Ferraria zortzimilakoan gora

Erabiltzailearen aurpegia

Joseba Epeldek uztaileko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Ferraria zortzimilakoan gora'.

Hamabost urte izango dira, hogei ez badira. DBHko eta batxilergoko irakaslea nintzen artean; euskarakoa, besteak beste. Eta ez oso ona, egia esan behar bada. Euskaldunon Egunkariak EHUrekin batera antolatutako ikastaro batzuetan parte hartu nuen. Jorratu genituen gaien artean, euskararen zuzentasuna eta egokitasuna ditut gogoan, bai eta euskara irakasteko modua ere, eta erdipurdiko irakaslea izateko kontzientzia zuen honi interesgarriak egin zitzaizkion gogoeta haiek, banuen-eta neure lanbidean zertxobait hobetzeko asmoa; hori bai, behinik behin.

Harrezkero, Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Udako Ikastaro batzuetan entzun nion antzeko hitzaldia hizlari haietako bati. Irakaskuntzaereduari buruz aritu zen, aurreko jardunaldietako antzeko ideiekin. Irakaskuntza akademiko eta formal samarra kritikatzen ari zela, Europako ekialdeko herrialde bateko ikasle batek aurka egin zion, eredu formalaren alde eginez, eta eztabaida sortu zen: irakaslea hizkuntzaren irakaskuntzan eredu komunikatiboago eta erakargarriago baten alde agertu zen; ikasleak, berriz, Ekialdeko herrialdeetan sistema akademikoago horri jarraituta lortzen diren emaitza onak azpimarratu zituen.

Ia erabat ahaztuta neukan kontu hori irakasle bera antzeko ideiak azpimarratzen ikusi nuen arte, duela gutxi Euskal Telebistan egin zioten elkarrizketa batean. Niri, lehen esan dudanagatik, ezaguna egin zitzaidan diskurtso hori, baina gaur egun azpimarra beste leku batean jarri behar dela iruditzen zait, eta orain azalduko dut zergatik.

Demagun munduko euskarako irakaslerik onena dugula eta haren ikasleek oso eredu komunikatiboa eta jostagarria ikasi dutela; nahi baduzue, erantsi horri Euskaltzaindiaren arauak eta gainerakoak izugarri ondo dakizkitela. Frustragarri samarra izan behar du eskolatik edo euskaltegitik atera eta norekin erabili ez izatea. Eta hori gertatzen zaie gaur egun Euskal Herriko gazte gehienei. Arnasgune esaten diegun herri horiek kenduta, nekez aurkituko dituzu euskaraz aritzen diren gazte taldeak, nahiz eta haietako askok euskaraz egiteko gaitasuna eta titulazioa izan. Tresna bikaina izateak ez du asko balio, non erabili ez baduzu. Azken batean, zertarako nahi dugu aurrerapen teknologiko guztiak dituen Ferrari bat, zortzi milako baten magalean bagaude, gailurrerantz abiatzeko prest?

Jakina, nork ukatuko du hobe dela hizkuntza-eredu egokia irakastea eskasa eskaintzea baino? Alderdi linguistikoaz gain, hizkuntzak alderdi soziala ere badu, ordea, eta hori da, nire ustez, benetako arazoa eta azpimarratu beharrekoa gure kasuan. Eragozpen larriena ez da irakasleek, euskaltegiek eta komunikabideek erabiltzen eta irakasten duten hizkuntzaeredua; erdipurdiko hiztun bat euskaraz hitz egiteko ohitura duen talde batean sartzen denean, euskaraz egin ohi du eta, denborarekin, bere hizkera hobetu ere bai. Euskaraz oso ondo egiten duen hiztun bat gaztelaniaz hitz egiteko ohitura duen talde batean sartzen denean (gaztetxoena bada, endemas), gaztelaniaz egiten du, oro har, eta nekez izango da gai haien jokamoldea aldatzeko, hizkera oso erakargarria erabiltzeko gai izanda ere.

Beraz, hobe genuke ahalegindu dauzkagun arnasguneei eusten, lehenik, eta ohiturak aldatzen eta erreferentziazko taldeak sortzen, bigarrenik, hizkuntzaeredu bikaina jaso duten gazteei beren euskara nola herdoiltzen zaien ikusi nahi ez badugu. Horretan ari da saiatzen Euskaraldia, nik uste, eta ez du erronka makala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide