ermita edo baserrietan sartzen zituzten, eta zorte hobea zutenek, berriz, orduko ospitale xumeetan igarotzen zuten gaixoaldia. Hain zuzen ere, gure herrian, kasurik gehienetan izurriteek eragindako estualdien ondoren eratu edo apaindu dira gaixoentzako erietxeak. Horrela, 1599ko urtarrilean, Larramendi baserrietako pertsona batzuk gaixo zeudela jakin ondoren, eta haietako batzuk handik egun batzuetara hil zirela ikusirik, Antiguako Andra Mariaren eliza egokitu zuten izurritearekin kutsatutako herritarrak artatzeko. Diru gutxi zen udaleko kutxan, eta, Errukietxeko kutxatik mila erreal hartu ondoren, Pedro Iriarte zirujaua aukeratu zuten gaixoen zaintzaz arduratzeko. Askoz geroago, 1873an, San Juango bainuetxea apaindu zuten sarna zuten gaixoentzako ospitale gisa erabiltzeko. 1881ean, berriz, San Martingo ermitari atxikita dagoen eraikuntza prestatu zuten herritarrentzako erietxe moduan. Handik lau urtera, San Martingo ospitalea ondo egokitzearekin batera, agintariek beste etxe bat hartzea erabaki zuten, han gaixoen senideak koarentenan egon zitezen kutsaturik zeuden edo ez jakin bitartean. Bide batez, andariak edo kamileroak ere izendatu zituzten, eta, bitxia benetan, haiei sei pezetarekin, txarro erdika ardorekin eta laurden bat pattarrekin ordaintzen zitzaien eguneko lana.

Izurriteak ez zuen errukirik pobreekin, eta are gutxiago emakumeak baziren. Emakumeetako asko alargunak ziren, eta beste asko, berriz, gizartearen aldetik batere babesik ez zuten ezkongabeak. Egoera horretan, eta izurriteak gogor eraso egiten zuenean, haietariko asko izurridunak zaintzera, haien arropak garbitzera, hilak janztera eta horrelako beste lan arriskutsuak betetzera derrigortzen zituzten, eta, horren ondorioz, sarritan kutsatu eta galbidean erortzen ziren. Garai hartako emakumea baztertuta eta miseriarik handienera kondenatuta zegoen, alde batetik inolako nortasun juridikorik gabe gizonaren mende zegoelako, eta bestaldetik legeak, ongizate ekonomikoa zein Eliza kontra zituelako.

Denboran atzera eginda, gure arbasoen bizitza zaila eta zoritxarrekoa izanik, eta Azkoitiko bizilagun gehienek gorriak pasatu arren, hori guztia gauza natural moduan eta Jainkoaren nahiaren eragina balitz bezala onartzen zen. Horrela, erlijio sinesmenak indar handia zuenez, gabezia eta gaitz guztiekin batera, izurritea bera ere Jainkoak ezarritako bekatu ordainaren zigor gisa bereganatzen zuen gizarteak. Kutsaduraren izaera irrazionalaren aurrean, erlijioaren babesa eta kontsolamendu espirituala ziren herritarrentzat beren atsekabearen aringarri. Hortik zetozen, izurritea zenean, Jainkoaren babesa eskuratzeko promesak eta hitzemateak, eta herrian ohikoa izaten zen Jaungoikoaren miserikordia eskatzea. Horrela, Azkoitiko agintariek erreguak eta otoitzak antolatzen zituzten: behin baino gehiagotan, bederatziurrenarekin batera Roke donearen eta Errukietxeko Bakardadeko Andra Mariaren irudiak parrokiara eraman zituzten, ondoren Santa Klara monasteriora prozesioa eginez.

Izurritearen ondorioz hiltzeak bazekarkien herritarrei beste buruhauste bat ere; izan ere, hala gertatuz gero, leku sakratuan ez lurperatzeko zorian zeuden, eta hori gogorra egiten zitzaien heriotzaren atarian zeudenei. Horixe gertatu zitzaion, besteak beste, Azkoitiko Umansoro etxeko Cristobal jaunaren neskame bati: gaixorik egon eta hil ondoren ez zuten leku sakratuan lurperatu, Tomás de Argarain apaizak azken sakramentuak eman bazizkion ere. Neskame harekin harremana izan zuten beste herritar batzuk ere haren urrats berberak egiteko zorian geratu ziren, izurritearekin kutsatutako Olariagako etxean sartu baitzituzten, badaezpada ere, beste herritarrengandik urrunduz.

Giro hartan, herritarrak beldur ziren. Elizak zioenez, izurritea zela-eta ezinbestekoa zen hil baino lehenago Jainkoari kontuak ematea, bekatuan hilez gero infernuko su etengabearen mehatxuan baitzeuden. Modu horretan, eta Elizaren eragin zuzenaz, herritarrek testamentua egiteko beharra ikusten zuten; horrela, oinordekoei zer ondasun uzten zizkieten erabakitzearekin batera, Elizari mezak ateratzeko zenbat diru eta aparte zer ondare uzten zizkioten adierazten zuten. Elizak, horren truke, betiko salbamena erraztea eta purgatorioan bekatuak barkatzeko denbora arintzea eskaintzen zuen. Hori horrela, ezagunak dira zenbait herritar aberatsek Jainkoaren aurrean merituak irabazteko asmoarekin egindako testamentuak. Horien artean, Joan Ramus de Insausti eta haren emazte López Pillo aipa ditzakegu: herriko parrokian lurperatzeko eskaria egitearekin batera, Insausti etxea eta errotak bietatik bizirik geratzen zenari pasatzeko agindua eman zuten, eta beste ondasun guztiak erruki ekintzetara bideratu. Pedro de Zuazola komendadorearen alarguna zen Magdalena de Oñaz y Loiolak eta beste herritar aberats batzuek ere antzeko asmoekin idatzi zuten beren testamentua.

Ondorio gisa, esan dezakegu gure arbasoak nahitaez kalamidade latzak pasatutakoak direla eta errukigarria izatearekin batera miresgarria eta goresgarria dela izurrite eta bestelako atsekabeei aurre egiteko izan zuten ahalmena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide