Iraganaren neurriak

Erabiltzailearen aurpegia

Juan Ramon Alberdik martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Iraganaren neurriak'.

David Tijero-ren aforismo batek dioenez: Iragana gero eta handiagoa da. Esaldi borobil horrek hainbat hausnarketa bide irekitzen ditu, niri bederen, atzetik jarraika daukadan, eta gero eta erraldoiagoa den, gurpil baten figura iradokitzen dit. Atzetik eta gertutik jazarri arren, inoiz harrapatuko ez nauena, batez ere, orainaldiaren zangoak zertxobait aurreragotik dihardutelako. Alabaina, ziurra da ez nauela sekula-santa atzemango? Ezen, denboraren kontzeptua eta dimentsioa objektibotzat har daitezkeen arren, eurekiko norberaren baitako sentipen, oroimen edo pertzepzioaren araberako subjektibotasuna ere ukaezina da. Horregatik, iruditzen zait iragana neurri ezberdinetan uler daitekeela. Are gehiago, hala konprenitu behar dugula. Halaber, iraganaren neurriak zehazterakoan, bi aipatu nahi nituzke: bata, norberak bizi izandako denboraren araberakoa litzateke; bestea, iraganak proposatzen dizkigun neurriak, zeintzuek ikasbide eta jokamolde gisa har daitezkeen.

Bizi izandako denborari buruz hitz egiterakoan, aipagarria da norberak ematen dion enfasia. Eta hau, era argigarri bezain harrigarrian, belaunaldi ezberdinen arteko pertzepzioan ikusten da. Haur bati galdetzen badiozu, ea zerbait egiten ba al dakien: bai, "aspalditik" erantzungo dizu. Eta hamarkada bikoitza dagoeneko hiru aldiz iragan dugunon aurpegian irriño xalo bat pizten da: kontxo! Zein motza den honek aspaldi kontzeptuarekiko duen pertzepzioa. Aldiz, gaztearentzako iragana oso emankorra da. Bizi izandako denbora oro goranzko bidean egin du: sasoi onenera iristen, eta bere iritziz, ikasi beharreko denak irakatsi dizkio iraganaldi eskuzabalak. Alta, goitik beherako noranzkoak ere baditu bere ikasbideak, gainera, belaunentzako kaltegarriena da. Helduaroan, urteak oharkabean joan direnaren sentsazioa gailentzen da, 60 urte igaro arren, iragan lausoa nagusituz; sarritan selektiboa dena. Eta zahartzaroan, diotenez, haurtzaroko oroitzapenak nabarmentzen dira. Beraz, agian haurtzaroko iragana ez da hain laburra edo motza, ezen beste denek baino gehiago irauten du.

Bigarren neurriari buruz aritzerakoan, norberak bizi izandakotik barneratutakoa azpimarratu nahi dut. Arestian nioen, iraganak ezin gaituela harrapatu, baina gure jokamolde oro aurrez ikasi edo bizi izan dugunaren haritik sortzen dira. Une labur bezain jarraitua den orainaldian, iragana eta etorkizuna ehuntzen aritzen gara: aurrez ikasitakoarekin geroan nola moldatu pentsatzen. Eta ehuntze horretan datza gure ekintzen ardura: iraganak ikusarazi eta irakatsi digunarekiko dugun jarreran.

Alta, gizaldi oro, belaunaldiz belaunaldi, aurrez egindako akats bertsuetan jauzten da/gara: "Historia errepikakorra da". Esan daiteke, iraganaren handitasuna errepikatutako sekuentziaz osatuta dagoela: okerretik okerragorako bidea osatuz. Halaber, ez dugu gizarte gisa jokatzen. Pertsonaz osatutako talde baten ordez, norbanako andana gara, bakoitza bere etorkizun propioari tiraka. Alabaina, etxea teilatutik eraiki ezin den lez, ezinezkoa da bizitza etorkizunean oinarritzea. Ez behintzat aurrez iraganak erakusten dizkigun neurriak eta jokabideak kontuan hartu gabe. Ildo horretan, haurren pertzepzioaren zuzentasuna kontuan hartuz, "aspalditik" jakin beharko genuke nola jokatu gizarte berdinagoa eta justuagoa izateko.

Harrapa gaitzala iragandakoak bere neurri eta irakasbideekin, agian horrela: Iraganak gero eta handiago bilakatuko gaitu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide