Hainbat aburu

Kapitalak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia 2021ko aza. 15a, 09:53

Juan Ramon Alberdik urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Kapitalak'.

Bidaiatzea hain modan dagoen garaiotan, ez natorkizue herrialde ezberdinetako hiriburuak aipatzera; ezta, erlijio kristauak galbidetzat jotzen dituen zazpi bizio edo bekatuak zerrendatzera ere. Geure bilakatu zaizkigun jabetza motak hartu nahi ditut kontuan. Gugan hezurmamituta aurkitzen diren ogasuna, jakintza eta prestigioa. Hauek direlako, azken finean, berdintzat jotzen dugun gizartearen baitako arrakala sakontzen dutenak.

Pierre Bourdieu, soziologoak zioenez, gizartearen baitan hiru kapital mota eraikitzen dira, zeintzuen arabera, botere sinbolikoa ezartzen den: zenbat eta botere sinboliko gehiago eduki, are eta biolentzia sinboliko bortitzagoa ezartzeko aukera egoten da. Horretarako, noski, gizarteak osotasunean onartu behar du kapital horien indarra. Kapital horiek, ekonomikoa, kulturala eta soziala dira.

Kapital ekonomikoari dagokionez, nahiko nabarmena da gure gizartean duen ahalmena. Dirurik gabe ezer gutxi egin dezakegu. Hilaren bukaerara iritsi ezinik dagoena eta dirutza edukitzeagatik ahalik eta zerga gutxien ordaindu nahi duena, biak daude ugazaba berari so: bata, gutxi duelako; bestea, ahalik eta gehien mantentzeko asmoz. Kapital mota honen biolentzia sinbolikoa nabarmena da: behartsuak eta aberatsak bereizten ditu. Eskerrak ilusioa eta bizipoza ez dauden berari erabat lotuak: egunsenti edo ilunabar liluragarriak, oraingoz, dohainik dira.

Kapital kulturala, aldiz, pertsona orok duen jakintzari lotua dago eta biolentzia sinboliko bortitza sorrarazteko gai da. Hizkuntza da, besteak beste, nabarmenki ezartzen duena. Hitz egiteko erraztasun eza, azentua, lotsa. Euskaldunon gisan, hizkuntza gutxitua dugunon artean anitzegi gertatzen da. Sarritan, euskaraz erdipurdi aritzen dena animatu egiten dugu. Ikasten ari delako, zailtasunak dituelako, edo oso "jatorrak" garelako, euskaraz egindako akatsak normaltzat hartzen ditugu. Aldiz, gu beste hizkuntza batean deseroso mintzatzen bagara, beste hizkuntza horrek ezarritako biolentzia sinbolikoa onartu egiten dugu eta txikitu egiten gara, lotsatu, kikildu. Geure hizkuntzari ukatutako garrantzia besteari areagotzen diogulako.

Kapital soziala aipatzerakoan, ekonomiarekin lotzeko joera gailentzen zaigu: zenbat eta diru gehiago eduki, onartuagoak sozialki. Alta, ez da beti horrela izaten. "Zorra zor, lepoa lodi" esaldia asmatu zuenak ez zuen sos gehiegi edukiko, baina nork igarriko zion? Hor datza kapital sozialaren oinarria: marka, estiloa edo modaren bidezko talde sozial jakin baten partaidetza lortzea. Ondorioz, sozialki ezarritako premisa horietan ahokatzen ez denari biolentzia sinbolikoa ezartzen zaio: bigarren mailakotzat hartzen da. Alabaina, kasu honetan ere premisa edo arau horiek bi aldetatik onartu behar dira: ezartzen dituena eta ezarpena jasotzen duena. Haatik, moda kontua hain aldakorra izanik, ez da beti uste bezain nabarmena izaten. Adibide gisa, gertakari bat azalduko dizuet:

Anek, bere mutil-laguna den Jon aurkeztu nahi dio amonari. Mutila ponposo jantzi da zitarako: gurasoek oparitutako markako nikia, modako zapatilak eta, azken urtebetean aurreztutakoarekin erositako prakak ditu soinean. Abegitsu hartu ditu andreak, eta arratsaldeko solasaldiaren ondoren, Jon etxerako moduko mutila dela iruditu zaio: ederra, langilea eta zentzuzkoa. Alde egiterakoan, amonak Ane bere gelara eraman du eta, eskupekoa luzatuz, honakoa esan dio: "Oraindik gazteak zarete eta gauza asko egiteko beta duzue, baina horretara iritsi arte, tori eta praka berriak eros iezazkiozu zure mutilari, tamaina horretan apurtutako arroparekin ezin daiteke kalera irten!".

Bada, hori: zein arau onartu, halako emaitza izango dugula.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide