Osasun-sistema publikoa baliatzeko aukera: asistentziarako eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2015ko api. 10a, 19:38

1986an Osasun Lege orokorra indarrean jarri zenetik, osasun publikoa guztion zergekin finantziatzen da. Baina, gizaki guztiok al daukagu osasun publikoak ematen duen prestakuntzarako eskubidea? Ezberditasunik ba al dago?

Egun eta azken urteetan izan diren Estatuko Lege aldaketen ondoren,  diru publikoz finantzatzen den osasun-asistentzia izateko, beharrezkoa da asegurudun-izaera edukitzea, hau da, honako egoera hauetako batean egotea:

  • Besteren edo norberaren konturako langilea izatea, Gizarte Segurantzan afiliaturik eta alta-egoeran edo parekoan egotea.
  • Gizarte Segurantzako pentsioduna izatea.
  • Gizarte Segurantzako aldizkako edozein prestazio jasotzea, langabezia-prestazioa eta -saria barne.  
  • Langabezia-prestazioa edo -saria agortuta edukitzea eta, aldi horretan, enplegu-bulegoan eskatzaile gisa izena emanda egotea, betiere asegurudun-izaerarik gabe beste edozein titulurengatik.

 

Aurreko baldintza horietatik bakar bat ere betetzen ez den kasuetan, asegurudun-izaera eduki dezakete honako pertsona hauek: 1) Espainiako herritartasuna dutenek, 2) Europar Batasuneko estatu kideren bateko, Europako Esparru Ekonomikoko nahiz Suitzako herritartasuna dutenek, Espainian bizi badira, eta 3) Espainiako lurraldean bizitzeko baimena duten atzerritarrek; baldin eta, hiru kasuetan, arauz ezarritako diru-sarrerak gainditzen ez dituztela egiaztatzen badute.

 

Asegurudun baten onuradun-izaera izango dute, betiere Estatuan bizi direlarik, honako hauek:

  • Asegurudunaren ezkontideak edo asegurudunarekin antzeko afektibotasun-harremana duen pertsonak; beti egiaztatu beharko du inskripzio ofiziala.
  • Asegurudunaren kargura dagoen ezkontide ohiak.
  • Asegurudunaren kargura dauden ondorengoek, baldin eta 26 urtetik beherakoak badira, edo %65eko edo gehiagoko desgaitasuna badute.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokio asegurudun- edo haren onuradun-izaera aitortzea eta kontrolatzea; eta, behin asegurudun- edo haren onuradun-izaera aitortu ondoren, osasun-asistentziarako eskubidea gauzatuko dute osasun-administrazio eskudunek.

Erregistraturik ez dauden eta Estatuan bizitzeko baimenik ez duten atzerritarrek osasun-asistentzia jasoko dute:

  • 18 urtetik beherakoek.
  • Larrialdietakoa, gaixotasun larriagatik edo istripuagatik, kausa edozein dela ere, medikuaren alta jaso arte.
  • Haurdunaldikoa, erditzekoa eta erditze-ondokoa.

Estatuko Osasun Sistemaren asegurudun edo onuradun ez diren pertsonentzat, Euskadin badago osasun-asistentzia emateko prozedura, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren eta berau garatzen duen 2013ko uztailaren 4ko Aginduaren bidez ezarria.  Egoera hori aitortzen zaie, hain zuzen ere, administrazio-egoera irregularrean dauden etorkinei, baldin eta, gutxienez, Euskadin urtebetez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatzen badute, baliabide ekonomikorik ez badute eta inolako osasun-asegururik ez dutela frogatzen badute. Baldintza guztiak betez gero, osasun-txartela jasoko du etorkinak, eta Euskadin bakarrik erabili ahal izango du osasun-asistentziarako.

Esandakoaren arabera, Osasun Txartel Indibiduala (OTI) da edozein pertsonak behar duen agiria, diru publikoz finantzatzen den osasun-asistentzia izateko. Txartela doakoa da, eta urtean zehar eska daiteke Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren osasun-zentroetan.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide