Ekarriko! Ekarriko! Ekarriko!

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2019ko ots. 23a, 09:24

Ixabel Jauregik urtarrileko 'Maxixatzen' aldizkarirako egindako ekarpena:

Etxean, 5 bat urteko haurrari «zein opari nahi duzu?» galdetu zioten. «Hor duzu katalogoa… aukeratu hortik». Haurrak «hau eta hau eta hau…», x jarriaz. Katalogoko aukera horiek non saltzen dituzten Azkoitian? Jadanik jostailu denda txikiak bi besterik ez direnean. «Amazonen eskatzen ditugu», esan zidan 8 bat inguruko mutiko batek gertuko plazan jostailu multzo batekin jolasten ari zen batean. Eskatu eta berehala etxera ekartzen dituztela erantzun zidan, patxada ederrean. Hala ere, haur horiek «ekarriko» oihu egingo zuten. Ekarritako oparien artean, umeak zaintzeko edo artatzeko gailuak ere ikusi ditut; horrela, jatetxeetan jan orduko eta bitartean, tabernaz taberna ibiltzeko garaian, kafea hartzen ari direnean, gurasoek lasai asko egoteko modua dute. Beste adibide bat: kalean denbora aprobetxatuz, umeak ingelesa garaiz ikasten hasteko, 2 urterekin Oihaneko liburua filma tabletan.

Beste batzuek ez zuten esan ekarrikorik, ezta beharrik ere, baina nahiz eta etxean bost opari jaso eta amonarenean beste hainbeste, gehiegikerien aurrean ez ziren azaldu opari bakarra jaso zutenak baino zoriontsuago.

Ekarriko esan gabe ere, hainbat erakundek Haur bakoitzak bere jostailua kanpaina deigarria egin dute Gabon giroan, eta 10.000 umek haiei esker jaso omen dituzte opariak.

Herrian ere tankera horretako deia egin zen: opariak jaso ziren, herritarrek borondatetsu erantzun zuten, jasotzaileak pozik gelditu ziren eta Gurutze Gorriaren ezinbesteko laguntzari esker jaso zen guztia banatu zen.

Gure haurtzaroan, aitak Zubillagan lan egiten zuen, eta enpresako erregeak Baztartxora etorri ohi ziren; han, langileen seme-alabei izenez deitu, eta opariak banatzen zituzten.

Urte batean, 9 urte ez nituen izango, ama, anaia eta bi ahizpok erregeen kabalgata etxeko balkoitik ikusten ari ginela, erregeen ondoren kamioi handi batek opari pila zeraman. Gu San Martin kalean bizi ginen, lehen solairuan, eta paje batek eskailera jarri, eta 25 juegos reunidos izeneko kaxa handi bat eman zidan eskura. Ama pozik zegoen; ni zaharrena izanik, begirasun bereziz, maitasun handiz begiratu zidan. Nik aspalditik nekien erregeena, baita gure etxeko txikienak ere. Baina gau hura ez dut inoiz ahaztuko: gure etxean, gau hartan, norbaitek pasilloan errege magoen oinetako batean diz-diz egiten zuten lentejuelakikusi zituen, erregeak gauean gure etxean ibili ziren seinale.

Harrezkero, errege gaua maitasun gautzat dut, eta hori da ekarriko horretan nik ere eskatzen dudana. Ekarriko oihukatzean horixe eskatzen dugu: maita gaitzatela eta maita dezagula. Joxan Artzeren hitzekin amaitu nahi nuke:

Zuen haurrak ez du/ hau ta hori ta beste hura nahi/ zuen haurrak zuek nahi zaituzte;/ ez du ilargirik nahi ez izar atzemanezinik eskatzen/ askoz ilargiago, askoz izarrago baitzaituzte zuek

Nahiz eta zuek, agian, askotan/ zaretena baino daukazuena preziatsuagotzat ukan/ zuen haurrak zuek nahi zaituzte (…), zuen maitasuna./ Zuen maitasunaren eguzkia nahi eta behar (…), ez baitago zuen beroa eta argia adinakorik/ zuen haragitik duenez haragi/ zuen odoletik odol/ eta zuek behin hartu zenuten hats beretik/ hark ere bere hatsa/ hats bera eta bakarra.

Ekarriko horrek haur horiekin jolasteko eta batez ere maitatzeko sua ekar diezagula, haurtzaroa bat-batean joaten baita, baina oroitzapen onak betirako iltzatuta gelditu ohi dira.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide