Euskara eta subalternitatea

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Zabala 2015ko uzt. 7a, 15:08

Beste askori bezala, niri ere barrua astindu zidan Jule Goikoetxearen Euskaldun egiten gaituena artikuluaren hasierak (Berrian 2015eko ekainaren 10ean): "Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik".

Ez dakit zer neurritan idatzi zuen hori Jule Goikoetxeak benetan hala dela sinetsita, edo zer neurritan idatzi zuen probokazio gisa. Ez dakit ulertu dudan benetan zer esan nahi duen ere. Kontuak kontu, grazia egin zidan Angel Erroren egun bereko txioak: «Kiloek ez naute lodi egiten. Subalternitateak egiten nau lodi. Me quedo más tranquilo».

Ez nago ados Jule Goikoetxearekin, jakina. Nik behintzat ez dut inondik inora ere sentitzen subalternitatea denik euskaldun egiten nauena. Ni euskalduna naiz euskaraz badakidalako eta euskaraz hitz egiten dudalako. Eta nik ezagutzen ditudan euskaldunak ere euskarak egiten ditu euskaldun, nire ikuspegitik behintzat, ez subalternitateak[1].

Euskararen subalternitateak euskararen inguruan sentiberago eta kontzientziatuagoa egin nau. Ados. Euskaldun askorentzat euskararen subalternitatea izan da euskaldun egiteko arrazoi edo bultzada nagusia. Ameto. Subalternitateak ikaragarri baldintzatzen du euskarari buruz dugun ikuspegia, eta baita harekiko dugun jokabidea ere. Hori ere hala da.

Baina uste dut euskaldun eta euskaltzale izaten jarraituko nukeela euskara hegemoniko litzatekeen Euskal Herri —zein euskal herri— batean. Gustura egingo nuke proba behintzat. Subalternitateak erdaldun egingo ote gintuzke orduan?

* * *

[1] Ez nago ados, bide batez esanda, Jule Goikoetxeak euskaldun hitzaren erabilera asimetrikoaz dioenarekin ere. Jorge Oteiza, gaztelaniaz ari bagara, artista vasco izan zela onar dezaket, baina… Jorge Oteiza artista… euskalduna? Baita zera ere! Akabo ba! Auzi horretan bat nator lehen Euskaldunon Egunkariakoak bezala orain Berriako Estilo Liburuak egiten duen bereizketarekin: Jorge Oteiza artista euskal herritarra izan zen. Ez gaude, beraz, Jule Goikoetxeak dioen moduan, «Ilustrazio frantsesaren erdigune jakobinotik» pasatuta «euskal hiritarrak esatera kondenatuak».

Beste ohar txiki bat gai honetaz: Ibai Iztuetak dio, Cultura vasca vs Euskal kultura saiakeran (Utriusque Vasconiae, 2015) euskal herritarra hitzaren erabilera ez dela zabaldu, eta egia da; baina uste dut euskarazko hedabideek, batez ere Euskadi Irratiak eta ETBk, aukera daukatela, oraindik ere­, erabilera horren zabalkundea nagusitu arte bultzatzeko.

Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak ekainaren 22an 31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hau. Iritzi artikuluaren ondorengo iruzkin guztiak loturan bertan irakurri ditzakezue. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide