Probiotikoak eta prebiotikoak

Erabiltzailearen aurpegia Intza Sudupe Mujika 2020ko urt. 4a, 09:30

Intza Sudupe Mujikak abenduko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Probiotikoak eta prebiotikoak'.

Ba al dakizu zer esan nahi duten? Eta nola ezberdintzen diren? Probiotiko deitzen zaie hesteetako florarentzako onuragarriak diren bakterioak bizirik mantentzen dituzten elikagaiei. Hemen sartzen dira jogurten, kefirren, choucrouten (aza hartzitua), misoaren eta picklesaren (barazki hartzituak) gisako hartzitutako elikagai guztiak.

Prebiotikoek, berriz, ez dute izaki bizidunik, baina gure hesteetan jada bizi diren bakterioen hazkundearen eta ongizatearen alde egiten dute. Batez ere inulina eta fruktoligosakaridoak (FOS) dira horiek, eta ia barazki eta fruitu guztietan aurkitzen ditugu: besteak beste, ligninan (zuntz disolbaezinetan) aberatsak diren elikagaietan, hala nola orburuetan, zainzurietan, porruetan, baratxurietan eta tipuletan.

Biak osasuntsuak eta onuragarriak dira, baina elikagaien industriak nomenklatura hau aprobetxatu du probiotiko eta prebiotiko izaera duten produktuak garestiago saltzeko. Kasu horietako bat da Danoneren Actimelaren iruzurra: promesa faltsuak egiten ditu bere hartzitutako esnearekin; izan ere, beste jogurt arrunten eragin bera du.

Hesteetako flora osasuntsuak digestioa hobetzen du; arinago egin eta gas arazoak murrizten ditu. Gainera, mantenugaiak hobeto xurgatzen ditu eta mikroorganismo toxikoen eta patogenoen aurkako babes-hesi dira. Hortik dator "zure defentsak hobetu" esaldia. Egia da, baina horri beste esaldi hau gehitu behar zaio: "Beste edozein jogurtek bezala eta prezio bikoitza ordainduta".

Probiotikoak eta prebiotikoak oso gomendagarriak dira, baina ez da beharrezkoa iragarki edo etiketa koloretsu bat jartzea. Egunero kontsumitzen ditugu funtzio horiek dituzten elikagaiak, eta orain publizitateak estalita dugun behar bat sortzen digu.

Nork ez zekien antibiotikoak hartu edo beherakoa izan ondoren, ona dela jogurtak jatea? Erremedio klasikoa eta eraginkorra da hori, eta hesteak birpopularizatzeko bakterioak besterik ez ditu ematen. Eragin berberak ditu miso zopa eta choucroutea hartzeak ere.

Marka komertzialek egiten duten publizitate mota hori, ordea, ez da batere etikoa; izan ere, markek kontsumitzaileari sinetsarazten diote produktu jakin batekin bakarrik lortuko duela eragin onuragarria eta osasungarria, eta ez da hala. Ez gaitzatela engaina!

Gure hestea osasuntsu mantentzeko gosaritarako edo askaritarako ideia bezala, honako errezeta hau uzten dizuet: jogurta platano eta txokolate beltzarekin.

Jogurta: lehen aipatu dugun bezala, probiotikoa da. Garrantzitsua da jogurtak probiotiko biziak edukitzea, hau da, naturala eta pasteurizatu gabea (bestela, bakterioek eta mikroorganismoek ez dute bizirik irauten) izatea. Zehaztasun gisa, ahuntz eta ardi esnea probiotikotan aberatsagoak dira behi esnea baino. Informazio hori guztia etiketan aurkitu daiteke.

Platanoa: dituen prebiotikoengatik, platanoak hesteetako bifidobakterien maila handitu dezake, eta horrek hesteetako floraren osaera hobetzen lagun diezaguke, batez ere, heldu gabe dauden, hau da, oraindik berdeak dauden platanoak hautatzen baditugu (almidoi erresistente gehiago dutelako).

Txokolatea: seguruenik, zenbaitek ez zekiten txokolatea kakao hartzitua dela, baina bat baino gehiago poztuko da zerrenda honetan sartu dugulako. Txokolateen artean, txokolate beltza (%80tik gorakoa) da probiotiko gehien dituena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide