Noizko Azkoitiko Curriculuma?

Erabiltzailearen aurpegia

Beste ikasturte bat hasi berri den garai honetan, eskolari, edo hobeto esanda, herriko ikasleei begira jarriko gaituen gai bat ekarri nahi nuke plazara: Azkoitiko curriculuma.

 

Baina zertaz ari gara herriko, eta gure kasuan, Azkoitiko curriculuma esaten dugunean? Bada, herriaren izaera biltzen duen dokumentu pedagogiko bati buruz, belaunaldi berriei herriaren ezagutza emango diena. Izan ere, gure haur eta gazteen artean zenbatek jakingo luke ondorengo galdera hauei erantzuten?

Nola sortu zen gure herria? Zeren inguruan? Zein jarduera ekonomiko izan dira gure herriaren ardatz? Zein izan dira Azkoitiko pertsonaia historikoak? Eta zein beraien merituak? Zein izan da herriko euskararen historia soziala? Zein bilakaera izan du gure hizkuntzak herrian? Nor izan zen Bizenta Mogel? Eta Peñafloridako kondea? Zer da “Euskalerriaren Adiskideen Elkartea”? Zergatik dago hainbeste jauretxe Azkoitian? Nola bizi izan zen Espainiako Gerra zibila herrian?
Galdera horiei eta beste askori erantzutera etorriko litzateke Azkoitiko curriculuma. Beste herri batzuetan dagoeneko ari dira lan horretan. Orion esaterako, aitzindari dabiltza bertako curriculuma lantzen herriko eragile guztiak elkar hartuta. Denon artean egiteko lana baita hori, hezkuntzako eragileek zeresan handia duten arren, ez litzateke bidezkoa ardura guztia haien gain uztea, eta gainera, horrela eginez gero, beste alor batzuetako ekarpenak kanpoan gelditzeko arriskua legoke.
Gurean ezin dugu ukatu zenbaitek herriko historia eta kronikak biltzen lan handia egin duenik. Horri esker, ez dago dokumentazioa biltzen ibili beharrik, materiala dagokion adinera egokitzea eta unitate didaktikoetara ekartzea litzateke eginbehar nagusia. Zorionez dokumentazio hori guztia baliatuta, hainbat bisita gidatu egiten dira herrian aspaldi honetan, kanpokoentzat zein bertakoentzat. Jakintza hori guztia
herriko belaunaldi berriei transmititzeko ahalegina egitea ez al zaigu tokatzen?
Aspaldiko esaera da “atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu”. Nondik gatozen gogoan edukitzea komeni da nora goazen jakiteko. Hezkuntza gero eta estandarragoa den honetan, denok gero eta berdinago egiten gaituen honetan, lekuan lekukoari erreparatzea, gehienok gaitzetsi dugun LOMCEri aurre egiteko beste modu bat ere izango litekeelakoan nago.
Horra erronka!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide