Nondik eta nora

Erabiltzailearen aurpegia

Ixabel Jauregik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako euskara iritzi artikulua: 'Nondik eta nora'.

Toponimia zer zen ez nekien arren, beti sortu dit jakin-nahia erreka, herri, abizenen... izenen esanahiak. Asko daude atxikiak zuhaitzei eta haien nortasunari. Zuhaitzak besarkatzen ikasi behar dugu, ederra delako gure barne indarrarekin bat egiteko.

Norberak bere burua kokatzeko, bere lekua zein den garbi ikusi behar du; hori da abiapuntua. Abizenekin abia gaitezke. Ikasleekin landu nuen hainbat toki izenen jatorria, armarria, esanahia... Hiztegia landuz, gure hizkuntzaren nondik norakoak ikasi ditzazkegu.

Orain dela hiru hamarkada, ikasleekin Azkoitiko berrehun eta... baserri liburuxka argitaratu genuen, baserrien marrazki, argazki, plano, bertso eta partiturekin osatua. Salome Uriak baserriak auzoka banatu zizkigun eta sailkapen bitxia proposatu zigun: inor bizi ez arren zainduta daudenak; bateren bat bizi direnak; eta utzita nahiz erortzear daudenak.

Argia astekariaren maiatzaren azkenak, "Aurrera doan herria (...) balaztarik gabe" izenburua zuen argazkiak goibel utzi ninduen. Hondeatzaile makinak bere beso irmoz, 500 urteko ondare historikoa eraitsi zuen Abadiñon, maiatzaren 14an. Mendilibar-erdikoa baserriaren grazia, AHTren obren mesedetan desagertua.

Maiatzaren 19an, Andoaingo Buruntza auzoko Illarramendi baserria (1615. urtekoa) eraitsi zuten, eremu handiko supermerkatuarentzat eta alboko enpresarentzat lekua egiteko. Txilar eta ilar mendia.

Azkoitiko Udalak 2006an Euskaltzaindiarekin hitzarmena sinatu eta Azkoitiko toponimia bildu, sailkatu, aztertu eta gauzatu zuen; nondik gatozen eta nora goazenaren ondarea jasoz. Tokiari lotutako izenak asko ditugu: Ugarte, Zubiondo, Bazterretxe, Liñopotzu... Azken horien artean, Basarte; Euskal Herriko historiarekin lotura zuzena duena. "Bertan biltzen ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak XVIII. mendearen hasiera arte", hala dio baserriko aurrealdeko oroitarriak. Bixente Aldalur Olidenek (1905-1991) pasarte eder bat azaldu zidan Basartez: 10 urteko mutil kozkorra zela, Basartera etorri omen ziren garaiko Aldundiko (Ekautako) agintariak eta haur denek hiru zortziko nagusi ikasi zituzten agintariei abesteko. Hona bertso haietako bat: Gipuzkoako Ekautari jaunak/ prestuak eta maiteak/ ongi etorri egiten die/ gaur Azkoitiko jendeak/ ongi etorri nola datozen/ maitasun onez beteak/ gogoz zabaldu dira berontzat/ gure herriko ateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide