Nik bai, eta hik?

Erabiltzailearen aurpegia Ioritz Gonzalez Lertxundi 2023ko urt. 10a, 08:55
Zenbait neskato hitz egiten. (Pixabay)

Ioritz Gonzalezek abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Nik bai, eta hik?'.

Guraso izan eta semearekin hitz egiten hasi nintzen unetik galdetu izan diot neure buruari ea umeak zer adinekin hasten ote diren hika hitz egiten egiten beren artean. Sorionekuak gu, egun, gure herrian prozesu horrek bizi-bizirik eta naturaltasunez dirauelako; hitanoak arnasa hartzen duelako, oraindik ere.

Ezagun da hitanoaren egoera kaskartzen ari dela azken urteetan, eta, ziurrenik, euskararen erabileraren joerarekin loturarik izan dezake. Inguruko herri batzuetako jendearekin hitz egitean, konturatu izan naiz tokaren eta nokaren erabilera asko jaitsi dela azken hamarkadetan; jende heldua elkarrekin eta nirekin ere hika aritu izan da, baina haien seme-alabek hizkera modu hori galdua dute. Neure begiz ikusi ahal izan dut, beraz, gure belaunaldiko euskaldun askok galdu egin dutela aurrekoek zerabilten hizkera.

Jada, Gipuzkoan bertan ere, egoeraz jabeturik, hitanoaren erabileraren betiko erregistroak aldatzearen alde azaldu dira aditu batzuk: esaterako, semeak gurasoei hika hitz egitea egitea bultzatzearen alde dagoenik ere bada, erabilera desagertzearen zantzuak daudela argudiatuz, ohitura aldaketa ezinbestekoa dela iritziz. Egoeraren larritasuna kontuan izanik, ez da harritzekoa.

Konturatu naiz hitanoaren erabilera asko jaitsi dela azken hamarkadetan

Nik neuk, guraso moduan, toka eta noka egiten diet seme-alabei; hobe esanda, saiatu egiten naiz. Esan beharra dut, batzuetan buruko mina eman arren, kontzienteki eginiko hautua dela, hitanoaren kantua egunerokotasunean bizi dezaten egin dudan erabaki pertsonala dela.

Aitortzen dut izugarri pozten nauela gure mutil koskorraren inguruko umeen artean kantu hori entzuten hasteak. Batzuek naturaltasunez darabilte, adinez oso gaztetxoak izanagatik ere, beren jarioan erabiltzen hasiak direla. Bestalde, datozen belaunaldiek ere modu berean erabiliko ote duten galdetzen diot neure buruari, inguruko herri askotan hika galdu egin dela ikusi izan baitut, arestian aipatu bezala. Esaldi famatu hari jarraiki, askotan esan izan dugu dakigunok erabiltzen badugu ez dela galduko, baina bizitzen ari garen garaiotan, eta ditugun kontsumo ohiturak kontuan izanik, garrantzia eman beharrean gaudela uste dut, kalean betidanik ezagutu dugun hizkerak bizirik irautea bermatu nahi badugu behintzat.

Amaitzeko, aipatu nahi dut laster alabak ere semeak adina urte beteko dituela, eta noka erabiliko ote duen pentsatzean, nire zalantzak ditudala, ez baitut toka egoera berean sumatzen. Irulegiko baskoiek orain dela 2.100 urte zein hizkera modu ote zerabilten? Kantuak dioen moduan, geure arima hiltzen uzteko bezain odol galduak ez ote gara izango.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide