Kontraesankor

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2019ko aza. 24a, 09:00

Joseba Epeldek azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Kontraesankor'.

Batzuetan, argi izaten dut guztia, oso argi: badakit nor naizen, zer baliok gidatu behar duten nire jokaera, zer ulertzen dudan justiziaz, egiaz eta ontasunaz, zerekin identifikatzen naizen eta nolako norabidea eman nahi diodan nire etorkizunari. Agerikoak egiten zaizkit demokrazia, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, justizia soziala eta komunikabideetan politikoki zuzentzat merke samar saltzen dizkiguten beste zenbait lelo, eta haiek hausten dituztenei –neu ere hor sartzen naiz, noski– mespretxua zor zaiela onartu besterik ez dut izaten.

Horrelakoetan, Ilustrazioko pentsalariak bezalakoa irudikatzen dut neure burua: zailtasun handirik gabe banatzen ditut argia eta iluna, konfiantza handia izaten dut nire galbahean alea eta lastoa bereizteko, eta erraza egiten zait esatea “hau ez dago onartzerik” eta “nola gerta liteke hori XXI. mendean”; edo, estetikaren mundura salto eginda, film bat, nobela bat edo abesti bat txarrak edo onak direla esatera ausartzen naiz, nire gustu eta irizpideek irismen objektiboa eta unibertsala balute bezala.

Beste batzuetan, askoz nahasiago eta konplexuago ikusten dut guztia: argi-ilunak nahasten dira nire baitan, inor eta ezer kritikatzeko nor ez naizela iruditzen zait, eta egoerek nahiz testuinguruek besteen jokabidearekin eta geurearekin ulerberago egiten gaituztela pentsatzen dut, ulerberagoa izateak bidezkoago bihurtuko bagintu bezala. Horren ondorioz, balio nagusi horien ifrentzuak eta mugek zalantza eginarazten didate, eta, aingura bota arren, lurrik ukitu ezin duen itsasontzi baten moduan ikusten dut neure burua, olatuen nahiz mareen gorabeheren mende.

Horrelakoetan, egiaren, justiziaren eta ontasunaren bila ibiltzeak sarritan haien biribiltasuna ezbaian jartzera eramaten gaituela konturatzen naiz, eta zoriak edozeinen bizitzan duen garrantziak astinaldi bat ematen die nire ziurtasunei. Ezin izaten dut baztertu joan den mendeko 30eko hamarkadako Alemanian jaio izan banintz, agian neu ere Hitlerren boto-emaile edo jarraitzaile izango nintzela, edo Alabamako XIX. mende amaierako txuria izanda, ez zela arraroa izango neu ere, beste asko bezala, arrazista arrunta bat izatea. Erraza iruditzen zait jan-edana, jantzia, loa eta beste hainbat baliabide ziurtatuta dituztenen talaiatik zenbait gaizkileri etiketak jartzea, baina zaila ziurtatzea haien antzekoa ez nintzela izango egoera berdintsuetan bizi eta herentzia genetiko berdinarekin jaio izan banintz.

Nire azken alderdi horren isla ikusi nuen, besteak beste, Krzysztof Kielowsky-ren Rouge filmean. Une batean, epailearen etxeari harrika erasotzen diote, hark bere bizilagunen elkarrizketa pribatuak entzuten dituelako. “Zer egingo ote nuke nik haien lekuan? –galdetzen dio epaileak bere buruari–. Haiek egin dutena... Eta berdin epaitu ditudan guztien lekuan egotera, haien bizitzan eta baldintzetan: lapurtu egingo nuke, hil, gezurrak esan. Bai horixe! Eta guztia haien azalean ez nengoelako, neurean baizik”.

Hasieran aipatutako jarrera praktikoagoa egiten zait, ohikoena eguneroko hika-miketan eta harreman espontaneo nahiz instintiboetan; bigarrena, teorikoagoa, intelektualagoa, egiatik eta ulermenetik hurbilago egon arren, gauzatzeko arazoak ekartzen dizkiguna, guztiari kanpotik eta barnetik aldi berean begiratzea eskatzen baitu, nolabait. Egia esan, nigan ondo sustraituta dauden joerak dira bata zein bestea, eta biak adiskidetzen saiatuta ere, ez dut aurrerabide handirik egitea lortzen, oro har. Hala ere, bietako bati uko egingo banio, hanka baten gainean ibiltzea bezala litzateke, adimenaren eta emozioen arteko bizikidetza bezain ezinbestekoa baitzait bi alderdion arteko borroka, kontraesana eta truke tarteka orekatu tarteka desorekatuaren arnasa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide