Azkoitiarron olinpoa (edo generoa)

Erabiltzailearen aurpegia

Neure buruari ariketatxo bat proposatu nion. Ikerketa esatea gehiegitxo litzateke, nahiz eta gaur egun hamar urteko umeek egindakoari ere hala esaten zaion zenbait testuingurutan. Kontua da, nire aurreiritzietako baten arabera, herri bateko kaleen izenek herri horren balioak azaleratu ez ezik, olinpo moduko bat ere osatzen dutela, edo osatu beharko luketela.

Beraz, ezer begiratzen hasi aurretik, hipotesi hauxe ezarri nuen: baietz Azkoitiko kale gehienek gizonezkoen izenak izan.

Interneten sartu nintzen ondoren. Nire susmoak egiaztatu bai, baina ezusteren bat ere aurkitu nuen: batetik, Azkoitiko kale gehienen izenak deskriptiboak dira; bestetik, gehiago dira gizonezkoen izenak dituzten kaleak emakumeenak dituztenak baino, baina aldea ez da nik uste nuen bezain handia. Hala ere, aitortu behar dut, ariketaren emaitzak aitzakia bat baino ez ziren proposatu nahi nuena proposatzeko.

Nire esku balego (eta orain fantasiaren munduan sartuko naiz), Azkoitiko kale batzuei zenbait emakume azkoitiarren izenak jarriko nizkieke, landu dituzten arloetan haiek izan duten ekarpena oroitarazteko. Esate baterako, ondo legoke (izendatutakoen baimenarekin, noski) Azkoitian “Anari kalea” egotea, kantagintzan izan duen ibilbidea eta arrakasta omentzeko. Beste kale bati “Nerea Zubizarreta kalea” izena jarriko nioke, oker ez banago hura izan baitzen Azkoitiko lehen emakumea alkate izaten. Beste kale bati “Ana Eizagirre kalea” izena jarriko nioke, kirolean izan zuen ibilbideagatik… Seguru badagoela nik baino aukeraketa hobea egin dezakeen jendea, baina, asko eskatzea ez bada, aukeratu bizirik dagoen jendea (gorroto ditut hil ondorengo omenaldiak).

Eta hori zertarako? Bada, lehenik, nabarmen uzteko emakumeak eremu publikoan izan behar lukeen lekua, bistakoa baita oraindik ere asko dagoela egiteko arlo horretan. Baina hori baino garrantzitsuago: kaleen izenak aitzakiatzat hartuta, Azkoitiko emakume-izena duten kaleei buruzko unitate didaktiko bat eginarazteko. Kale bakoitzarekin arlo bat landu daiteke: artistikoa, politikoa, kirola… eta emakumeen parte-hartzearen bilakaera historikoarekin lotu, zer lortu den eta zer dagoen lortzeko aztertzearren. Gainera, gure arteko etorkin kopurua ikusita, ondo legoke alderatzea haien jatorriko herrialdeetako egoera, hemengoa, Europako beste herrialdeetakoa, mundukoa… eta, hori baliatuz, berdintasuna aldarrikatu eremu guztietan. Ondo legoke, halaber, protagonistak ikastetxeetara eramatea, eta izan dituzten zailtasunez eta oztopoez, baleude, hitz egitea ikasleekin.

Eta hori zergatik? Ba, orain arte lortutakoan aurrera egitea ondo legokeelako, baina, hori baino gehiago, atzera ere egin dezakegulako; eta hezkuntza, uste dut, nahitaezkoa da hori gerta ez dadin. Gainera, eta aurretik aipatutako bilakaera historikoarekin lotuta, ez legoke sobera orain dela 60-70 urte hemengo emakumeek zuten egoera eta gaur egun zenbait herrialdetan (edo hemengo zenbait familiatan?) dutena alderatzea, eta umeek eta gaztetxoek horri buruz hausnartzeko aukera izatea.

Hauxe, bada, nire fantasia. Ez da, ustez, feminista baten proposamena, baina bai gizarte berdinago batean bizi nahiko lukeen batena (batez ere neure mesederako, noski).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide