Emakumea Elizan

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2016ko aza. 16a, 10:59

Bi mila urteko historia duen erakundea izanik, Elizaren ibilbidea epaituko bagenu, balantzaren alde batean ekarpen positiboak eta bestean negatiboak jarrita, ez zait iruditzen beste asko baino okerrago aterako litzatekeenik, nahiz eta gaur egun haren hutsegiteak azpimarratzeko joera nabarmena dugun. Ematen duenez, aita santu honek haize berria ekarri dio Elizari; hala ere, bada kontu bat lehenean jarraitzen duena, eta epe laburrean konpontzeko itxurarik ez duena: emakumearen lekua Elizan.

Ez dakit nire ikuspegia den edo egiazta daitekeen zerbait, baina esango nuke betidanik egon dela gizonezko baino emakume gehiago Elizari lotuta, eta zeregin oso garrantzitsuetan seguruenik, baina beti ere bigarren mailakoetan. Hori, onartzekoa ez izanda ere, ulertzekoa izan zitekeen orain dela zenbait mendetako Elizan, aitzakiatzat hartuta gizarteak eta une historikoak baldintzatzen zutela nolabait erakunde horren ibilbidea eta izaera. Gaur egungo gizartean, argi dago, guztiz anakronikoa da, eta Elizaren orban nagusietako bat, nire ustez.

Egia da Europako Elizak edo Euskal Herrikoak gero eta eragin txikiagoa dutela gure pentsamoldean eta bizimoduan. Egia da, halaber, nigan eta beste askorengan ez dutela itzal handirik izango apaiz, apezpiku edo aita santuek esan eta egindakoek. Baina Elizaren irudiak eta ereduak mundu osorako balio du, baita gizarte oso matxistak dauden herrialdeetarako ere, eta Elizaren irudia eta eredua erabat dira maskulinoak edo gizonezkoen mendekoak oraindik ere. Eta hori, nire ustez, ezin zaio onartu nolabaiteko erreferente erlijiozko edo moral izan nahi duen erakunde bati.

Alferrik aipatuko dizkidate tradizioak, testu sakratuak eta enparauak. Zerbait aldatzeko borondatea badago, aldatu egiten da. Eta horretan, argi dago, erantzukizun handiena Elizako gizonezkoena da, erakunde horren barnean “pribilegioak” dituztenena. Harrigarria da, esaterako, Gipuzkoako apaizak apezpiku baten aurkako sinadurak biltzen eta idazkiak argitaratzen hainbeste saiatzea (gizonezkoen arteko botere-borroka), baina inoiz ez argitaratu izana Elizako emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren aldeko idazkirik (nik dakidala, behintzat), edo hori aldarrikatzeko manifestaziorik egin ez izana. Hain zaila da ikustea gainerako gehienoi hain nabarmena iruditzen zaiguna?

Uste dut Arantxa Urretabizkaia zela, hasierako Euskaltzaindiaren bilera bateko argazki-oinean, honelako zerbait idatzi zuena: “Gonadun asko, baina emakumerik ez”. Ea, bada, horrelakoak gaur jaiotzen diren umeei bitxiak bezain urrunak egiten zaizkien. Ea, bada, Frantzisko I.ak eta bere Elizak ezusteko bat ematen diguten, emakumeei gizonak hel daitezkeen kargu edo zerbitzuetara iristen uzten dieten, eta Erroma kardinal emakumez betetzen den. Ea, bada, Frantzisko I.aren ondorengoari “ama santua” izena hartzeko aukera ematen dioten. Zenbaitentzat, agian, txikikeriak izango dira horiek, baina ni orduantxe hasiko naiz onartzen ia komunikabide guztiek sinetsarazi nahi digutena: aita santu honekin Eliza modernoagoa dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide