Garbia zikin

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2020ko api. 11a, 09:53

Apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Garbia zikin'.

Mendebaldeko pentsaeran eta filosofiaren historian eragina izan duten ideien artean, leku nabarmena merezi du, seguru asko, Heraklitoren Panta rhei adierazpenak; errealitatea aldatzen dela begien bistakoa zaigun arren, esamolde horrek aurrez aurre jartzen baikaitu gauza guztien eta geure buruaren etengabeko bilakaerarekin, bai eta aurkakoen borrokaren orekarekin nahiz orekaren borrokarekin ere.

Are gehiago, askoren ustez, zalantzan jartzen du gure pentsaeraren oinarrietako bat —identitate-printzipioa, alegia—, ideia hori onartuz gero, ez baitago ezer aldatzen ez denik edo une batean ere bere horretan jarraitzen duenik. Eta printzipio hori kolokan jartzen bada, irmotasuna galtzen dute, besteak beste, matematikaren eta hizkuntzaren oinarriek, Nietzschek iradoki zuen moduan.

Ez da erraza sinesten, baina eguneroko garbiketekin (erratza pasatzea, garbigailua jartzea, dutxa bat hartzea...) lotuta ekarri dut hizpidera aurreko jarduna. Izan ere, lasai esan daiteke garbitzea zikina leku batetik bestera mugitzea baino ez dela; hau da, zikintzea, neurri handi batean, zeregin horietan ari garenean horrelakorik nekez bururatuko bazaigu ere. Alde horretatik, zaila edo ezinezkoa zaigu lehena bigarrena gabe ulertzea. Eta ohiko ekintza txikietan nabarmena den hori egiaztatu nahi badugu, ez dago nazioarteko harremanei begiratzea besterik, herrialde aberatsen garbitasunaren ordaina eta ifrentzua baita sarritan herrialde pobreenak kutsatzea.

Horrenbestez, identitate-printzipioari helduz berriro ere, esan dezakegu, nolabait, garbia zikina dela, eta zikina, garbia: ezinezkoa da bata bestea gabe ulertzea, eta ezinezkoa da, halaber, erabat garbia edo erabat zikina den zerbait aurkitzea. Ezin harritu, beraz, txukun ibiltzeko eta ingurua garbitzeko zenbaiten obsesioak aurkako ondorioak badakarzkio gure osasunari eta ingurumenari. Muturreko garbizalekeriaren albo-kalteek ez diote-eta hizkuntzari soilik eragiten, dirudienez.

Bestalde, horrelako kontraesanen eta aurkakoen arteko borroka-oreka xelebreetan pentsatzeak Greta Thunberg gaztetxoarekin lotutako fenomenoa ulertzen ere lagundu diezaguke, nik uste. Neska gazte horrek eta haren lagunek, hitz gutxitan esateko, politikariei, agintariei eta enpresariei egotzi diete gure planetako kutsaduraren, espezie-galeraren, beroketaren eta abarren erantzukizun osoa. Eta ezingo dugu ukatu gauzak ez zirela beste era batekoak izango edo geuk ere ez genuela beste modu batean jokatuko arduradun horiek beste neurri batzuk hartu izan balituzte.

Dena dela, hori onartuta, Thunbergek eta haren lagunek egin dutena, neurri batean, politikari askori behin baino gehiagotan leporatzen dieguna besterik ez da: nork bere burua garbitzeko zikina besteei botatzea, Biblian ustez garbi zeudenek bekatariak harrika zigortzean egiten zuten moduan. Ez al litzateke sinesgarriagoa (eta, bide batez, eraginkorragoa ere bai) beren buruei dekalogo bat jarri, eta hura betetzeko konpromisoa hartuko balute, jarrera kritiko hori osatze aldera? Izan ere, gustura jakingo nuke manifestazioetan atera ziren gazteetako zenbat dauden prest sakelako telefonoak azken modaren arabera ez aldatzeko, arropa gutxiago erosteko, erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuekin ez bidaiatzeko... Ez gaizki ulertu; horrekin ez dut esan nahi haien koherentzia-ezak indarra kentzen dienik egiten dituzten aldarrikapenei, baizik eta erraza zaigula gehiegitan geurea garbitzeko zikina kanpora ateratzea, nork bere baitan, etxean edo herrialdean duen garbitasunak zikinetik ere baduela aitortzea edo onartzea baino errazago bai, behinik behin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide