Bob Dylanekin Skypez

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Zabala 2016ko urr. 27a, 11:01

Atzo Bob Dylanekin hitz egin nuen Skypez:

-Hey, buru, zer gizalarru?

-Hey, Bob, aspaldiko! Pozten naik hi berriro... hirekin berriro hitz egiteak. A, eta, berandu bada ere... zorionak!


—Ados. Eskerrik asko.

—Ondo al habil?

—Ez nauk kexatuko, kexatzeak ez dik eta ezertarako balio.

—Ez dik poz handirik eman sariak, ezta?

—Ez ba. Niretzat izorramendu hutsa duk eta ez nauk joango jasotzera.

—Nahikoa zabalduta dagoen susmoa baieztatzen didak hori esatean.

—Hiri ikasi nian esaera: «Bakean dagoena bakean laga». Ezin ordea. Musikako sarietatik ihesi bizitza osoa, eta literaturako handiena botatzen ez zidatek ba orain buru gainera!

—Kalterik ere ez dik egingo, motel!

—Egin zidak dagoeneko! Hara: kalkulu matematiko batzuk egin ditiat eta... dedio!

—Kalkulu matematikoak? Zer kalkulu matematiko?

—Hilda dauden idazle Nobel saridun guztien biografiak begiratu ditiat Wikipedian, eta saria jaso eta gero, batez beste, zenbat urtez bizi izan ziren kalkulatu. Zinez etsigarria duk emaitza.

—Sariak ez zeukak zerikusirik horrekin...

—Baina zergatik gogorarazi behar didate hain gertu nagoela? Lou eta David hil direla ezin onartuta nenbilean, eta orain hau! Esango ditek berriro ere antipatikoa eta marmartia naizela.

—Kostako zaik, bai, ozpindu-ospea gainetik kentzea. Denek ekarri ditek gogora sariaren albistea jakin orduko. Hemen, Euskal Herrian, eta bereziki Donostian, ez diate inoiz barkatuko Mikel Laboarekin kokotxak jatera joan ez izana.

—Zer esaten ari haiz? Nor da Mikel Laboa? Zer dira kokotxak?

—Ikusten? Mikel Laboa prest zegoan hi Donostiako Parte Zaharrean kokotxak jatera eramateko, eta hi ez hintzen enteratu ere egin nor den Mikel Laboa eta zer diren kokotxak. Motel, motel! Barka esatea, baina hik Nobel saria ez, hik Intxaurrondon pare bat gau merezi dituk.

Jarraitu artikulua irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide