1766an Azkoitian sortutako matxinada

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2016ko uzt. 16a, 09:00
Argazkian: Plaza Berri, 1766. urtean.

Gipuzkoako historia aberastu duten pasadizo interesgarrien jabe da Azkoitiko herria. 1766ko Matxinada da Azkoitiko gizon eta emakumeak une erabakigarrietan protagonista egin zituzten gertakari horietako bat. Justu aurtengo apirilean bete dira 250 urte ordutik.


1765eko uztailaren 12an Carlos III.ak aurkeztutako “Pragmatika Erreala” izeneko aldarrikapen bat izan zen errebolta horren pizgarria. Dekretu horren ezaugarririk nabarmenena gari eta arto alearen prezioa eta merkataritzaren liberazioa ezartzea izan zen. Ordura arte, herriko botereak arautzen zuen bertako hornikuntza, produkzioa bultzatuz, neurriak eta pisuak kontrolatuz, herriak behar zuen gutxieneko produktua bermatu artean horren kanporaketa galaraziz, eta behar-beharrezko artikuluen tasazioa finkatuz. Horrela, aldarrikapen hori foru legeen aurkakoa bihurtu zen, eta herriko jende xehearengan mesfidantza sorrarazi zuen; izan ere, udaleko kontrola ere noble eta ale merkatariek zuzentzen zuten, eta haiek izan ziren inolako kexarik gabe erregeak inposatutako aldarri hura onartu zutenak.


Egoera oraindik eta gehiago larriagotu zen, nekazari arruntak lurrak galtzen ari baitziren, eta, horrekin batera, burdinola bezalako lanpostu ordezkoak ere pixkanaka ahultzen ari ziren. Udal mendiak eta komunalak astiro-astiro pribatizatzen hasi ziren, eta tokian tokiko bizitza ere udal boterea kontrolatzen zuten jauntxoen eskuetan erortzen joan zen. Zerga eta kontribuzio bereziak ere artikulatu ziren orduko gerrateetan zeuden gastuei aurre egiteko, eta, hala, Madrileko eta hemengo aldundietako diru-kutxak ondo hornitu ziren jende behartsuen eskutik.


Giro hartan, 1766ko apirilaren 13an, Carlos Olaskoaga Azkoitiko erretoreak, herrian alearen behar handia ikusirik, bertako eliztarrei hura kanpora ez ateratzeko eskatu zien. Hurrengo egunean, zaldiak beraiekin zituzten Mendaroko bi emakume etorri ziren herrira, bertako alea eramateko asmoarekin, baina zapatari eta errementari batzuek berehala gelditu zituzten beste herritar batzuen laguntzarekin, eta alea lehengo lekura itzultzera behartu; horrela, berriro eskuratu zuten ordainaren dirua. Kanpai hotsarekin, Azkoitiko herria bildu zen ondoren, inguruko baserritar asko tartean, herriko zaldunei alearen prezioak merkatzeko eskatzera. Ondoren, herriko agintariek alea merkatzea onartu behar izan zuten, nahiz eta haientzat benetan iraingarria izan erabaki hura hartzea.

Azpeitian berehala jakin zuten Azkoitian gertatutakoaren berri, eta hango jauntxoek herritar batzuk armatzea pentsatu zuten, bapo jateko eta edateko emanez, herrian matxinatzeko asmo guztiei aurka egiteko. Segurtasun handiagoa izateko, Azpeitiko alkateak eskakizun bat egin zion Loiolako erretoreari: basilika eraikitzeko lanetan ari ziren ofizialak armaturik bidaltzeko esan zion. Alabaina, haiek uko egin zioten horri, eta beraiek ere alearen prezioa merkatzea nahi zutela esan zuten. Aurrez armatutako herritarrak ere, jauntxoek armak zergatik eman zizkieten jakin zutenean, matxinatu egin ziren, azkoitiarrak baino kondizio kaxkarragokoak ez zirela eta.


Horrela, arratsalde partean, goizean Azkoitian gertaturiko zalapartaren antzekoa gertatu zen Azpeitian: nekazari armatuak, Urrestillako olagizonak eta oro har herri xehea elkartzen joan ziren kanpaien dan-danarekin. Ondoren, Azkoitira abiatu ziren danbor eta txirula doinuaz lagunduta, eta bidean Loiolako langileak hartu zituzten. Azkoitiarrekin bat egin ondoren –guztira bi mila lagun inguru izango ziren–, Azpeitira bueltatu ziren. Gau bertan, matxinatuek alea zabaltzen zuen etxe publikoan lapurreta egin zuten, eta txikitu zituzten gauzen artean alea neurtzeko tresnak zeuden; bata handia, jauntxoek alea erosteko erabiltzen zutena, eta bestea txikia, saltzeko erabiltzen zutena. Merke erosi eta garesti saltzen zuten, alegia. Antonio Gorostizu zen herriko pertsonarik gorrotatuena, Azpeitiko primiziak kobratzen zituena; gizon hura beti gailendu zen berak gordetzen zuen alea saltzea nahi ez izateagatik, nahiz eta parrokiako primizietakoa izan. Matxinatuek ohetik atera eta erdi gorririk ibili zuten kaleetan barrena, eta eskopetarekin tiro ere egin zioten, baina txinpartak ez zuen funtzionatu.

Herri altxamenduak kapitulazio batzuk onartzera behartu zuen udala. Printzipio bezala, alea herritik kanpora ez ateratzeko eskatu zuten, eta primizia, hau da, hamarrenaz aparte Elizari entregatzen zitzaizkion ganadua eta fruta, herriak berak kudea zezala. Horretaz gain, garai hartan behar-beharrezkoak eta oinarrizkoak ziren beste erabaki batzuk onartzera ere behartu zituzten. Ondoren, Loiolara prozesioan joan eta Te Deum abestu zuten, garaipenagatik eskerrak emateko.

Egun hartan bertan, errebolta Elgoibarrera pasatu zen, eta hurrengo egunetan beste herri batzuetara; haietan ere, udalak hitzarmen berriak sinatzera behartu zituzten. Mutrikun, esate baterako, fusil, baioneta eta makilaz horniturik, zortziehun bat gizon eta emakumek hankaz gora ipini zituzten udaleko akordioak. Dena den, beste matxinada batzuekin alderatuz, hark ez zituen bere helburuak lortu, errepresio bortitzena pairatu ondoren.

Donostiako komertzio jauntxoak izan ziren errepresio hura beren agindupean zuzendu zutenak, beren interesei zegozkien ondorenak aztertu eta gero. Indar armatu bat osatzeko asmotan, Donostiako alkate Manuel Arriolari bertan zegoen Irlandako erregimentua gidatzen zuen Kindelan koronela elkartu zitzaion, 300 soldadurekin. Haiek, gainera, Irun, Oiartzun, Hernani, Errenteria, Urnieta eta beste herri batzuetako gizon taldeen laguntza ere jaso zuten

Apirilaren 22an Azkoitirantz eta Azpeitirantz abiatu zen 1.200 gizonez osaturiko taldea handik bi egunera heldu zen. Zaldun eta noblezia titulua zuten jauntxorik ospetsuenak elkartu zitzaizkion Donostiatik etorritako taldeari, eta soldadu gehiago batu ziren horrela. Horien artean, Azkoitiko Peñaflorida kondea nabarmendu zen: euskal ilustrazioaren bultzatzailea izateaz gain, errepresioan parte hartu zuen, eta matxinadako epaiketak ere haren esku egon ziren neurri handi batean.

Loiolan 74 ofiziozko langile eta peoi atxilotu zituzten, matxinatuen bultzatzaile nagusiak zirelakoan. Batez beste, 150 pertsona hartu zituzten preso Azkoitia eta Azpeitia artean, eta 300 inguru probintzia osoan.

Azpimarratu behar da Loiolako jesuitek zerikusi handia izan zutela 1766ko errebolta hartan. Izan ere, bertako lanetan ari ziren harginen zaindari bilakatu ziren: haien egoera salatu, eta toki sakratuaren immunitatearekin babestu zituzten. Hurrengo urtean, Campomanes fiskalak jarrera hura eman zuen jesuitak Espainiako estatutik kanporatzeko argudio nagusietarikotzat. Bide batez, Espainiako koroak jesuiten ordenako ondasun guztiak konfiskatu zituen.

Gaztelako Kontseiluak aukeratuak zituen diligentziak prestatzeko epaileak, Barreda korrejidorea eta Donostiako alkatea bera, oraindik eta eskarmentu gordinagoak ezarri nahian.


Isunak, konfiskazioak, kartzela, erregearen galeretan zerbitzatzeko kondenak, erbestea eta beste hamaika sententzia gogor pairatu behar izan zituzten atxilotuek. Heriotza zigorrak jartzea ere erabaki zuten, baina ez ziren bete, eta altxamenduko buruak Ceutako espetxera eraman zituzten. Emakumeek atal guztiz eraginkorra bete zuten matxinadan, eta haien artean ere baziren erbestera bidalitakoak.

Ondoren ere, agintariek txosten ugari egin zituzten etxekoandreen artean izaten ziren elkarrizketak zorrotz zaindu zitezela eskatzeko.

Errepresio krudelez betetako neurri horietatik aparte egon ziren, bestalde, politikoki hartutako beste erabaki batzuk ere. Maiatzaren 13an, adibidez, Gipuzkoako Aldundiak 10 artikulu onartu zituen, erreboltan matxinatuek lortutako helburu guztiak bertan behera uzteko. Modu horretan, berriro ere, matxinada sortu aurreko baldintza guztiak ezarri ziren, orduko jauntxo eta agintariek merkatua liberalizatzeko, behin eta berriro herritarren kaltean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide