Iritzia

Hitzaren gozoa

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2021ko mar. 5a, 09:32

Ixabel Jauregik otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako euskara iritzi artikulua: 'Hitzaren gozoa'.

Errege egunean, eguzkiak epel ferekatzen zuen Balda plaza. Hiru haur, bost bat urtekoak, zapi zabalean erdi etzanda, liburu loditxo baten bueltan, kontu kontari. Ania, June eta Enaitz. Irakurtzen ba al zekiten galdetuta, batek baietz erantzun zidan, baina liburu hartako letrak ezetz. Dinosauroen marrazki biziz beteta zeuden orriak, testua azalpenekin. Irakurtzen hasi nintzaien, izenak, izenburuak... Liburuaren jabeak, etxean, gurasoekin irakurtzen zituela ihardetsi zidan.

Bizpahiru urteko Lizar Ruleta de la suerte ikusiz joan omen zen letrak ezagutzen, eta irakurtzen hasi. Asierrek, denboraldi bat gaixo egon ondoren, auzoko heldu batekin aritu eta bere gelakideen pare jarri zen, eta kalean "farmacia" irakurtzean egundoko aurkikuntza egin zuela aitortu zidan haren amak. Aitorrek, Irureta altzari erakusketaren paretik autoz pasatzean, oihu egin eta "ipupetz" jartzen du esan zuen. Maiz, ume haien esperientziaz gogoratuta, nolabaiteko zirrara sentitu eta irakurzaleak izango ote diren galdetzen diot neure buruari.

Eskoletako geletan prozesu hori egunero ikusten eta bizi dutenekin hizketan aritu izan naiz. Azaldu izan didate zer garrantzia duten haur bakoitzaren erritmoak, interesak, etxean uztarri beretik joateak... Ikasgeletan batez ere ipuinak irakurtzen dizkiete.

Ipuinen mundua hain zabala denez, ildo bereko bi proposatzetuko ditut, alegien sailekoak. Bata, Bixenta Mogelen Ipuin onac eta bestea, Jean de la Fontainen Alegiak sudur ondoan begiak. Jesus Mari Mendizabalek itzulitako bilduma horrek bereizgarri bat du, alegiaren bukaeran bere adierazpena bertso batean azaltzen dela (Kontsultatu: https://bdb.bertsozale.eus/es/web/liburutegia/view/4221-bertso-doinutegia).

Gurasook aukeratu zer kontatu, zer irakurri. Gelaz kanpo makina bat aukera dute haurrek testuez gozatzeko: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abestiekin; Aizkibel udal liburutegira etortzen diren ipuin kontalariekin eta hango aleen aukerarekin; Berria egunkariaren larunbateroko Mantagorrin lau bat liburu aholkatzen dituzte; eta, ahazteke herriko liburu dendekin: Hizki, Amaitz, Lujan... Amazon alboratuta.

Erein dezagun irakurle-gaiengan, irakurzaletasunaren altxor-hazi preziatua. Ez ahaztu irakurzaletasuna sustatuz, irudimena, sormena, sentimenduen eta gustuen saltsa txertatzen ari zaretela; alegia, plazera lortzeko iturria jorratzen ari zaretela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide