Benetako emakumeak

Erabiltzailearen aurpegia Ione Bastida 2016ko abu. 1a, 10:00

Gaur ere modaz hitz egingo dizuet. Baina oraingoan mugimendu bat dut idazgai. Duela pare bat urtetik, #droptheplus hashtaga behin baino gehiagotan ikusi dut sare sozialetan. Mugimendu horrek taila handiko modeloak eta taila “arrunteko” modeloak bereizteari aurka egiten dio. Guztiak dira modeloak, eta kito!


Izan ere, zein desberdintasun dago 36 neurriko modelo baten eta 40 edo 42 neurriko modelo baten artean? Kilo batzuk gorabeheran, besterik ez. Baina, zoritxarrez, moda munduan horrelako tendentzia asko daude. Geroz eta argalago, hobeto. Moda industriak, horrelako indarra izanik, adibide izan beharko luke gizartearentzat. Baina ez da hala.

Ni modazalea naiz. Niretzat adierazpide bat da, arte bat. Baina ez nator bat modak bultzatzen dituen alderdi askorekin. Eragin handia du, batez ere gaztetxoen artean. Gaixotasunak ekartzearen erantzule ere bada askotan. Modelo oso argalak ikusten dira aldizkarietan eta pasareletan, eta emakume “ideal” bat sortu da.

Sare sozialetan kritika asko ikusten dira, “gizena” bezalako iruzkin asko. Baina bestelakoak ere bai: “Eskeletoa dirudizu”, “Jan gehiago!”. Askotan pertsona argalak erraz kritikatzen dira, pertsona gizenak baino errazago. Modeloen inguruan askotan entzuten da: “Horiek ez dira benetako emakumeak!”. Zer dira, ba, jostailuzkoak? Gorpuzkerak eta gorpuzkerak daude, eta denak errespetatu behar dira. Egia da pasareletan ikusten ditugun emakumeek ez dutela gizartearen gehiengoa ordezkatzen, ezta gutxiagorik ere. Baina horrek ez du esan nahi ez direnik errealak.

Droptheplus mugimenduaren ideiarekin, ordea, normaltasun batera irits gintezke. Baina, horrek benetako eragina izan dezan, gailurretik hasi behar da lanean. Diseinatzaileek onartu behar dituzte gorpuzkera desberdinak pasareletan, eta gizarteko emakumeen benetako isla izan. Ea etorkizunean 36 neurriko modeloak eta 42 neurriko modeloak elkarren ondoan desfilatzen ikusten ditugun. Horrela desagertuko da “emakume ideala”. Benetako emakumea ez da argala, kurbaduna, gizena edo gihartsua. Benetako emakumea norberak nahi duena da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide