Eutanasia

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2021ko abu. 9a, 08:45

Jose Ramon Aranbarrik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eutanasia'.

2021eko ekainaren 25ean Espainiako Estatuan eutanasia arautzeko legea sartu zen indarrean. Ondorioz, legeak horrela jasotzen baitu, norberarekiko eskubide berri bat sortzen da, eutanasiarekiko eskubidea; hiltzeko behar den laguntza eskatzeko eta jasotzeko pertsona ororen norberarekiko eskubidea, hain zuzen ere. Horrenbestez, eutanasiak legez kanpokoa izateari utzi dio, eta beste ekintza mediko baten gisa arautzen da, eutanasia osasun-sistemaren beste prestazio bat izango balitz bezala aurreikusten baitu legeak. Beraz, gaixotasun edo pairamen sendaezin baten ondorioz sufrimendu egoeran dagoen pertsona baten heriotza pertsona horrekiko eskubidea bihurtu da, aldez aurretik berariaz eta denboran behin eta berriz eskatutakoa izan bada.

Heriotza bizitzeko era desberdina da kulturen artean; gure kulturan heriotzak beldurrak sortzen ditu, hasiera-hasieratik bizitzari eutsi beharra dagoela irakatsi baitigute, baina ez heriotza iristen den ordurako prest egotera; era horretan, inoiz hilko ez bagina bezala bizi gara. Filosofia gisa ez dago gaizki hori. Baina bizitza mugatua da, eta beraren amaiera, heriotza, haren parte den prozesu naturala eta sahiestezina besterik ez da, ez baitago heriotzarekin amaitzen ez den bizitzarik, era berean, ezta ere aurretiko bizirik gabeko heriotzarik.

Gure bizitzaren amaiera era askotara irits daiteke, eta nahiz eta konponezina dela jakin, gizaki gehien-gehienok nahiago izaten dugu horretan ez pentsatzea. Gerta dakiguke sufrimendu pertsonala, fisikoa eta psikologikoa sortzen duen gaixotasun edo pairamen sendaezin onartezina jasateko zoritxarra izatea; hala gertatuko balitz, indarrean sartu den lege berri honi esker, herritarrok modu arautuan eta baldintza duinetan joan ahal izateko aukera izango dugu.

 

Bizitza mugatua da, eta beraren amaiera haren parte den prozesu naturala da.

 

Ondo dakit ez dela horrela, baina zalantzarik ez daukat, XXI. mendean, heriotzara baldintza duinetan iristeko, pertsona baten eskubidearekiko eztabaida erabat gaindituta egon beharko lukeela. Horregatik, eutanasiaren legalizazioak aurrerapauso handia suposatzen duela ukaezina da, ez bakarrik gizarte-esparruan, baita pertsonaren duintasunaren eta autonomiarekiko errespetuaren eremuan ere. Izan ere, gaixotasun baten ondorioz sufrimendu jasanezina duen pertsona batek duintasunez sufrimendu horrekin amaitzea erabakitzen duenean, etikoki legitimazio osoa duen hautua da. Zorionez, orain, ez etikoki soilik, legalki ere horrela izango da.

Behin, Woddy Alleni heriotzari buruz zer pentsatzen zuen galdetu zioten; ez zegoela batere ados eta erabat kontra zegoela erantzun zuen. Bat egiten dut hark esandakoarekin, baina heriotzaren sahiestezintasunaz jabetzen naiz, eta pozten naiz bizitzako azken uneei aurre nola egin erabakitzeko eskubidea duen gizarte batean bizitzeaz, baita biziraupena eta agonia luzatzeko bizi- euskarriko neurriak hartzeko edota bizirik mantentzeko tratamendu neurrigabeetara edo apartekoetara derrigortzen ez duen gizarte batean bizitzeaz ere. Garbi daukat duintasunez bizi ondoren, behar-beharrezkoa dela duintasunez hiltzeko aukera izatea. Izan ere, horrek aukera ematen digu gure erabakien erantzule izateko bizitzari, gaixotasunari eta heriotzari aurre egiteko orduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide