Iritzilari neuronala

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Zabala 2020ko ots. 28a, 10:48
Juan Luis Zabala.

Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzarako idatzitako iritzi artikulua: 'Iritzilari neuronala'.

Zenbat eta arreta gehiago eskaini informazioari, eta zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta zailagoa egiten zaidan gai polemiko askori buruzko iritzi sendo bat izatea —esan nion.

—Niri ere bai —erantzun zidan—. Lekutan zeudek garai bateko nire ziurtasunak!

—Aurrekoan entzun ninan, adibidez, nekazarien eta abeltzainen protesta ikusgarri batean haien etsaiak irudikatu zituztela, eta etsaien artean zer eta… animalien defendatzaileak!

—Badik bere logika. Animalien defendatzaileak gero eta indartsuago zeudek eta gero eta gogorrago ari dituk jotzen abeltzainen aurka.

—Animaliak ondo tratatzearen alde nagon ni ere, batez ere abeltzaintza intentsiboko tratu txarren aurka, baina animaliak pertsonen pare jarri gabe. Animalia batzuek beste animalia batzuk jaten badituzte, zergatik ez ditugu guk beste animalia batzuk jango?

—Gainera, hortik jotzen hasita, non egongo da muga? Tripak jaten ari zaizkian parasitoa ez duk hilko hura ez delako hi baino gutxiago?

—Baina… beste alde batetik begiratu eta zorrotz jarrita, zerk ematen digu animalien bizitza osoa, eta heriotza, gure probetxura jartzeko eskubidea?

—Indarrak, besterik ez…

—Eta horrela beste gai askotan…

—Iruña-Veleiakoan, adibidez?

—Nola ez ba!

—Eta Zaldibarko zabortegiaren aferan?

—Hor gauza asko oso gaizki egin direla ezin din inork ukatu, baina kontu askoren inguruko galdera asko geratzen ditun, eta horiei buruz ez zeukanat iritzi garbirik.

—Eta Zubietako errauskailuari zer irizten diok?

—Txikitan edo gaztetan, etxean jasotako kristau fedea galtzen hasi nintzenean, behin pentsatu ninan neure artean: “Oso jende azkar eta jakintsua zegok Jainkoari fedea diona; baina oso jende azkarra zegok sinesten ez duena”. Eta errauskailuan antzeko zerbait gertatzen zaidan.

 

Gipuzkoako Hitzan argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri artikulua osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide