Iñigo Martinezen gola

Erabiltzailearen aurpegia Josune Herrarte 2018ko mar. 14a, 10:43

Lerro hauek idazteko enkargua jaso dudan egun hauetan eztabaidan dabil hor eta hemen euskalkien eta euskara batuaren inguruan, enegarren aldiz, bide batez esan dezadan.

Bi gertaera izan dira, egun gutxiren barruan, polemika hori piztu edo, hobeto esanda, berpiztu dutenak. Batean geure herrikoak izan dira protagonista, eta azkoitiar hizkeraren eta batuaren inguruan aritu dira; Hankak lurrin saioko esatari Miguel Angel Rodriguez Miel-ek esandakoa, Juan Luis Zabalak hari egindako komentarioa, bestearen erantzuna eta abar eta abar.

Beste kasua ere ez da urrutikoa, eta horri helduko diot hain zuzen ere lerro hauetan; Iñigo Martinez ondarroar futbolariak Reala uztera zihoala eta idatzitako agur txioaz ari naiz. Mezua ondarroarrez idatzi izanak oihartzuna izan du eta, lehen aipatu bezala, euskalkien eta baturaren inguruko iritzi trukeak buztan luzea ekarri du.

Batua edo euskalkia. Hor dabiltza batzuk euskara batuaren onurak eta eman dizkigun aurrerabideak defendatzen eta beste batzuk euskalkiaren kolore ñabardura, bizitasun eta abarrak azpimarratzen. Beste behin ere, mendebaldean nagusitzen zaigun pentsamendu dikotomikoa agerian; bata EDO bestea, elkarrekin bateraezinak balira bezala. Bata eta bestea izatea, biak aintzat hartzea, ezina izango balitz bezala. Gutxik erreparatu diote biak ere elkarren osagarri izatearen aukerari; dena dela, bakan batzuek azken ikuspegi hori ere defendatu dute. Eta buruargiagoren bat ere izan da, eztabaida hau euskalkiaren eta batuaren arteko tirabiratik atera eta lagunarteko euskalkian idatzi izanaren egokitasunaz zalantza egin duena, erregistro kontuak gaiaren muinean ipini dituena, alegia.

Ni, ordea, ez naiz horretan sartuko, badira ni baino jantziagoak horretarako. Baina, Iñigo Martinezen txioa irakurrita, ezin izan diot eutsi gaiari beste hari mutur batetik tiratzeko tentazioari. Izan ere, euskaldunoi aspaldi sartu ziguten GOL handi baten adierazgarri garbia dela iruditzen zait. Txioa ondarroarrez egoteak ez omen du ulergarri egiten. Ez behintzat Ondarroako muga geografikoetatik kanpo bizi direnentzat, ez eta bertako askorentzat ere, betiere zazpigarren belaunaldiko euskaldunak ez baldin badira. Hementxe dago koska, euskara berez da zaila, eta gainera, euskalkian idazten bada, eta are, euskalki hori bizkaiera bada, kito! Akabo! Ez dago ulertzerik!

Euskara zaila dela esan digute, eta euskaldunok sinetsi egin dugu! Hori bai benetako gola! Ez dakit beste inongo hizkuntzetako hiztunek pentsatuko ote duten beren hizkuntza zaila dela. Esate batera, txinerako hiztunak txinera zaila dela sinetsita ote daude? Eta ingelesa ere zaila da? Ingelesentzat ere bai? Eta guretzat? Ingelesa euskara baino errazagoa da? Gogoan dut, ikastaro batean, irakasleari zerbait zaila zela esaten genion bakoitzean beti galdera berbera egiten zigula: zaila? Zerekin konparatuta zaila? Inguruko erdaretakoek, ordea, beren burua zuritu nahian edo batek daki zergatik, urteak daramatzate esaten euskara zaila dela, oso zaila. Eta guk, ama hizkuntza euskara dugunok ere, irentsi egin dugu ipuina. Eta argudio horren logika bihurria are gehiago bihurritu eta euskalki batzuk orduan eta zailago direla sinetsi dugu, eta beste batzuk errazagoak, garbiagoak, politagoak… Azkenean, geure hizkuntzaren eta dituen aldaera guztien etsairik handienak gu geu bihurtzeraino.

Nik Iñigoren txioa irakurtzera gonbidatzen zaitut, irakurle. Ez dizut ukatuko beharbada pare bat aditz harrapatzeko bi aldiz irakurri beharko ez duzunik, baina Whatsappeko mezuak erraz irakurtzen dituzu, ezta? Hitzak janda, laburtuta eta lau kontsonante segidan eduki arren. Ez dut uste Iñigoren txioa hori baino gehiago kostako zaizunik. Proba egitera gonbidatzen zaitut, saiatu aurreiritziak alde batera uzten eta ikuspegi zabal batekin txioa irakurtzen, ea zer iruditzen zaizun: Iñigo Martinezen txioa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide