Alfabetatzen

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Zabala 2016ko urt. 29a, 09:19

Duela 40 urte inguru Alfabetatzen izenburua zuen liburu bat sartu zen gure etxean. Ezagutzen ez nuen gizon gazte baten aurpegia zuen marraztua azalean; geroago jakin nuen Rikardo Arregi zela. Arrebarena zen liburua; ikastaro batean izena zuen emana, etxeko hizkuntza, liburuaren kontrazalak zioen moduan, «noranaiko» bihurtzeko asmoz, garai hartako gazte euskaldun askok bezala.

Liburu hura etxean ikusi nuenean, nerabezaroan sartu behar eta sartu ezinda zebilen mutil koxkor praka motzeko eta ez bereziki buru-argia izanagatik ere, ulertu uste izan nuen Franco hila zenez gero denok alfabetatu beharko genuela aurrerantzean, denon artean bihurtu beharko genuela euskara «noranaiko».

Nik ez nuen halakorik nahi. Arrotza zitzaidan euskara idatzia, batua, alfabetatua, eta lan astunez betea irudikatzen nuen. Ez nuen begiko liburuaren azaleko gizon gaztea.

Gaztelaniaz egiten nituen ikasketak orduan, baina Euskara ikasgaia jarri ziguten bizpahiru urte geroago institutuan, BUPeko hirugarren mailan. Zenbakiak nola idatzi irakatsi zigun lehen egunean irakasleak: «Bat, bi, hiru, lau, bost, sei…». «Sei!?», pentsatu nuen neure artean, harrituta. «Zeatik esateik onek sei, xei esan berrin?». Alfabetatzearen lurralde ezustekoz, misterioz baina batez ere –hau alfergura!– lanez betean sartzen ari nintzen.

Kontu horiek etorri zitzaizkidan burura aurreko batean, Euskadi Irratian sortzaile gazte samar, ezagun eta euskal koolturan oso estimatu bat bere herriko euskaran mintzo zela entzutean, neure buruari galdera hau egin eta gero: «Hala nahiago duelako egiten ote du honek herriko euskaran, ala… alfabetatu gabe dagoelako?».

Ez zait gaizki iruditzen, berez, sortzaile hori, edo beste edozein, Euskadi Irratian bere herriko euskaran mintzatzea. Baina ezinegon bat eragiten dit horrek barruan, gogorarazten didalako artista eta sortzaile euskaldunen artean –idazleak salbuetsita, eta idazleak ere ez denak– nahiko urriak direla alfabetatze lanetan taxuzko maila bateraino iritsitakoak; eta berdin edo are okerrago dagoela kontua plazara sortzaile gisa agertzen ez diren euskaldunen artean.

Paradoxikoa badirudi ere, berak berariaz halakorik bilatu gabe, bizitzaren gorabeherek alfabetatzearen lurraldean bete-betean eta luzaz sarrarazi dute Alfabetatzen liburuak beldurtu zuen mutil koxkor hura, ez lanik gabe baina plazer handiz une askotan. Lurralde hau, ordea, duela 40 urte inguru irudikatu zuen baino askoz mortuago dago.

Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak urtarrilaren 4an  31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hau. Iritzi artikuluaren ondorengo iruzkin guztiak loturan bertan irakurri ditzakezue.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide