Badatoz Andramaixek, herriko festak eta Azkoitia ilune

Erabiltzailearen aurpegia Iraitz Otaño Mugica 2015ko uzt. 21a, 16:31

Beste urte batez iristear da abuztua, han eta hemen festaz beteriko hilabetea izan ohi da Euskal Herrian eta gurean ere tokatzen dira. Denontzat ezagunak diren Andramaixek, festaz gozatzeko, edo nazkatzeko, bost egun izaten ditugu azkoitiarrok.

Askok uda sasoiko oporretan ingeniaritza planak egiten dituzte festak ez galtzeko, beste batzuk ordea, alderantziz herritik geroz eta urrutiago egon hobe. Neu, oraindik behintzat, lehenengotarikoa naiz, herrimina sortuko zidan egun horiek hemendik kanpo egoteak baina ez Andramaixeatik, herriko festengatik baizik.

Esango didazue baina herriko festak eta Andramaixek ez al dira ba gauza bera? Erantzuna, niretzat noski, ezetz da.

Alde batetik, Andramaixek dauzkagu, demokristauz beteriko herri batean bizi garela uste dut inork ez duela zalantzan jartzen ezta? Ba horretara noa, Andra Mariak ditugu herrian. Estatu laiko eta akonfesional batean bizi garela esan ohi da baina praxiak argi eta garbi erakusten digu hau ez dela horrela. Azkoitian egon den gobernu aldaketak beste behin demokristauz bete digu Udal Gobernua, honen ondoriotariko bat izango da ziurrenik berriro izango dugula Udal ordezkaritza ofiziala Andramaixetan. Traje eta soineko dotoreak armairutik atera eta mezetara joateko garaia izaten da hau bost egunez.

Bestalde, herriko festak ditugu, hauek dira herrimina sortuko zutenak nire barnean ez banintza herrian egongo. Hauek dira herriaren jaiak txoko ezberdinetan egoten diren jolas eta txapelketak, elkarteetan edo herriko plazetan ospatzen diren lagunarteko otorduak edo plazan egoten diren kontzertu eta parrandak. Denak kutsu erlijiosorik gabeak, trajea atera beharrean koadrilako kamiseta ateratzea eskatzen dutenak eta jendeari poza eta ilusioa ematen digutenak.

Eta azkenik Azkoitia iluna daukagu, bortxa, tortura eta erasoen Azkoitia. Pertsona naiz animalien aurkako iluntasuna, gogoratzen dudanaren arabera eraso sexistarik ez da egon herrian azken urteotan, nik jakindakorik behintzat, beste behin horrela pasatzea espero dut abuztua. Baina bestelako bortxa eta torturak gertatzen dira gurean urtea joan eta urtea etorri, hortxe dauzkagu idi probak eta animaliekin egiten diren beste ikuskizunak. Donostian zezenak berriro jartzearen aurka ziur nago Azkoitiar asko egongo dela eta zorionak horregatik baina, herrian ere baditugu animalia batzuk antzekoa pairatzen dutenak.

Hiru alderdietatik nik bigarrena ospatzea erabaki dut aurtengoan ere, lehenengoa errespetagarria iruditzen zait baita ere, estatu/eliza bereizketa eginda noski! Eta hirugarrena, zer esango dizuet ba... espero dudala datorren urtean lehenengo biak bakarrik izatea eta Azkoitia ilun hori betiko ezabatzea.

 

Ondo pentsatu zer aukeratzen duzuen!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide