Eliza, Azkoitiko herriari iruzur egiten ari da

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2017ko ots. 15a, 16:36

Desmont Tutu artzapezpiku hegoafrikarrak, Elizak mendeetan zehar bildutako ondare itzelari aipamena eginez, honela zioen: Heldu ziren. Haiek Bibliaren jabeak ziren, gu lurraren jabe ginen. Eta esan ziguten: “Itxi begiak eta otoitz egin”. Eta begiok zabaldu genituenerako beraiek ziren lurraren jabeak eta gu Bibliaren jabeak.

 

Jakina denez, azken urteetan, Eliza katolikoak hainbat ondasun jarri ditu bere izenean, bera jabea dela frogatzeko inolako dokumentu edo frogarik aurkeztu beharrik izan gabe.  Elizbarruti desberdinak, lege pribilegioak aprobetxatu dituzte horretarako, eta horren ondorioz, Elizak, Euskal Herriko hegoaldean bere izenean erregistratuak ditu, 809 eliza, 328 ermita, 281 lursail, 89 etxe, 43 lokal, 30 hilerri, 14 santutegi, 9 kapera eta guruztoki, 6 plaza eta eliz atari eta 4 kirol toki… eta horietako ondasun batzuk Azkoitiko herriarenak dira.

Baina egin dezagun historian pixka bat atzera, 1946an Francoren erregimen garaira hain zuzen ere, orduan pribilegio eta abantaila ugari eman baitzitzaizkion Elizari, Hipoteka Legea indarrean jarriz. Eliza katolikoa instituzio publikoen parean jarri zuten, eta honek nahikoa zuen bere buruari ziurtagiri bat egitea, erregistratu gabeko ondasun bat jabetza-erregistroan lehen aldiz bere izenean jartzeko, hau da, inmatrikulatzeko. Baina lege horrek bazuen halako galarazpen bat, adorazio tokirik ezin baitzen inskribatu.

Franco hil ondoren, 1978ko konstituzioa zela eta, gauzak  bere batean aldatu ziren, eliza, baseliza eta antzeko eraikinei bere izaera publikoa aitortzerakoan. Dena den gauzak ez ziren asko aldatu, eta 1980ko hamarkadan Gipuzkoako Elizak Jabetzaren Erregistrora jo zuen eraikin erlijiosoak bereak bezala izendatzeko, baina legeen aginduz, eraikinak adorazio edo gurtza tokiak izanik, ezin zituen bereganatu.  Orduan Donostiako Elizbarrutiak zeharkako bide bat hartu zuen, elizak eta bestelako eraikinak dauden lursail edo orubeak parrokiaren izenean erregistratuz, baina hori bai, agirietan ondo adieraziz lursail horietan zein eliza, ermita edo bestelako eraikin zeuden. Dokumentuetan, oro har, herri bakoitzeko parrokia azaltzen da ondare horien jabe moduan, ordezkari bezala gotzaina jarriz, Gipuzkoari dagokionean Setien gotzaina agertzen delarik kasu gehienetan.

Ondoren, 1998an, Jose María Aznarren gobernuak, gurtza tokiak ezin inskribatzearen muga hori kendu zuen, eta horren ondorioz, lege aldetik babes osoa izanik, Elizak ehunka inmatrikulazio berri egin zituen gure herrietan. Ondoren, eskandaluak tarteko, eta gauzak norabide kontrolaezina hartzen ari zirela ikusiz, Gobernuak Hipoteka Legea aldatu zuen, Partidu Popularrak berak ere Elizaren pribilegio onartezina aitortuz.

Eta Azkoitian zer kontu ditugu gai honetaz? Hemen ere gauzak bide berdinetik joan ziren 80ko hamarkadan, eta horrela 1985eko martxoaren 12an, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundeko Parrokia, herriko lau ondasunen jabe egin zen. Alde batetik, parrokia (eraikina bera) dagoen 2673 metro karratuko orubea edo lursaila bereganatu zuen Elizak, bestetik Madariaga auzoko eliza kokatuta dagoen 287 metro karratuko orubea, hirugarrenik Urrategiko Ama Birjinaren eliza dagoen lursaila bere 282 metro karratuekin, eta azkenik, Martirietako eliza kokatuta dagoen lur eremua bere 481 metro karratuekin. Zer esanik ez, elizatik aparte lursail horietan dauden arkupe eta frontoiak ere erregistratuak izan zirela herriko Parrokiaren izenean.

Kontua da, Azkoitian ere mende luzez inoren izenean egon ez den ondare publikoaren jabe egin dela Eliza, ondasun horiek eraikitzeko eta zaintzeko ardura beti herriarengan egon denean. Eraikin hauek herriko jendeak altxatu zituen bere limosna, zerga, eta batez ere bere izerdiarekin, ondoren herriak mantendu eta zaharberritu dituelarik ondasun hauek.

Hau horrela, nola uler daiteke Eliza hainbeste ondasunen jabe bihurtzea, “gogoratu ezin diren garaietatik”  ondare batzuk bereak direla esate hutsagatik? Herri santu honetan aspaldiko portaerak berpiztu dira, eta ondorioa begi-bistakoa da, Eliza hemen inguruko inmobiliariarik handiena bihurtu baita, eta gainera aparteko abantailekin, eraikin eta lursail horiengatik inolako zergarik ez baitu ordaintzen.

Beste era batera esanda, guztia solemnitatez estaltzen badu ere, Eliza izugarrizko negozioa egiten ari da. Hasteko, ondasun pila baten jabe egiten da ezer gutxi ordainduta, eta horien eraberritzea herriaren arduran geratzen da. Hori nahikoa ez, eta ondasun horiengatik ez du inolako zergarik ordaindu beharrik, are gehiago, eraikin horiek noiznahi saltzea edo alokatzea bere esku geratzen da. Elizako hitz bakoitzak gutxienez zalantza bat ekartzen badit ere, Jesusek honela esan omen zuen “Doan hartu duzuena, eman ezazue doan”, baina dirudienez Elizak ez du bere dotrinaren etsenpluarekin predikatzeko asmo handirik.

Gure aurrekoek honela zioten apaizengatik: “egizue esaten dutena, ez egiten dutena”. Ez zuten arrazoi faltarik, ikusi besterik ez dago Elizak berak asmatutako hamar mandamenduetako biek zer dioten: Zazpigarrenak dio “Ez duzu lapurtuko”, eta hamargarrenak  “Ez dituzu besteren ondasunak desiratuko”. Eliza, desiratzetik haratago joan da,  eta sistema judizialak ematen dion tresneria bikainaz baliatuz, eta jakina, azpikeriak abileziaz erabiliz, egundoko iruzurra egitera heldu da. Eta iruzurrik handiena herriko kristau eliztarrei eta munduan zehar, kristoren doktrina jarraituz, sakrifizioz eta eskuzabaltasunez hurkoari eta behartsuei laguntzen ari direnei egiten dio.

Elizaren barruan, behin eta berriro, balore moralak balore edo aberastasun ekonomikoen azpian geratu dira, eta interes publikoen eta herriaren alde egin nahi bada behintzat, inmatrikulazioak indargabetu egin behar dira, eta Elizak herriarenak diren ondasunak itzuli egin behar ditu. Horretarako, herritarrokin batera, Azkoitiko udalak bertan ditugun ordezkari guztiekin, erakunde kaltetua bezala eta herriko instituzio eta ordezkari nagusi  moduan, ezin du beste aldera begiratu, eta egoera berdinean dauden beste herriekin bat eginez, badu zer esanik eta eginik auzi honetan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide