Beltxarga beltza

Erabiltzailearen aurpegia
Beltxarga beltzaren irudi bat. (Naturalista)

Kari Alberdik apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Beltxarga beltzak'.

Beltxarga Beltza (Ibil Bedi). "Rara avis in terris nigroque simillima cygno". Edo "hegazti arraroa lurrean, beltxarga beltzaren antzekoa". XVI. mendeko Londresko kaleetan ahoz aho zebilen esamolde hori Juvenal poeta erromatarrari leporatzen zaio. Mundu zaharrarentzat ez zuen ez hanka ez bururik zuria ez den beltxargaren existentziak, eta begi bistakoa da mundu berrian pentsamolde hori aldatu egin dela ustea sinesmen eskuzabal samarra dela.

Beltxarga beltza Cygnus generoko animalia da eta cignus atratus da bere izen zientifikoa. Hegaztien barruko Anatidae familian sailkatuta dago, eta Australia du ohiko bizileku. Ezaugarritzen duten elegantziak eta mitologiarekin izan duen loturak artearen disziplina ezberdinetako protagonista bihurtu dute urteetan zehar. Txaikovskiren Beltxargen aintziratik Beltxarga beltza deituriko filmera doa ibilbidea, eta bere geltokia ere badu ekonomiaren arloan.

Beltxarga beltzaren teoriak, edo beltxarga beltz gertakarien teoriak, historiako ezusteko gertaerak deskribatzen ditu. Horiek eragin sozioekonomiko handia dute, eta denbora bat igaro ostean aztertzen direnean, iragartzeko modukoak zirela ondorioztatzen da. Beltxarga beltzak izan ziren, adibidez, Lehen Mundu Gerra edo Irailaren 11ko atentatuak. Biak ala biak gizartearen begien aurrean aurkitzen omen ziren, baina begiradak beste nonbaiten ziren jarrita orduan, Londresko herritarrek beltxarga beltzen bila Tamesis ibaira begiratzen zutenean bezalaxe.

 

"Bi urte bete dituen pandemiaren gertakaria cignus atratus bat dela dioenik ere bada"

 

Bigarren urteurrena dagoeneko bete duen pandemiaren gertakaria ere cignus atratus bat dela dioenik bada. Ezustekoa? Hartu genuena. Eragin sozioekonomiko handiak? Latzak. Eta eraginen kasuan ez zegoen begirada alboratzerik, ez ezustean harrapatuko gintuela esaterik, ez beltxarga beltzik: koronabirusaren eskutik etorriko zen osasun mentalaren kaskartzea beltxarga zuri-zuria zen, ia gardena.

Izurritearen itxialdian zehar, gizartearen %30ak izu krisiak izan zituen, herritarren %55ari egonezinak gaina hartu zion eta biztanleriaren %5,8ak tratamentu psikofarmakologikoak jaso zituen, besteak beste. Hori guztia zenbakitan zerrendatzeak ikusgarritasuna ematen badio ere, arazoaren azalean gelditzeko arriskua dakar berarekin. Hau da, erraietan dauden problematikak hanka-puntetan aztertzeko arriskua. Kausalitateen bila kasualitateari begira galtzeko arriskua.

Egoerak erre gaituela esatean ezin dugu ahaztu txinpartak hor zirela aurretik, eta pandemiaren testuinguruak gasolina lanak egin dituela horientzat. Hemen dagoeneko ez da errautsetatik berpiztuko den fenix hegaztirik; beltxarga beltzak soilik gelditu gara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide