Adin bat dudalako

Erabiltzailearen aurpegia

Javier Beristainek urriko Maxixatzen aldizkarirako egindako 'Hileko argazkixe': 'Adin bat dudalako'.

Adin bat dudalako…

Beldurrik gabe jakinaraziko ditut nire pentsamenduak.

Egoera ezegokiak salatuko ditut nahiz eta gero neu izan kritikatua.

Nahi dudana egiten saiatuko naiz, ez naiz eta porrotaren beldur.

Kutxatxo seguru batean gordeko ditut nire oroitzapen kutunenak, memoriaren lapurrek ez ditzaten lapurtu.

Nire arropa beroenak pilatuko ditut iristear dagoen neguko hotzak saihesteko.

Nostalgiaren kupelari ez diot utziko gainezka egiten.

Gogor tiratuko diot bizitzako sokari korapiloak askatzeko.

Ardo gorri naparrez bustiko dut nire lagunekiko adiskidetasuna.

Ez dut nahi izan haizeak astintzen duen udazkeneko hosto bat, ezta artzain ezezagun baten artaldeko ardi galdu bat ere.

Kolore biziz margotuko ditut nire azken egunak, grisa alde batera utzita.

Zapi bat lepoan lotuta gainditu nahi ditut nire bizitzako gailurrik zailenak.

Adin bat dudalako…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide