Oihu loreak

Erabiltzailearen aurpegia Itxaso Elorza Martija 2016ko ots. 12a, 19:30

Norbaiti izenburu hau ezaguna egingo zaio; Ken Zazpiren –Phoenicoperus– azken diskotik abesti batek hartzen duen izena da. Lehen aldiz entzun nuenean lanerako bidean autoan irratiz izan zen eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Bigarrenez, egun berean, bideoklipa ikusi eta entzun nuen. 

Ezin izan nuen bideoklipa amaitu, nire begi bustiek ezin zuten aurrean zuena ongi ikusi, nire bihotz hunkituak ere ez... Gordina benetan! Nire ikasleek ikusi behar zutela pentsatu nuen, nire barruan sorrarazi zuena helarazi beharra nuela sentitu nuen. Musikak lagunduta munduko errealitate desberdin batera garraiatu nahi nituen… betiko albistegietako irudietatik haratago sentitu, bizi! Baina oraindik ez nintzen gai... ez zen momentua... ez nengoen prest... oraindik oso gordin nuen nire barnean... pixka bat xamurtu beharra nuen mina, tristura... Aurrerago egingo nuela pentsatu nuen.

Munduko herri bat da, munduko zati bat, izen-abizenak dituzten pertsonak dira; seme-alabak, anai-arrebak, aita-amak, aitona-amonak, lehengusuak, lagunak... Zu eta ni. Gerran dagoen munduko edozein toki izan daitekeen errealitate txikia bezain handia. Han denak egiten du oihu <<basalore gorriak oihu... gerra urrun batetik oihu... zatoz! Su ertzetik oihu... desertuko loreak oihu... bere hatsetik oihu... zatoz! MUNDUARI OIHU>>. Baina errealitate hartatik urrun gaude eta ez dugu entzuten, ez dugu ikusten, urrutikoak, ezezagunak dira, ez ditugu sentitzen. Munduari oihu egiten diote baina mundua gorra eta itsua da, ez du erantzuten! <<Zure eskuak nork erre ditu... zure oihuak nork ito ditu... eztarriak urratuz oihu... zatoz! Ur ertzetik oihu, itsas lami galduei oihu... zatoz! MUNDUARI OIHU>>. 

Bideoklipa ez bezala, lehenengo aldi hartatik sarritan entzun dut abestia. Klasean ere ikasleekin behin baino gehiagotan entzun dut, batzuk ikastera iritsi dira. Abestiarekiko erreflexioetan murgilduta ideia, irudikatze, ondorio... desberdinak, aberatsak eta baliagarriak atera dira. Bideoklipa ikusteko momentua iritsi da, ikasleak zerekin topatuko diren irrikaz daude. Argiak itzali ditugu, pantaila handia piztu dugu eta iritsi da itxaroten egon garen unea. Lehenengo unetik, abestiak irauten duen 7´15”-an zehar isiltasuna nagusitu da; malkoz betetako begiak, bateren bati masailetik behera erori zaio malkoren bat edo beste, egonezina, buru makurrak... Bideoklipa amaitu da eta oraindik isiltasuna da nagusi. Urduritasunak, ezerosotasunak... sorrarazitako barre txikiak sumatzen dira. Ez zen argiak pizteko momentua. Denok genuen bidaia urrun hartatik lur hartzeko denboratxo bat hartzeko beharra. Norbait animatu da esatera: “ze fuerte! Ez dago eskubiderik!”. Beste batek “ba bai!” esanez jarraitu dio eta poliki-poliki hitzak jartzen hasi gara ikusi dugun horrek gure gorputzean sorrarazi dituen sentimenduei.

Han bizi izan genuena oso magikoa izan zen, denok momentu berean urruneko errealitate bat gure azalean bizitzera iritsi ginen, enpatizatzea lortu genuen. Guregandik urrun zeuden herrialdeen, pertsonen... ondora garraiatzeko eta sentitzeko aukera izan genuen. Bidaia bortitza eta era berean aberatsa izan zen. Musika oinarritzat hartuta, irudiez lagunduta, edozein errealitate ezagutzeko eta edonolako gairen batekiko sentsibilizazioaren transmisiorako tresna baliagarria dela ziurtatzen du esperientzia honek. Niretzat esperimentu ezin hobea izan da! Probatu nahi?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide