Neguko gaixotasunak

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2016ko urt. 22a, 13:18

Neguan, bi gaixotasun dira nagusi: gripea eta hotzeri arrunta, hots, burutik beherakoa. Biak gaixotasun birikoak dira eta edonori eragin ahal diote, pertsona batetik bestera transmititzen baitira, airearen bidez bereziki.

Jeneralean, ez dira gaixotasun larriak, baina bai gogaikarri samarrak: sintomarik arruntenak sukarra, buruko eta muskuluetako mina, nekadura, ondoeza eta, horiekin batera, sudurreko kongestioa, eztarriko mina eta eztula dira. Gripeak, gainera, arazo bat baino gehiago sor ditzake, eta korapilatu egin daiteke hainbat gizataldetan: 65 urtetik gorako pertsonen artean, hiru hilabetetik gorako haurdunaldia duten emakumeen artean edota diabetesa edo biriketako, bihotzeko, giltzurruneko edo gibeleko gaixotasunak dituzten pertsonen artean.

Gaixotasun horiek, normalki, 5-8 egun irauten dute, eta, birikoak direnez, ez dute tratamendu espezifikorik; onena laguntza neurriak hartzea da, hala nola antitermikoak erabiltzea, ohean egotea, ura edatea… Azken batez, tratamendu sintomatikoa egitea. Gaixotasun horiei aurre egiteko, ez da antibiotikorik hartu behar; izan ere, antibiotikoak oso eraginkorrak dira bakterioek eragindako gaixotasun infekziosoei aurre egiteko, baina inola ere ez infekzio birikoak sendatzeko.

Ez dago burutik beherakoa sortzen duen birusari aurrea hartzeko txertorik, baina bai gripea sortzen duenari eta gripeari aurrea hartzekoa. Txertoa jartzea da egokiena eta eraginkorrena. Txertoak ez du beti saihesten gaixotasuna, baina, txertoa jarrita, ia beti izango da arinagoa eta konplikaziorik gabekoa; oso komenigarria da txertoa jartzea goian aipatu ditudan gizataldeetan, beste arlo guztietan bezala hobe baita gaixotasunari aurrea hartzea, prebenitzea, sendatzea baino.

Jose Ramon Aranbarri medikua

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide