Merezi al du B meningokokoaren aurkako txertoa (bexsero) jartzea?

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Rajado 2016ko uzt. 22a, 10:00
Argazkian, Itsaso Rajado azkoitiar pediatra.

Espainian B meningokokoaren aurkako lehen txertoaren erabilpena baimendu da. Txertoa ez da hain berria: 2013ko apirilean hasi ziren erabiltzen ospitaleetan (arrisku taldeentzat bideratuta). 2015eko urriaren 1etik aurrera, ordea, farmazietan dugu salgai. Txerto horrek meningokokoak eragindako gaixotasun meningokoziko erasotzailearen aurka babesten gaitu, sepsiaren edo/eta meningitisaren aurka, hain zuzen ere. Txertaketa 2 hilabete edo gehiago dituzten umeei zuzenduta dago, eta Europan dauden B motako meningokokoen %70-80tik babestu ahal gaitu.

 

B motako meningokokoa da ohikoena eta hilgarriena gure inguruan. C motako meningokokoa ere ohikoa izan zen, baina, txertaketari esker, gaur egun kontrolpean dago haren hedapena.

Gaixotasun ezohikoa den arren, oso larria da; izan ere, ondorio latzak sortu ahal ditu kasuen %20an (gortasuna…), eta heriotza eragin dezake %10ean (infekzioa izan duten 10 pertsonatik 1 hiltzen da).
Edozein adinetako pertsonak kutsatu ahal ditu, baina kasu gehienak ume txikietan eta nerabeetan agertzen dira.

Espainiako Pediatren Elkarteak B motako meningokokoaren aurkako txertoa hartzea gomendatzen du 2 hilabetetik gorako umeetan. Espainian, Osasun Sailak soilik kasu jakin batzuetan finantzatzen du txertaketa: immunitate sisteman arazoak dituzten umeetan, hain zuzen ere.

Edoskitze garaian txertaketa hasiz gero, egutegi hau proposatzen da: 3, 5, 6-7 hilabeterekin eta 13-15 hilabeterekin (4 dosi). Dosi bakoitzak 106,15 euro balio du. Lehen hilabetean txertaketa hasten duen bularreko ume baten txertaketa osoa (4 dosi) 424,60 euro kostatzen da.


Txerto horren efektu kaltegarriak beste edozein txertok eragin ahal dituztenen modukoak dira: ziztatze guneko mina edo gorritasuna, sukarra eta suminkortasuna.


Gaixotasuna hain larria bada, pediatria elkarteak zergatik ez du lortzen administrazio publikoa konbentzitzea txerto hori ohiko txertaketa egutegian finantzatu moduan sar dezan?

Erantzuna ez da erraza. Batetik, administrazio publikoek hartzen dute finantzatzeko erabakia alderdi asko aztertu ostean, nahiz eta askotan irizpide tekniko-zientifikoarekin bat ez etorri. Osasun agintariek beti kontuan hartzen dute kostuaren eta onuraren arteko erlazioa, aldekoa izan dadin. Gaixotasuna ohikoa ez bada eta/edo txertoa oso garestia bada, erlazio hori ez da aldekoa izango. Hala ere, kontuan har genezake infekzioa duten umeek eragiten duten kostu ekonomikoa ere (ospitalizazioa…).

Espainian eta Europan agertzen diren meningitis kasu gehienak, B meningokokoaren ondoriozkoak izan arren, maiztasun apalekoak dira. B meningokokoak eragindako infekzioak uhin epidemikoetan gertatzen dira, eta egia da azken 12 urteetan izan dugun tasa baxuenetakoa dela gaur egungoa. 2012 eta 2013 artean, meningokokoak eragindako 348 kasu izan ziren, eta horietako 193 kasutan isolatu egin zen B meningokokoa.

 

Txertoa gomendagarria al da hala eta guztiz ere?

Arazoa da ez dakigula zeintzuk diren gaixotasuna pairatu ahal duten 193 ume horiek; badakigu, ordea, ume horiek ondorio latzak edukiko dituztela.

Beraz, bere larritasunagatik, nahiz eta maiztasun txikikoa izan, txertoa hartzea gomendagarria da. Nik txertoa hartzea gomendatzen dut, baina iruditzen zait gurasook ondo informatuta egon behar duzuela, eta zeuen esku dago zer erabaki.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide