Azkoitiko Aste Santuko kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2016ko mar. 29a, 13:12
Argazkia: 2016ko Aste Santuko prozesioa.

Historian atzera eginez, XVI. mendean kokatu behar da Azkoitiko prozesioen sustraia. Garai hartan, eliza barruan eta xumeki egiten zuten Kristoren gorpua gurutzetik jaitsi eta zerraldo baten sartzeko antzezpena. Horrekin batera, Jesusek gurutzean esandako zazpi hitzei buruzko sermoia ematen zuen apaizak, zeina udalak enkargatu eta ordaintzen baitzuen. Herriko miliziaren alardeetan parte hartzen zutenak jartzen ziren zerraldoa zaintzeko lanetan, eta XVIII. mendetik aurrera armatuek bete zuten funtzio hori.

 

        Aste Santuko ohituren barruan, asteazkenean, Dundun zahar kanpai hotsa tarteko, Azkoitiko eliza eta ermitetatik ostiralean prozesioan aterako diren taila eta eskulturak ekartzen dira parrokiara. Ostiral arratsaldean, eliza barruko ospakizunen ondoren, hamahiru pausoak ateratzen dira prozesioan. Prozesioko irudi bakoitzak bere historia du, eta, denboraren joatearekin, kale bakoitzak bere irudia izan du. Pausoekin batera, ezpata pisutsua daraman Miguel Deuna goiaingerua ateratzen da bere ibilera bereziarekin, eta, harekin batera, aingerutxo eta nazareno jantzitako umeak. Miguel Deuna goiaingerua Jose Mari Oteiza Kaxero-k antzeztu du urte askoan, eta orain Luis Sudupe Egurrola-k antzezten du, biak ere oso ezagunak gure herrian. Antzina, agerraldi horretan ez ziren faltako kaputxadunak beren zartailuekin eta kofradeak beren kapa eta kandelekin. Ezin ahaztu 1797az geroztik prozesioan ateratzen diren bost armatuak, garai bateko legionario erromatarrak irudikatzen dituztenak. Ostiral gauean, berriz, parrokiatik atera eta Goiko Kaleko Frantzisko Deunaren ermitara joaten da Ehorzketa Santuaren prozesioa, “Kristoren hilobia” eta “Ama Doloretakoa” irudiekin. Horiek zaintzen, armatuak, lantzen kolpe hots bortitzak jotzen, kandelak eskuan hartuta: bi ilaratan doan jendearen isiltasun hunkigarria hausten dute, herriko bandak Chopinen Hileta martxa jotzen duen bitartean. Azkenik, ermita aurrean biltzen dira guztiak, segidan Aldalurren Agur Maria abesteko. Ondoren, “Kristoren hilobia” eta “Ama Doloretakoa” ermitan gordetzen dira, eta “Kristo gurutziltzatua” parrokiara itzultzen da armatuekin batera.

         Azkoitiko Aste Santuak tradizio handia du. Halere, XVI. mendetik etenik gabe ospatzen den jaia izan arren, aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadan gainbehera handia izan zuen. 1980ko prozesioan, kasurako, hiru pauso bakarrik atera ziren. Urte bat geroago, eta herriko talde baten kezkari eta lanari esker, santuek eta bestelako irudi guztiek Azkoitiko kaleak zeharkatu zituzten berriro ere.

       Bitxikeria moduan, gogora ekarri behar dugu duela gutxi arte, herriko udalak hala aginduta, Aste Santuan ospakizun erlijiosoak baino ez zirela egiten. Horrela, egun horietan debekatuta egoten zen erromeriak egitea, bikotekidearekin ateratzea, kantuan egitea, zarata ateratzea edo ospakizun erlijiosoetako parte hartzaileak molestatzea; finean, debekatuta zegoen arreta galaraziko zuen entretenimendu guztia. Bijilia egitea ere derrigorrezkoa zen, eta garizuman musika bandak ezin izaten zuen jo. Ez da hamarkada asko, adibidez, Aste Santuan frontoian aritzea zigortuta zegoela –bi pezetako isuna ordaindu behar zen– eta merixuek kontzejupean ur baldekadak botatzen zituztela inork pilotan joka ez zezan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide