Gutaz, norbait gogoratuko da?

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2015ko eka. 1a, 09:54

Euskadi irratian, larunbatetan eta igandeetan bertsolaritzari eskainitako programa bat eman ohi dute “Hitza jolas” du izena.Bertan Unai Elizasuk, gai jartzaileak, honako gaia jarri zion Jon Maiari, “kanposantuan zaude eta hainbaten izenak irakurtzen hasi zara ” Gai hau entzun orduko , hauxe otu zait, hemengo ibilbidea egin ondoren , gutaz zer geratuko da norbaitengan, nonbaiten?

 

100 urte bete ditu Jasokunde kooperatibak, eta herriko kronistak, Juan Bautista Mendizabalek , orain mende bateko Azkoitiaren berri eman du aurtengo Batzar Nagusian.Garai hartako argazkien bidez bertako protagonisten berri eman zuen bazkideen aurrean.Herritar talde batek,herritarrekin eta herritarrentzat amestutako proiektua aurrera eramateko adorea eta ahalegina izan zuen.Bazkideak berdintasunean , kopuru bera jarriaz kooperatiba honetako partaide egin ziren, eta kide bat hiltzen zenean , ehorzketa zerbitzuentzako diru laguntza ematen zuten.

Taldea osatzen zuten pertsonak izenez eta ezizenez gogoratuak izan dira batzar horretan, beraien gaurko senideen aurrean.Herriari zerbitzua egin zioten, eta herriaren historian letra larriz idatzita gordeko da beraien oroimena.

Azkoitia herri aberatsa da, badituelako gaur egun ere zerbitzuan, lan isilean eta nabarian herritarrengatik buru belarri lanean dihardutenak.Hauengana hurbildu beharko genuke, ezagutu zer egiten duten, ematen duenak gehiago jasotzen baitu. 

Elikagaia bezain garrantzitsua da besteen zerbitzuan ibiltzea .Zer eskain diezaioket bizitzari? Ingurukoak maitatuak sentitzetik has gintezke.Gure barne energia maitasuna da, maitatzeko eta maitatuak izateko jaio ginen.Norberak bere burua maitatzetik hasi behar du, norbere burua onartzetik.

Gure bizitzako ibilbidean , arrastoa uzteko etorriak gara.Herritarron artean osatzen dugun sarea ,denon artean ehundu behar dugu, ez elkarren aurka joan da.Hauteskundeak pasa dira eta agintari berri eta lehengoak herriaren alde lana egingo dutela aldarrikatu dutenak, ildo komun batzuk adostuko ote dituzte? Lau urteren ondoren norbaitengan, nonbaiten oroimenean geratzeko modukoak.

Hitz batzuk eskerronez ondorengo sailetan beso zabalik eta begietara begiratuz lan egiten dutenei, pertsonen duintasunean sinisten dutelako: langabetuekin, espetxetan eta gaixoei bisitak eginaz, bakarrik daudenei gertutasuna eskainiz, etsipenean bizi direnei entzunaz…

Norbait gutaz gogoratzen bada herritarron arteko kateko kate-maila bihurtuta geratuko gara.

Laster dugu San Juan bezpera eta aurten ere zerbitzuan, musu truk dabilen jendeaz oroitzeko ordua iritsi da, garbikunde errito honetan, herritarrok han biltzen garenean denon maitasun energia senti dezagula!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide