Ahularena

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2018ko mar. 24a, 10:50

Afaria prestatzen ari nintzen. Euskal Telebistaren gaztelaniazko kateko Klaudio Landaren programa neukan jarrita, eta solaskideetako batek edo Landak berak (ez dut gogoratzen) zera esan zuen:

ikerketa zientifiko baten arabera, gizakiok lehendik zikinduta, hondatuta edo izorratuta dauden lekuak eta gauzak errazago zikintzen, hondatzen edo izorratzen ditugula, txukun, osorik eta akatsik gabe daudenak baino. Hau da, errazago dela, besteak beste, pintadaz eta mezuz jositako komun batzuetan (gure garaiko unibertsitatekoak, esaterako) jendeak idaztea eta zikintzea, edo lehendik leiho bateko kristala hautsia duen etxe batera harriak botatzea.

Deigarria egin zitzaidan ideia, eta harago joatera gonbidatu edo behartu ninduen neure buruak: zabaldu al liteke jokabide hori gizakiok elkarrekin dugun jarrerara? Beste hitz batzuekin esanda: ba al dago gizakiongan joera bat lehendik ahula dena zapaltzeko eta indartsuari edo sendoari bakean uzteko? (Indartsuei edo boteretsuei koipea ematekoa ere izan daiteke, noski).

Nire buruko errotak bereari jarraitu zion. Bila ibiltzeko beharrik gabe, historian zehar «gizakia gizakiarentzat otso» (Thomas Hobbes) bihurtu den zenbait egoera etorri zitzaizkidan oroimenera: nazien garaiko Alemania, 36ko gerrako Euskal Herria, Ruandako sarraskiak, ikastetxeetako bullyinga, emakumeen aurkako indarkeria, etxegabeak jipoitzea, gure arrazakeria, xenofobia eta klasismoa... Ondoren, era bateko eta besteko ideiak eta irudiak sartu-irtenean eta elkarren lehian luzaroan aritu eta gero, bat nagusitu zitzaidan: badaude pertsona batzuk ahula are ahulago bihurtzeko edo zapaltzeko joera dutenak, beren burua, ustez, indartsuago edo irmoago bihurtzearren. Agian gizaki guztiok dugun bulkada bat da, agian batzuen jokaeran askoz nabarmenago azaltzen da (eta hori guztia ahulen egoeraz ekonomikoki baliatzen direnak aipatu gabe).

Dena esan behar bada, ez da erraza ahula izatea zer den definitzea. Izatekotan, pertsonok fisikoki baino ez gara berez ahulak edo indartsuak. Gainerakoan, testuinguruak eta, ondorioz, subjektibotasunak erabakitzen du askotan zenbateraino garen edo ez garen ahul, gizakia bere gizarte-harremanek eratzen baitute, neurri handi batean. Ni neu egoera edo une batean ahul izan naiteke (nire ideologia, kolorea, erlijioa, maila ekonomikoa eta abar direla eta), baina beste testuinguru batean, ezaugarri berberekin, indartsu. Ez da harritzekoa, beraz, zenbaitetan zapaldua zapaltzaile ere bihurtzea, ahuldadearen soslaiak bat eta bi baino gehiago baitira.

Gure amak kontatzen duenez, 36ko gerran, Francoren aldeko tropak Azpeitian sartu berriak zirenean, hango betiko karlista bat abertzale ezagun baten baserrira joan zen eta hau (edo antzeko zerbait) esan zion: «Kalean denetik entzun diat. Gauzak nahasita dauden bitartean, hobe duk hire behi onenak nire baserrira ekartzea. Gero, egoera lasaitzen denean, itzuliko ditiat». Eta hala egin omen zuten. Kalean txapel gorria buruan ibiltzen omen zen gizon hura ez nuen ezagutu, baina istorio hori entzun nuenetik miretsi izan dut, bai eta pentsatu ere nahiago nukeela horrelako (bizi)lagunak inguruan izatea (albokoaren ahuldadea baliatzen ez dutenak, alegia), edozein dela ere haien azalaren edo ideologiaren kolorea.

Izan ere, psikologoek eta psikiatrek egin ohi dituzten pertsonen nortasunaren tipologia bat egin beharko banu, nire irizpide nagusia pertsona horiek boterea kudeatzeko duten modua litzateke. Guztiok ditugu eguneroko bizitzan geure botereguneak, eta botere hori erabiltzeko moldeak egiten gaitu, nik uste, garen bezalakoak, gure ideologiaren, sinesmenen edo besteen aurrean ematen saiatzen garen irudiaren gainetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide